Nahikoa da amianto edo asbesto hitzak esatearekin askori —batez ere etxeberritze programetan agertzen diren etxejabeei— oilo-ipurdia jartzeko. Zuntz mineral hori Antzinarotik erabili izan da. Propietate oso ezagunak ditu; batzuk oso erabilgarriak dira, eta horregatik erabili izan da hainbeste, baina beste batzuk oso kaltegarriak dira. Hala ere, 2005. urtera arte Europar Batasunak ez zuen material horren erabilera guztiz debekatu —estatu kide batzuk askoz lehenago hasi ziren debekua ezartzen—. Baina, zer da benetan amiantoa? Zertarako erabili da historian zehar? Zergatik da hain garrantzitsua? Hasteko, osasunean dituen ondorio kaltegarriak aztertzen hasi ziren arte, etorkizuneko materiala zen, guztiaren aurkako erresistentzia zuen mirarizko konposatua, ia kasu guztietarako aplikazioak zituena.

Amiantoa sei mineral haritsuren taldea da. Jatorri metamorfikoa dute eta silikatoz osatzen dira —zehazki, naturan ugarien direnak—: grunerita (edo amosita, barietate haritsurako), krisotiloa, riebeckita (krozidolita), tremolita, bisolita (aktinolita) eta antofilita. Bi ezaugarrik eragiten dute mineralak hainbeste propietate izatea eta hain moldakorra izatea: alde batetik, haren konbinazioak; eta, bestetik, zuntz luze, malgu eta erresistentez osatuta egoteak. Erresistentea da suaren aurka, propietate isolatzaile elektriko zein termiko bikainak ditu, iraunkortasun luzekoa da, erresistentzia kimiko eta mekanikoa ere badu eta, batez ere, oso ugaria eta merkea da. Gainera, arina denez eta zuntzen forma duenez, erraz manipula daiteke; baina horixe da, hain zuzen ere, osasunerako arrisku bihurtzen duena.

Amianto zuntz mikroskopiko horiek material horrekin lan egiten ari den edozein ingurunetan egon daitezke, airean, eta horiek inhalatzeak patologia larriak eragin ditzake. Zuntzak biriketan geratzen dira denbora luzez, gorputzak ezin dituelako erraz baztertu; eta, epe luzera, hantura eta kalte zelularra eragiten dituzte. Ondorioz, gaixotasunak agertzen dira: astestosia, biriketako fibrosia eragiten duena; edo minbizia mota jakin batzuk, hala nola biriketakoa edo mesotelioma, pleurari edo peritoneoari eragiten diona.
Amiantoarekin lan egiten zuten pertsonak gaixotzen zirela argi zegoen ia erabiltzen hasi zenetik. Plinio Zaharraren testigantzak ere badaude jasota, zeinetan amiantoa eskuarki manipulatzen zuten gatibuek biriketako gaitzak zituztela adierazten zen. Horrez gain, 1899an, Londresen dokumentatu zen klinikoki 33 urteko amianto langile baten biriketako fibrosiaren lehen kasua, zuntzen inhalazioaren ondoriozkoa. 1930 aldera, amianto lanak erregulatzen hasi ziren, oso arriskutsua zelako; horregatik da, hain zuzen ere, hain harrigarria duela gutxira arte benetako neurriak hartu ez izana. Eta ez hori bakarrik: amiantoaren industriaren hedapen handiena eta eromen komertziala 1940ko hamarkadan hasi eta maila gorenera iritsi zen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, informazio horren berri bazutenean jada.
Zientziaren historian ohikoa izan da deskubrimendu edo aurrerapen teknologiko berri bat agertzean, gure arazo guztiak konponduko zituen Grial Santu edo sorgin-harritzat hartzea. Horixe bera gertatu zen elektrizitatearekin, erradioaktibitatearekin —gogoan izan eguneroko erabilerako produktu askok bazeukatela radioa, baita hortzetako pastak ere—, eta orain ere gauza bera gerta liteke adimen artifizialarekin. Amiantoarekin ere gauza bera gertatu zen, baina aldea da goiena jo zuenean bazutela material hura erabiltzeak zituen arriskuen berri.
Amiantoaren aplikazio gehienak oso ezagunak dira. Eraikuntzan, isolamendu eta estalgarri gisa erabili da, baita zoruen iraunkortasuna eta erresistentzia hobetzeko ere. Automobilgintzan, ohiko materiala zen freno pastilletan eta enbrageetan. Baina, zalantzarik gabe, erabilera beldurgarriena ehungintzakoa izan zen, suaren aurkako jantziak egiteko erabili baitzen. Etxetresna elektrikoetan ere erabili zen, batez ere beroa sortzen dutenetan (berogailuak, labeak, lehorgailuak…). Eta datu oso ezaguna ez den arren, denbora luzez, eguneroko objektuetan erabiltzea indar handiz sustatu zen. Horren adibide garbia da 1942ko dokumentu hau:
Gortinak, zorroak, mahai oihalak, mantak, sukaldeko eskularruak, poltsak, sokak… norberak horiek guztiak lantzeko ere ehuna miragarria zela iragartzen zen. Produktu horiek guztiak normaltasun osoz saltzen ziren. Adibidez, Gabonetako zaleentzat, amiantoz eginiko elur artifiziala ere saltzen zen, zuhaitzak eta jaiotzak dekoratzeko.
Badirudi elur mota hori ere bota zietela Dorothyri, txorimaloari eta lehoiari Ozerako bidean.

Galdera bat planteatu behar dugu historiak antzeko egoeren aurrean jartzen gaituenean: zein da gure lehentasuna? Onura ekonomikoa edo gizakion onura? Radioarekin eta horren ondorioekin ez bezala, amiantoaren erabilera ez zen ezjakintasunetik sustatu.
Erreferentzia bibliografikoak:
- Kin, Daniel (2024). History of asbestos. Asbestos.com. 2024ko uztailaren 12a.
- Rare Historial Photos (data gabe). Vintage photos show how asbestos products were once marketed, 1930s-1970s. Rare Historial Photos.
- Tweedale, Geoffrey (2000). Magic mineral to killer dust. Oxford University Press.
Egileaz:
Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko ekainaren 27an: El software humano del Proyecto Manhattan.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.