Asteon zientzia begi-bistan #532

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

planifikatu
Irudia: Pavel Danilyuk – Iturria: Pexels

Osasuna

UPV/EHUko ikerketa batek frogatu du planifikatu gabeko haurdunaldiek ama baten osasun orokorrean eragin negatibo handiagoa dutela, batez ere 30 urtetik beherakoetan. Depresio-arriskua erditu aurretik handiagoa dela planifikatu gabeko haurdunaldiak izan dituzten emakumeen artean ere ikusi da emaitzetan, baina ez da alde nabarmenik ikusi erditu ondoko osasun mentalean. Luzetarako azterketak alderdi fisikoak eta psikologikoak barne hartu ditu eta planifikatu gabeko haurdunaldien barruan, nahi ez direnak eta nahi baino lehenago gertatzen direnak bereizten ditu. Datuak Zientzia Kaieran.

Kimika

Josu Lopez-Gazpio, Kimikan doktorea, zientziaren rola auzitegietan berrikustera bultzatu zen kasuari buruz idatzi du Zientzia Kaieran: Lafarge kasua. 1840ko urtarrilean, Charles Lafarge hil zen eta bere emaztea, Marie Lafarge, artsenikoz pozoitzea leporatu zioten. Defentzako abokatuak Parisko Mateu Orfila zientzialari ospetsuaren lanetara jo zuen. Lafargeren epaiketan gertatutakoa baliagarria izan zen garai hartako prozedura toxikologikoak berrikusteko. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Astrofisika

Zulo beltz supermasiboek isurtzen duten erradiazio ultramoreak ez duela zertan bizia suntsitu ondorioztatu dute. Alderantziz, baldintza jakin batzuetan —planetaren atmosferan oxigenoa badago, bereziki— erradiazio horrek ozono geruza sortzea eta loditzea eragin dezake, eta horrek bizia babestu eta garatzeko aukera eman dezake. Hau ordenagailuz egindako simulazioetan oinarritzen da, eta erakutsi dute, nahiz eta erradiazioa hasiera batean arriskutsua izan, planeta bat nahikoa oxigenatua badago, ozonoa bizkor sortzen dela eta erradiazio kaltegarri gehiago islatzen laguntzen duela. Horrela, erradiazioa ez ezik, bere eragin positiboa ere kontuan hartu behar dela nabarmendu dute ikertzaileek. Informazioa Zientzia Kaieran.

Energia

Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) azken txostenaren arabera, iaz 610 milioi tona metano isuri ziren atmosferara, baina isurien % 70 inguru saihestu daiteke teknologia erabiliz eta kosturik gabe. Metanoa klima-aldaketaren eragile handi bat da baina biltegiratzeko eta erabili ahal izateko egungo teknologiari erreparatuz gero, etekina lor daiteke. IEAk Norvegiako eredua jarri du adibide; herrialde hori 1971n hasi zen metano isuriak apaltzeko neurriekin eta 2015etik, isunak ezartzen ditu metanoa erretzeagatik. Herrialde horren eredua jarraituz gero, metano isurien % 90 murriztu daiteke. Datu guztiak Berria egunkarian.

Biologia

UPV/EHUko ikertzaileek frogatu dute gizakien hortz-mamiko zelula amak neuronen antzeko zelula kitzikakor bihur daitezkeela. Zelula hauek GABA neurotransmisorea ekoizten dute eta jarduera elektrikoa dute, gene-eraldaketarik gabe. Aurkikuntzak patologia neurodegeneratiboak ikertu eta tratatzeko bide berriak irekitzen ditu, galdutako neuronak ordezkatzeko eta garuneko zirkuituak birsortzeko aukera emanez. Zelulek ez dute tumorerik sortzen, eta hurrengo pausoa animalia bizietan transplantatzea izango da, garuneko zirkuituetan integratzen diren ebazteko. Ikerketa Stem Cell Research & Therapy aldizkarian argitaratu. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Ingurumena

UPV/EHUko Ekopol ikerketa-taldeak Amalur EIS sistema aurkeztu du, Europako industria-inpaktua ebaluatzeko tresna berritzailea. 2007-2022ko 31.388 industria-instalaziotako datuak biltzen ditu, lurzorura, airera eta uretara egindako isuriei buruz. 78 kutsatzaile eta bizi-zikloaren inpaktuak ebaluatzeko 31 metodo kontuan hartzen ditu ere. Emaitzen arabera, klima-aldaketa da Europako inpaktu osoari ekarpen handiena egiten diona (% 68,6), eta energia-sektorea da inpakturik handiena sortzen duen industria-jarduera (% 59,5), batez ere Alemanian. Euskal Herrian, Petronor da nagusiki eragile kutsatzailea. Sistema hau erabilgarria da ingurumen-politikak diseinatzeko eta iraunkortasunerako trantsizioa neurtzeko. Datuak Elhuyar aldizkarian.

Matematika

1943an, ingeniaritza eskoletan emakumezko ikasleak izatea oso ohikoa ez zen garaian, Marília Chaves Peixoto ingeniaritza zibilean graduatu zen. Brasilgo lehen emakumea izan zen matematikako doktoregoa lortzen 1949an. Bere tesiari esker, Ingeniaritza Eskola Nazionaleko Katedra lortu zuen ere. Bere ekarpenik garrantzitsuenetakoa sistema dinamikoen egonkortasunari buruzkoa izan zen, senarrarekin batera Peixotoren teorema garatuz. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.