Planifikatu gabeko haurdunaldietan osasun-narriadura handiagoa da

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailea den Anna Barbusciaren azterlan batek ondorioztatu du erditu ondoren osasun orokorraren okerragotze nabarmenagoa izaten dutela emakumeek, haurdunaldia planifikatua izan ez den kasuetan. Ikerketak ekarpen handia egin dio literatura zientifikoari, ezohiko era batez heldu baitio gaiari. Erditu aurreko eta ondoko datuak aztertuta, emaitza biribilagoak lortu ditu atzera begira egindako ikerketek baino.

Azken hamarkadetan planifikatu gabeko haurdunaldien kopuruak behera egin badu ere, uste da mundu osoko haurdunaldien % 23 dela nahi gabekoa. Eta zenbakiak antzekoak dira sistema antisorgailuak oso erabiliak diren herrialdeetan. Hala frogatu du UPV/EHUren azterketak: Frantziako 11.500 ama baino gehiagoren datuak aztertuta, ikusi da % 20k ustekabeko haurdunaldia izan zutela. Baina ehunekoa ezagutzeaz gain, Anna Barbuscia Ikerbasque ikertzailearen helburua izan da aztertzea zer ondorio fisiko eta mental dituzten planifikatu gabeko haurdunaldiek emakumeengan: “Emaitzek erakutsi dutenez, erditu ondoren ama guztien osasuna okerrera egiten duen arren, narriadura askoz ere handiagoa da haurrik izateko asmorik ez zeukaten kasuetan”.

planifikatu gabeko
Irudia: planifikatu gabeko haurdunaldiak izan dituzten amen artean adinaren arabera aldatzen dira osasunaren gaineko eraginak. (Argazkia: RDNE Stock project – Pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Ikerketari esker ikusi ahal izan da planifikatu gabeko haurdunaldiak izan dituzten amen artean adinaren arabera aldatzen direla osasunaren gaineko eraginak. Emaitzek erakutsi dutenez, erditu ondoko lehen bi urteetan, 30 urtetik beherako emakumeek okertze bortitzagoa izaten dute zaharragoek baino. “Honela interpretatu dugu: gazteenentzat, beren egoera sentimentala eta lan-egoera hauskorragoak izaten direlako izan daitezke ezegonkortzaileagoak ezusteko haurdunaldiak: batzuk ikasten ari dira, beste batzuek ez dute lan egonkorrik… Dena den, ikusi dugu epe luzera errazago leheneratzen direla gazteak, 30 urtetik gorako ama berriak baino, hasieran osasun hobea baitute gazteek”, azaldu du Barbusciak, UPV/EHUko OPIK ikerketa-taldeko kideak.

Bestalde, planifikatu gabeko haurdunaldien barruan, nahi ez direnak eta nahi baino lehenago gertatzen direnak bereizten ditu azterketak. Barbusciak argitu du: “Ez da gauza bera haurrik eduki nahi ez izatea edo haur gehiago eduki nahi ez izatea eta etorkizunean edukitzeko asmoa izan eta lehenago geratzea haurdun”. Haren azterlanak bereizita aztertu ditu bi haurdunaldi-mota horiek, eta egiaztatu du gogoz kontrakoek eragin negatiboagoa dutela amen ongizatean.

Azkenik, azpimarratu behar da aipatutako datu guztiak osasun orokorrari buruzkoak direla, alderdi fisikoak eta psikologikoak barne hartuta. Nolanahi ere, osasun mentalaren gaineko ondorio espezifikoak ere aztertu ditu ikerketak. Emaitzak ustekabeko datuak atera ditu: “Gure hipotesiaz bestera, ikusi dugu erditu ondoren depresio-sintomak izateko arriskua ez dela handiagoa planifikatu gabeko haurdunaldiak izan dituzten emakumeen artean. Erditu aurretik, bai, ordea; joera handiagoa dute ondorio psikologikoak izateko, baina, erditu ondoren, sintomak ez zaizkie areagotzen nahita izandako haurdunaldiak dituzten amei baino areago”, azaldu du Barbusciak.

Luzetarako metodoa, emaitza biribilak lortzeko gakoa

Planifikatu gabeko haurdunaldien ondorioak aztertu zituzten hainbat lan bazeuden ere, UPV/EHUren ikerketaren ekarpena garrantzitsua izan da. Izan ere, emaitzak biribilagoak dira, analisia luzetara egin dutelako. Hau da, datuak denboran zehar bildu eta aztertu dituzte, eta ez soilik a posteriori, tradizionalki egin den moduan. “Gure ikerketan parte hartu duten emakumeek beren osasunari eta haurdun geratzeko zituzten asmoei buruzko galdetegiei erditu aurretik eta ondoren erantzun diete. Ondorioz, emaitzak hobeto egokitzen dira errealitatera. Erditu ondoren baino ez galdetzeak areagotu egiten du amek hasierako planak berrikusteko arriskua”, zehaztu du Barbusciak.

Halaber, egileak azpimarratu du luzetarako diseinuari esker ikusi ahal izan dela amen osasuna okertzeko erabakigarria den benetan haurdunaldia planifikatua izatea ala ez izatea beste faktore sozioekonomiko batzuk aparte utzita. “Aurreko azterlanetan ez zegoen modurik jakiteko ea beste faktore batzuk (hala nola familia- edo lan-egoera) ezberdinak ziren erditu aurretik eta ondoren. Beraz, ezin zen zehaztu benetan zeren ondorio ziren osasun-aldaketak”, azaldu du.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Erditu ondoko osasun-narriadura handiagoa dute planifikatu gabeko haurdunaldia izan duten emakumeek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Barbuscia, Anna; Pailhé, Ariane; Solaz, Anne (2024). Unplanned births and their effects on maternal Health: Findings from the Constances Cohort. Social Science & Medicine, 361. DOI: 10.1016/j.socscimed.2024.117350

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.