Serotonina bizitzarako funtsezkoa den garuneko neurotransmisoreetako bat da. “Zoriontasunaren hormona” ere deitzen zaio eta gure emozioak, logura, gosea, mina eta erantzun sexuala kontrolatzen ditu. Horrez gain, ikasketa prozesuetan eta memorian ere esku hartzen du. Gizakion garunean serotonina dagoela deskubritu zuen lehen pertsona emakume bat izan zen: Betty Mack Twarog biokimikari estatubatuarra. Gaiarekiko interesa piztu zitzaion konferentzia batean; baina konferentzia horrek, printzipioz, ez zuen inolako zerikusirik gaiarekin. Izan ere, konferentzia moluskuei buruzkoa zen. Aurkikuntza horri esker, egun milioika pertsonek bizi hobea dute, antidepresiboek konposatu hori baitaramate.
Betty M. Twarog 1927ko abuztuaren 27an jaio zen New Yorken. Gaztetatik izan zuen zientziarekiko interesa eta, beraz, Swarthmore College unibertsitatean egin zuen matrikula matematikak ikasteko (1944 eta 1948 artean). Tufts Collegeen doktorego ondoko bat egiten ari zen bitartean, Kenneth Roeder zientzialariaren konferentzia bat entzun zuen, muskuluen neurologiari buruzkoa. Zehazki, muskuluen egoera jakin bati buruzkoa zen, «kaptura», zeinetan muskuluek uzkurtuta jarraitzen duten eszitazio aldi bat igaro ondoren ere. Horrek benetan harritu zuen eta 1949an Hardvarden eman zuen izena doktoregoa egiteko John Welsh biokimikariarekin. Welshek oraindik erabat ezezaguna zen serotoninari buruz ikertzen ari zen, printzipioz ornogabeen garunean.

Ikerketarekin hasteko, muskuiluen (Mytilus) kapturan esku hartzen duten neurotransmisoreak identifikatzen saiatu zen, Welshen ildoari jarraikiz, zeinak ikerketa bera egin zuen txirlekin. Kontuan izan behar da serotonina gisa ezaguna den substantzia hori existitzen zela jakin zen lehen aldia 1937. urtean izan zela, Vittorio Erspamer farmakologoari esker, baina ez zuten isolatzea eta, beraz, izendatzea lortu 1948ra arte. Egileak Maurice M. Rapport, Arda Green eta Irvine Page izan ziren, Cleveland Klinikakoak. Izan ere, garai horietan, neurotransmisoreen existentzia oso eztabaidagarria zen oraindik ere zientziaren munduan.
1951n, Bettyk muskuiluen muskuluak uzkurtzen zituen neurotransmisore bat identifikatu zuen, baina ez zuen muskuluak erlaxatzen zituena aurkitzen. Zerbait ihes egiten ari zitzaion. Orduan, Clevelandeko hiruren serotoninari buruzko artikuluak irakurri zituen, eta konturatu zen serotoninaren egitura moluskuen neurotransmisoreetan berak identifikatutakoa bezalakoa zela. Kontua zen serotonina hori ez zela neurotransmisore gisa deskribatzen, baizik eta hodi-hertsatzaile gisa. Urte berean, Erspamerrek ezagutarazi zuen enteramina (hark hala deitzen zion) olagarroaren listu-guruinetan ere bazegoela, eta animaliaren bihotza eszitatzen zuela.
Twarog eta Welshek planteatu zuten ea neurotransmisore hori ote zen falta zitzaiena. Eta azkar egiaztatu ahal izan zuten hala zela. Aurkikuntza handia zen, eta, beraz, gure ikertzaileak berehala idatzi zuen artikulu bat gaiari buruz 1952an. Tamalez, bidali zuten aldizkariak, Journal of Cellular and Comparative Physiologyk, ez zuen bi urte igaro eta gero arte irakurri eta argitaratu. Idatzi izan da ez zutela eskuizkribua irakurri emakumezko ikertzaile gazte batek bidali zuelako, eta ez zuten sinetsi aurkikuntza hain garrantzitsu baten egilea izango zenik.
