Ariketa fisikoa egitea osasungarria dela esaten digute behin eta berriro. Fisikoa bakarrik ez, buruari eragitea ere onuragarria da. Nagiak atera eta aurten ere, hamar urte betetzen dituen ohiturarekin jarraituz, udako oporretan egiteko ostiralero matematika-ariketa bat izango duzue. Javier Duoandikoetxea matematikariak guztira sei ariketa aukeratu ditu Zientzia Kaieran argitaratzeko.
Hona hemen gure lehenengo ariketa:
Ane eta beste bederatzi lagun mahai baten bueltan jarrita daude. Bakoitzak zenbaki bat pentsatu du eta alboko lagun biei isilean esan die. Ondoren, bakoitzak boz goraz esan du bere alboko bien zenbakien batezbestekoa. Ane hasi da eta 10 esan du. Haren ezkerrekoak 9 esan du eta, ezkerrerantz jarraituz, hurrengoak 8, gero 7, eta horrela, beti bat gutxiago, Aneren eskuineko lagunak 1 esan duen arte. Zein da Anek pentsatu duen zenbakia?
Zein da erantzuna? Idatzi emaitza iruzkinen atalean (artikuluaren behealdean daukazu) eta, nahi izanez gero, zehaztu jarraitu duzun ebazpidea ere. Irailean emaitza zuzenaren berri emango dizugu.

Ariketak “Calendrier Mathématique 2025” egutegitik hartuta daude. Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzean ariketa bat proposatzen du egutegiak. Ostiralero CNRS blogeko Défis du Calendrier Mathématique atalean aste horretako ariketa bat aurki daiteke.