Izotz-algak organismo zelulabakar txikiak dira. Luzeak, eliptikoak eta marroiak dira. Aurrera egin dute mundu osoko gainazal izoztuetan: Groenlandiako izotz-geruzan, Alpeetan, eta Himalaiako edo Alaskako glaziarretan aurki ditzakegu. Egun arte, basamortu izoztuetan haien hedapena mugatua zela pentsatzen zen, baina, orain, Max Planck Institutuko ikertzaileek izotz-algak pentsa baino jasankorragoak direla aurkitu dute. Etorkizunean mikrobio-komunitateen inguruan jasotako datuak eredu klimatikoetan sartuko dira izotz-urtzeek klima globalean izan dezaketen eraginaren iragarpen zehatzagoak egiteko.
Klima-aldaketa dela eta, geroz eta lehenago heltzen dira urtero udaberriko lehen bero-egunak. Eguzkiaren indarrarekin, landare eta loreen hazkuntza gailendu egiten zaie gaineko elur eta izotzei, eta, horrek, bizkortu egiten du haien desagerpena. Efektu berbera du Groenlandia iluntzen duen pigmentazio iluneko glaziarreko izotz-algak (Ancylonema spp.). Ikertzaileek bazekiten espezie honen loraldiak izotz-gainazalaren albedoa (eguzkia islatzeko gaitasuna) murrizten duela, baina uste zen algek ahalmen mugatua zutela izotza kolonizatzeko; izan ere, glaziar baten gainazalak, arretaz begiratu gabe, mantenugai gabeko basamortu izoztu bat dirudi. Baina, berriki Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek frogatzen duenez, mantenugaien xurgapena optimiza dezaketela glaziarretako izotz-algek. Egokitzapen-estrategia hori bereziki garrantzitsua izan daiteke; izan ere, klima-aldaketak handitu egin du urtutako elur eremuen zabalera Groenlandian, eta algen hedapena susta dezake horrek.

Izotz-alga klimaren giltzarri
Groenlandia lurreko itsas mailaren orekatzaile nagusienetarikoa dugu. Bertako izotz-geruza, 1.7 milioi kilometro koadroko hedadurarekin, munduko bigarren izotz-masa handiena da, Antartikaren ondoren. Klimaren beroketaren ondorioz gertatzen den elur-urtzeak eragin zuzena du itsas korronteen aldakuntzan eta lurreko dinamika klimatikoan. Baina, horrez gain, elurren urketak handitu egiten du izotz-eremu berrien hedapena eta algen habitat-eremua. Artikuluaren lehen egile Laura Halbach-ek dioenez, “urtero izotz berria azaltzen da Groenlandian, elurra gero eta lehenago urtzen baita. Lehen elur-geruza lodia zegoen urte osoan, baina orain eguzkitan geratzen dira izotz-eremu berri handiak”.
Fenomeno honek efektu sinergikoa izan dezake: elurren urtzeak bizkortu egin lezake izotza iluntzea eta, horrek, aldi berean, elurren urtzea azkartu. Hala ere, egun arte, ez dira izan oso ezagunak udaberri eta udako elur-urtzetako algen loraldietan eragiten duten faktoreak. Horregatik, algen kolonizazio- eta hedapen-prozesuak arautzen dituzten mekanismoak argitzea ezinbestekoa da aurreikusi ahal izateko norainokoa izango den Groenlandiako urtzea eta klima globalean izango duen eragina.
Normalean, glaziarretako izotz-eremuak ingurune oligotrofikoak izan ohi dira. Bertan izaki bizidun begetalek aukera gutxi dute nitrogenoa eta fosforoa bezalako funtsezko elikagaiak aurkitzeko. Hori dela eta, duela ez urte asko, Groenlandiako izotz-geruza basamortu izoztu bizigabea zela uste zen. Baina pixkanaka aldatu egin da uste hori, Aarhus Unibertsitateko eta Alemaniako GFZ Helmholtz Geozientzien Zentroko lehen ikertzaileak 2020an iritsi zirenetik. Orain badakigu, algez gain, glaziarretako gainazal izoztuetako mikrobio-komunitateak beste hainbat izaki bizidunez osatuta daudela, hala nola onddoak, bakterioak eta arkeak. Horrek, ordea, zaildu egin du algen mekanismoak soilik ikertu nahi zituzten ikertzaileen lana; izan ere, zientzialariek, belztutako izotz-laginak karrakatu eta mikroskopioan petri-plakak behatzen dituztenean, milioika izaki bizidunez osaturiko ekosistema aberatsak aurkitzen dituzte.