1952. urtean, ezezagunak diren familia barruko arrazoiengatik, Betty Twarog Ohiora lekualdatu zen. Gerora kontatuko zuen bere etxe berriaren inguruan 80 kilometroko zirkulua marraztean egiaztatu zuela Cleveland Klinika ez zegoela oso urruti, eta leku aproposa iruditu zitzaion ikerketekin aurrera jarraitzeko. Konbentzituta zegoen ornogabeetan ikusten zituen neurotransmisoreak ornodunetan ere egon zitezkeela, eta, horregatik, proiektuarekin laguntzeko eskaera egin zion Irving Pageri. Zientzialariak berehala laga zizkion laborategi bat eta teknikari bat, baina ez zuen uste serotonina aurkituko zuenik bilatzen ari zen lekuan. Baina oker zebilen: oso landuta zuen teknika baten bidez, hormona aurkitu zuen, azkenean, ugaztunen garunean. Eta horrek, Irvingen hitzetan, atea ireki zion nabarmentzen hasia zen diziplina bateko ikerketari: neurokimika.

Depresiorako osabide bat
Deskubrimenduaren berri emateko artikulu zientifikoa 1953ko ekainean aurkeztu zen, eta hurrengo urteko urrian argitaratu zuten. Bettyk hormona ugaztunen garunean isolatzea lortu ondoren, neurotransmisore gisa potentzial handia zuela ezarri zuten, baita garunaren ekintzaren modulatzaile gisa ere. Eta, horren guztiaren ondorioz, 1978an, gaur egun ere erabilienak diren antidepresiboetako batzuk sortu ziren.
1954an, Twarogek Cleveland atzean utzi eta ornogabeekin ikerketak egiten jarraitu zuen Tuftsen, Harvarden eta, aurrerago, Stony Brooken. 1990ean Mainera lekualdatu zen, eta ikertzaile gisa hasi zen lanean Bigelow laborategian, Boothbay Harborren. Tematuta zegoen deskubritzearekin ea zer mekanismoren bidez lortzen zuten zenbait itsaskik itsasaldi gorriaren fitoplanktonaren neurotoxina indartsuei aurka egitea edo horiek saihestea. Aurrerago, Darling Itsas Zentroan aritu zen ikertzaile, eta bertan asteroko ikerketa mintegietan parte hartu zuen hil baino gutxira arte.
Ezagutu zutenek esaten dute irakurle handia zela eta zientziaren arlo guztiak, erlijioa, historia, bai eta hilketa misterioak ere maite zituela. Opera eta musika klasikoa ere gustatzen zitzaizkion. Gainera, kontserbazionista sutsua izan zen bizi osoan, Edgecomb hiriko Schmid erreserba naturalaren defendatzaile kartsua. Hegaztiak, uretako ugaztunak eta beste animalia basati batzuk behatzea ere gustuko zuen.
2013ko otsailaren 6an zendu zen, 85 urte zituela, Damariscottan (Maine). Bettyren aurkikuntzak pertsona asko zoriontsuago izan daitezela ahalbidetu du, baina atea ireki zuen ere gure gorputzaren eta garunaren funtzionamenduarekin hain harreman estua duen hormonaren oinarrizko beste funtzio asko deskubritzeko.
Ereferentzi bibliografikoak:
Whitaker-Azmitia, Patricia Mack (1999). The Discovery of Serotonin and its Role in Neuroscience, Neuropsychopharmacology, 21. DOI: 10.1016/S0893-133X(99)00031-7
Twarog, Betty M. (1988). Serotonin: History of a discovery. Comparative Biochemistry and Physiology Part C: Comparative Pharmacology, 91, 21-24. DOI: 10.1016/0742-8413(88)90163-6
Miller, John J. (2022, iraila). Serotonin: A Biography. Psychiatric Times.
Iturria:
Betty M. Twarog, Boothbay Register, 2013ko otsailaren 26a
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko azaroaren 26an: Betty M. Twarog y la hormona «de la felicidad».
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.