Marília Chaves Peixoto, sistema dinamikoetan aditua

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Egin zituen ikerketen balio eztabaidaezinaz gain, Marília Peixotok ausardiaz hautsi zuen emakumeak jakintza-arlo jakin batzuetan eta lan-jarduera jakin batzuetan aritzeko animoa kentzen zien diskurtso zital eta errotua. Diskurtsoa, normalean, genero atributu biologikoen artean zalantzarik gabeko harremana existitzen den ideian oinarritzen zen, non femeninoa etxeko lanak egitera eta lanbide gutxi batzuetara mugatzen den, oro har prestigio sozial eta ordainsari txikiagokoak. Ordura arte gizonezkoentzat bakarrik zen arlo batean erreferentziazko profesionala bihurtu zenez, Marília Peixoto matematikariak duintasun aurrekari bat ireki zuen Brasilgo emakume guztientzat, eta oraindik ere berdintasunaren aldeko borrokan jarraitzen baitute ikasketa formalen eta lanaren esparruan.

Aurreko hitzak Dorinha Seabra Rezende politikari eta Brasilgo unibertsitateko irakaslearenak dira. 2020an, bere herrialdeko Diputatuen Ganberaren II. eranskineko 13. osoko bilkurari Marília Chaves Peixoto izena emateko ebazpena aurkeztu zueneko hitzak.

Matematika ikasteko irrikan

Marília Chaves 1921eko otsailaren 24an jaio zen Sant’Ana do Livramenton, Hegoaldeko Rio Granderen (Brasil) hego mendebaldean dagoen hirian. Tullio de Saboia Chavesen (Rio de Janeiroko Medikuntza Kirurgikoko Fakultateko irakaslea) eta Zillah da Costa Magalhãesen hiru seme‑alabetatik zaharrena zen (Lucia 1924an jaio zen eta Livio 1926an).

Marília Chaves
1. irudia: Marília Chaves Peixotok, Ingeniaritza Eskola Nazionaleko Katedraduna, matematikako doktoregoa lortu zuen lehen emakume brasildarra izan zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Gurasoen laguntzari esker, Santana do Livramentoko ikastetxe batera joan ahal izan zen; izan ere, neskek ezin zuten modu ofizialean ikasi. Ikasle pribatua zenez, azterketak mutilekin egin ahal izan zituen.

Ondoren, gutxienez urtebete eman zuen Colégio Andrews-en, Isabella Robinson Andrews-ek 1918an sortua. Ikastetxe horretan neskato eta mutikoei hezkuntza laikoa eskaintzen zitzaien. Hori nahiko ezohikoa zen garai hartan Brasilen. Erakunde horrek maila guztietako 1.500 ikasle inguru zituen orduan; eta neskatoak zein mutikoak prestatzen zituzten Medikuntza, Zuzenbide eta Ingeniaritza eskoletan sartzeko.

Maríliak matematika ikasi nahi zuen eta Brasilgo Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola Nazionalean sartzeko prestatzen ari zen Rio de Janeiron; 1939an hirugarren postua lortu zuen izena ematea lortu zuten 73 ikasleen artean. Plaza lortzen zuten emakumeak ez ziren ikasle guztien % 7ra iristen; ez zen oso ohikoa garai hartako ingeniaritza eskoletan emakumezko ikasleak izatea.

Maurício Matos Peixoto eta Leopoldo Nachbinekin ikasgela berean egon zen eta hirurek matematika ikastaro aurreratuak egin zituzten, haien asmoa ez baitzen ingeniaritza ibilbide bat jarraitzea. 1943an, Marília Chaves ingeniaritza zibilean graduatu zen.

1946ko irailaren 6an, Marília eta Maurício Matos Peixoto Rio de Janeiron ezkondu ziren. Bi seme‑alaba izan zituzten, Marta (1949) eta Ricardo (1953).

