Jolasaren bitartez, txinpantze helduek tentsioak gutxitu eta kooperazioa indartzen dutela ondorioztatu dute biologoek. Portaera horiek, gainera, aise kutsatzen direla egiaztatu dute.
Galdera klasiko bat da: gainerako animalien aurrean, zerk egiten gaitu gizakiak gizaki? Hasiera batean gauza asko direla eman dezake, baina biologoek eta etologoek beren ikerketetan aurrera egiten duen heinean, argi dago gero eta gutxiago direla animaliekiko alde horiek.
Bereizten gaituen portaera horietako bat da helduaroan ere jolasteko joera mantentzen dugula, baina zientzialariek argitu dute txinpantze (Pan troglodytes) talde batzuetan bederen helduaroan jolasa oso zabalduta dagoela, eta, gainera, horrek arrazoi bat izan dezakeela. Duela gutxi kaleratu diren bi ikerketak hala nabarmendu dute.
Horietako lehena Current Biology aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluan jaso dute. Bertan azaldu dute txinpantzeek ―gizakiek bezala―, gaztaroan ez ezik, bizitza osoan zehar jolasteko ohitura mantentzen dutela, eta portaera hori bereziki agertzen dutela taldearen kolaborazioa eskatzen duten gertaeren aurretik, hala nola tximinoen bila ehizan abiatu baino lehen edota beste taldeetako txinpantzeetatik beren lurraldea babestu aurretik.
Tai basoan (Boli Kosta) bizi diren hiru txinpantze talde sei urtez —2012 eta 2018 urte tartean— egindako behaketan oinarritu dute ikerketa. Denbora horretan, hiru komunitatetako 57 helduren artean izandako 5.000 jolas saio inguru jaso dituzte ikertzaileek.
Ondorioztatu dute txinpantze heldu horien artean jolasa dezente zabalduta dagoela, eta, gainera, askotariko modutan gertatzen dela. Behatutako egunen %40 inguruan jolasak ikusi dituzte, bereziki janaria eskuragarri zegoenetan. Normalean biren arteko jolasak ziren arren, batzuetan heldu gehiago batzen ziren jokora. Gehienez bost txinpantze batera ikusi dituzte jolasean.
Helduek ―berdin arrek zein emeek― honako jarduerak egitera jolasten dute: borrokak, simulatutako koskak, zaplaztekoak, tiradizoak edota jazarpenak. Seriotan ez eta jolasean ari direla argi uzteko, txinpantze hauek jolas aurpegiak eta arnasestuka egindako bokalizazioak erabiltzen dituzte; horiek gizakien artean irribarreek eta barreek betetzen duten funtzioaren parekotzat jo dituzte. Hau garrantzitsua da, jolasean erakutsitako jarrera horietako asko direlako, hain zuzen, borrokan erabiltzen dituzten berdinak.
Egia da helduok ez dugula horrenbeste jolas egiten, baina, modu berean, jolas soziala gizakiei lotutako zerbait unibertsaltzat jotzen da. Ohar batean zientzialariek nabarmendu dute jolasak askotariko funtzioak dituela. Besteak beste, tolerantziaren garapena, kohesioa eta loturak mantentzea eta kooperazioa jarri dituzte horren adibidetzat.
Tentsio handiagoko uneetan ere helduek gehiago jotzen zuten jolastera. Hala, eme bat estaltzeko prest zegoen egunetan, emeek beste helduekin jolasteko aukera %50 handitzen zen. Zientzialariek diote hori izan daitekeela estresa eta tentsio soziala arintzeko modu bat.
Modu berean, helduen arteko bestelako liskarretan ere jolasa lagungarria delakoan daude ikertzaileek. Adibidez, elkarren arteko borroka izan duten helduek gehiago jolasten dute haien artean. Horren arrazoia izan daiteke tentsioa arintzeko eta arazoak konpontzeko tresna gisa balio duela jolasak.