Isolatutako algak ikertzeko iruzurra
Ikertzaileek algak isolatzea ezinezkoa zela aurkitu zuten eta iruzur-teknika bat garatu zuten haien mekanismoa aztertzeko: markatutako mantenugaiak erabiltzea ekosistema osoa elikatzeko. Halbach-ek dionez, “Esan liteke eman genien elikagaia nolabait etiketatu genuela. Horrek aukera eman zigun ikusteko nork zer jaten zuen. Ioi sekundarioen masa-espektrometria izeneko teknika oso zehatz batekin konbinatuta, izotz-algen banakako zelulen mantenugaien xurgapena neurtu ahal izan genuen”. Jasotako datuek erakutsi zuten izotz-algek modu eraginkorrean kontsumitzen zituztela eskura zituzten mantenugai kopuru txikiak, eta batzuk gordeta ere bazituztela, aurretik ikertzaileentzat guztiz ezezaguna zen ezaugarria.
Izotzean aurki daitezkeen mantenugaiak gutxi diren arren, ikerketa batzuek iradokitzen dute higaduraren ondorioz arrokak hauts mineral bihurtzen direnean, hauts hori izotzean zehar sakabanatzen dela eta algentzat eskuragarri geratzen dela. Artikuluaren lehen egilearen hitzetan, “algak oso eraginkorrak dira izotzeko mantenugai mugatuak aurkitu eta xurgatzeko. Gainera, fosforoa metatzeko gaitasuna dutela ere aurkitu dugu, eta hori funtsezkoa da haien metabolismoaren funtzionamendua ulertzeko”.
Algen kolonizazioa eta klima-aldaketa
Gaur egun, Lurreko eredu klimatiko gehienek ez dituzte mikrobio-komunitateak kontuan edukitzen. “Algen nutrizio-premiak ezagutzea lagundu diezaguke hobeto iragartzen Groenlandiako izotz-geruza urtzeko izango duten eginkizuna”, dio Halbach-ek. Elikagaiak gordetzeko gaitasuna dutenez, izotz-algek mantenugai kantitate oso mugatuak dituzten izotz-gainazalak kolonizatzeko gaitasuna garatu dute; beraz, izotzaren iluntzea uste baino eremu zabalagoetara heda liteke.

Urtero izotz berria azaleratzen da Groenlandian, elurra gero eta lehenago urtzen delako. Lehen, elur-geruza lodi bat izaten zen urte osoan zehar, baina orain, izotz-eremu berri handiak eguzkitan geratzen dira, eta, horrek, are gehiago susta dezake algen kolonizazioa. Aurkikuntza berri hauek eredu klimatikoetan sartuko dira, eta horri esker, datozen urteetako izotz-urtzeek klima globalean izan dezaketen eraginaren iragarpenak zehatzagoak izatea espero da.
Erreferentzia bibliografikoa:
Halbach, Laura; Kitzinger, Katharina; Hansen, Martin; Littmann, Sten; Benning, Liane G.; Bradley, James A.; Whitehouse, Martin J.; Olofsson, Malin; Mourot, Rey; Tranter, Martyn; Kuypers, Marcel M. M.; Ellegaard-Jensen, Lea; Anesio, Alexandre M. (2025). Single-cell imaging reveals efficient nutrient uptake and growth of microalgae darkening the Greenland Ice Sheet. Nature Communications, 16, 1-14. DOI: 10.1038/s41467-025-56664-6
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.