Irakasten eta sistema dinamikoak ikertzen

Maríliak 1949an aurkeztu zuen bere tesia; matematikako doktorego baterako onartu zuten, eta Chaves Peixoto gai horretan doktoregoa lortu zuen lehen emakume brasildarra izan zen. Eta horri esker, Ingeniaritza Eskola Nazionaleko Katedra lortu zuen eta kalkulu diferentziala eta integrala irakatsi zuen bertan.

1951ko uztailaren 1ean, Brasilgo Zientzien Akademiako kide elkartua izendatu zuten, eta erakunde horretako kide aukeratu zuten lehen emakume brasildarra izan zen. Haren aurretik, Marie Curie atzerriko kide elkartua hautatu zuten 1926an.

1955ean Cálculo vetorial eskuliburua argitaratu zuen ingeniaritzako ikasleentzat. Marília hil eta hiru urtera, liburua berrargitaratu egin zen Maurício Peixotoren hitzaurre batekin, non, besteak beste, honako hau idatzi baitzuen:

Argia, metodikoa, objektiboa eta ondo egina, bere gaitasun didaktikoen eta irakaskuntzari eskainitako dedikazio eredugarriaren adierazgarri da.

Marília Chaves
2. irudia: Marília Peixoto eskolak ematen, 1952. XIII SNHM. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Maríliak eta bere senarrak elkarrekin lan egin zuten sistema dinamikoen egiturazko egonkortasunean; Maríliak funtsezko ekarpena egin zuen Peixotoren teorema frogatzeko, sistema estrukturalki egonkorren karakterizazioa ematen baitu barietate bidimentsionaletan. 1959an, Marília eta Maurício Peixotok Structural Stability in the plane with enlarged boundary conditions baterako artikulua argitaratu zuten. Hori izan zen gai horri buruzko hiru artikuluetako bat (beste biak Mauríciok bakarrik argitaratu zituen), eta gaur egun Peixotoren teorema bezala ezagutzen dena enuntziatzen lagundu zuten 1962an argitaratutako artikulu batean. Matematikariak honela zioen:

Aipatu nahi nuke egiturazko egonkortasunari buruzko lan hori, funtsean, jarraian aipatzen diren hainbat artikulutan gauzatu zela, eta horietako bat nire lehen emazte Maríliarekin lankidetzan egin zela, zeinak ez baitzuen abentura honen amaiera ikusi. Hala ere, haren eragina handia izan zen urrezko egun erabakigarri eta urrun haietan, 1957ko udazkenean Princetonen.

Hil osteko ohoreak

Marília Chaves Peixoto 1961eko urtarrilaren 5ean hil zen bihotzeko arazoen ondorioz. Urte horretan bertan, Maria Laura Mozinho matematika hezkuntzako adituak hitzaldi bat eman zuen Brasilgo Zientzien Akademian, eta honako hau esan zuen:

Begi handi eta adierazkorrak zituen neska lasai hura ikustean, norbaitek xuxurlatu behar izan zigun Ingeniaritza Eskola Nazionaleko Kalkulu eta Mekanika irakasle ospetsua zela, kementsua, eta, aldi berean, eskuzabala, eta, gainera, adimen zorrotza zuela, ikerketa matematikoan murgiltzen zena.

Sant’Ana do Livramento bere jaioterriko kale batek Rua Marília Chaves Peixoto izena du.

1971n Maurício Peixotok Escuela Municipal Marília Chaves Peixoto Udal Eskola sortzen lagundu zuen Controes de Petrópolis eskualdean. Maríliaren aitak lursail bat laga zuen ikastetxea sortzeko landa-eskualde horretan. Ekimena txalotua izan zen, bertako herritar asko analfabetoak zirelako eta gertuen zegoen eskola hamar kilometrora zegoelako. Ia 40 urtez, hirurehun ikasle baino gehiago joan ziren lehen hezkuntzako eskolara. 1969an, Maurício Peixotok Bunge Fundazioaren Prêmio Moinho Santista jaso zuen, bere izena daraman eta Maríliari hainbeste zor zion teoremagatik. Peixotok sariaren dirua erabili zuen eskola hori finantzatzeko.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025ko martxoaren 5ean: Marília Chaves Peixoto, especialista en sistemas dinámicos.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.