“Erakutsi dugu jolas sozialak txinpantze helduetan portaera kolaboratiboak sustatu ditzakeela, elkarrekintza diadikoetatik hasita, hainbat norbanakoen arteko kolaborazioa eskatzen duten jarduera konplexu eta arriskutsuetara”, azaldu du Göttingengo Primate Zentroko (Alemania) ikerlari Liran Samunik.
Adituak ohartarazi du bertan ikertutako txinpantzeen portaera ez dela halabeharrez zertan gertatu beste populazioetan, txinpantzeen portaera askotarikoa baita, eta, taldearen arabera, estrategia desberdinak garatu ditzaketelako. Zentzu honetan, nabarmendu dute behatutako taldeak oso kohesionatuta daudela, eta uste dute bi faktoreak —taldean kohesio handia egotea eta helduen artean jolasa oso zabalduta egotea— lotuta daudela. Hori dela eta, ikertzaileek esku artean daukaten hipotesia da koherentzia eta kohesio handiagoa duten txinpantze populazioek helduaroan gehiago jolasten dutela.
Etorkizuneko lanetan alderatu nahi dituzte Tai basoko txinpantzeak eta beste zenbait taldetakoak, jokoari dagokionez bederen. Argitu nahi duten kontu bat da ea animaliek nahita erabiltzen ote duten jolasa parte hartzea sustatzeko.
Kopiatzen den portaera
Boli Kostan jolaserako behatu duten joera hori beste taldeetan ez dela zertan agertu esan duten arren, Plos ONE aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batean argi erakutsi dute Zambiako talde batean ere jolasak baduela garrantzi handia. Kasu honetan ere, txinpantzeen behaketan oinarritu dira egileak beren ondorioak ateratzeko. Zeregin horretan, ikertzaileek 200 ordu baino gehiago eman dituzte.
Ondorioztatu dute adin, maila eta sexua edozein direla ere, txinpantze guztiek berdin-berdin kutsatzen dizkietela batak besteari garbiketa sozialaren eta jokoaren portaerak. Portaerak kutsatzean, lotura sozialak indartzen dira, eta talde osoa modu sinkronizatu batean aritzeko bidea zabaltzen da ere. Gertuagoko harremanen kasuan, errazago kutsatzen diote elkarri. Gazteenen artean ere, aiseago kutsatzen dira, baina, kasu horretan, lotura sozialak ez du horrenbesteko garrantzirik izan.
Ondorioz, gauza bitxienetako bat da beren kideen portaera sozialaz jabetzen direla animalia hauek. Etologoek ikusi dute probableagoa dela jolasean edo garbiketa sozialean hastea aurretik gertuagoko harremana duten kideen artean portaera berdina ikusi duten kasuetan. Hori azaltzeko hainbat arrazoi egon daitezkeela azaldu dute: baliteke arreta gehiago jartzea inguruko kide horietan, eragin gehiago izatea edota inkluso haiekiko jeloskor azaltzea.
Bigarren ikerketa honi dagokionez, Zanna Clay psikologoak gaiak izan dezakeen zentzu ebolutiboa nabarmendu du. “Gizakien kasuan jakin badakigu esperientzia positiboak partekatzea —jolastea, barre egitea eta pixka bat maitatzea— garrantzitsua dela gure harreman sozialetarako zein gure ongizaterako”. Gauzak hala, “baliteke funtzio hauek ebolutiboki zaharrak izatea eta beste primateekin partekatu izana”, gaineratu du.
Erreferentzia bibliografikoak:
Samuni, Liran; Mielke, Alexander; Crockford, Catherine, Witting, Roman M. (2024). Social play fosters cooperation in wild adult chimpanzees. Current Biology., 34, 24, or. 5839-5845 DOI: 10.1016/j.cub.2024.10.058
Sandars, Georgia; Brooker, Jake S.; Clay, Zanna (2024). ChimpanSEE, ChimpanDO: Grooming and play contagion in chimpanzees. PLOS ONE. DOI: 10.1371/journal.pone.0312467
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.