Caterina Raffonek, lehen hitzetik, bere jatorriaren berri eman du: “Italiakoa naiz. Sizilian jaio nintzen, baina Boloniako Unibertsitatean egin nuen gradua”. Boloniako Unibertsitatea 1088an sortu da, eta Italia eta Europa osoko unibertsitate zaharrena da, Oxfordekoaren, Pariskoaren, Salamancakoaren eta Coimbrakoaren aurretik. Raffone kriminologia ikastera joan zen hara, baina, azaldu duenez, ez zitzaion uste zuen bezainbeste gustatu, eskubidearen eta soziologiaren ikuspegitik bideratuta baitzegoen, batez ere. “Seguru asko, filmak eta halakoak bultzatuta aukeratu nuen karrera, eta beste zerbait espero nuen, zientifikoagoa; ez hain letretakoa”, aitortu du.
Erasmus egitera Donostiara etorri zen, Zuzenbide fakultatera, kriminologiako karrerara. Hor ikasgai zientifikoak egiteko aukera izan zuen, eta, gainera, Pako Etxeberria Gabilondo ezagutu zuen. “Haren eskutik, antropologiaren munduan sartu nintzen. Espainiako Gerra Zibileko desobiratze batera eraman ninduen, eta mundu honetara gerturatu nintzen. Nolabait esateko, Lourdes Herrasti Erlogorri eta Pakorekin hazi naiz”.
Etxeberriaren aholkuari jarraituta, Italiara itzuli zenean, kriminologia bukatu eta biologiako graduondoko bat egiten hasi zen. Hura ere bukatu zuenean, antropologian eta teknologia forentsean sakondu nahi izan zuen, baina Italian ez zegoen horri buruzko masterrik. Hortaz, Bartzelonara joan zen, eta antropologia forentseko master bat egin zuen, aplikazio biomedikoekin. “Orduan sartu nintzen genetika forentsean, eta master amaierako lana ere arlo horretan egin nuen, Espainiako Gerra Zibileko biktimak identifikatzen. Hor jada argi neukan hau dela nire bidea. Auzitegiko genetikatik jo nuen, eta ikusi nuen betetzen nauela, gustuko dudala, eta hau egin nahi dudala”.
Pausoz pauso bidea egiten
Bartzelonako lankideekin ere gustura zegoenez, doktoretza han egiten ahalegindu zen, baina Italiako graduko kalifikazioa ez zen nahikoa beka bat eskatzeko, eta bekarik gabe ez zeukan geratzerik. “Orduan berriro jarri nintzen harremanetan Pakorekin, eta esan nion doktoretza egin nahi nuela, eta antropologia eta genetika elkartu nahiko nituzkeela. Erantzun zidan UPV/EHUn bazegoela auzitegiko genetikako laborategia, Gasteizen (BIOMICs), eta aukera eman zidaten lana egiteko, Aranzadi eta laborategiaren artean. Espainiako Gerra Zibileko hobietatik ateratako gorpuzkien laginekin aritu naiz lanean, inguruneko faktoreek (tenperatura, pHa…) DNAren kontserbazioan duten eragina aztertzen“, azaldu du Raffonik.
Lanean ari zela, doktore-kontratu bat lortu zuen, eta, hala, doktoretza bukatzea lortu du, eta orain laborategi berean jarraitzen du, UPV/EHUren kontratuarekin, doktorego-ondorengoko ikertzaile gisa.
Ez du ezkutatzen bere lanak baduela alderdi emozionala: “Espainia osoko hobietako laginak aztertzen ditugu, eta berdin zaigu nongoa den; identifikazio bat beti da lorpen bat. Senideekin harremana izaten dugunean, oso hunkigarria izaten da; bereziki, seme-alabak badira, baina baita urrutiagokoak badira ere. Euskal Herrian Aranzadirekin egiten dugu, eta Espainian beste elkarte batzuekin”.
Zailtasun handiena gorpuzkien egoera da; horregatik aukeratu zuen DNAren kontserbazioan eragiten duten faktoreak ikertzea tesian. “Askotan, oso degradatuta daude, eta zaila da DNA lortzea”. Hurbileko senideen laginak lortzea ere ez da beti erraza.
Finantziazioa ere muga nabarmena izaten da ikerketan, baina, alde horretatik, une hauetan badute erakunde publikoen babesa: EAEn Gogora institutuarena, eta Espainian, Memoria Demokratikoaren Legearen barruan.
Hiru lankide dira laborategian, hirurak emakumeak. “Nik uste dut kasualitatea dela hirurok emakumeak izatea. Egia da, filmetan eta halakoetan, kriminologoak gizonezkoak izaten direla, baina, gero, hor dugu Lourdes Herrasti, pikatxoiaz eta palaz beste edozeinen pare edo are gogorrago aritzen dena. Guretzat eredugarria da”, onartu du Caterina Raffonik.
Etorkizunean, lan horretan jarraitzea gustatuko litzaioke, baina badaki borondate politikoaren mendekoa dela. Bestalde, ez dauka Italiara itzultzeko asmorik. “Harreman ona dut hango laborategi batzuekin, baina familia daukat hemen, eta hemen geratu nahi dut”, berretsi du.
Fitxa biografikoa:
Caterina Raffone Sizilian jaio zen, 1992an. Kriminologian graduatu zen Alma Mater Studiorum Boloniako Unibertsitatean. Unibertsitate berean egin zuen Biologia Ebolutiboko graduondokoa, eta ondoren, Antropologia Biologikoa Aplikazio Biomedikoekin masterra, Bartzelonako Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. UPV/EHUn egin du doktoretza, Francisco Etxeberria Gabilondoren eta Marian Martínez de Pancorbo Gómezen zuzendaritzapean, Espainiako Gerra Zibileko hilobietako giza hezurren aztarnen ikerketa biomolekularreen eragiten duten faktore diagenetikoei buruz. Gaur egun, UPV/EHUko BIOMICs taldeko eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Antropologia Saileko ikertzailea da.
Egileaz:
Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.
Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.