Ig nobel sariak: saguzar mozkorrak eta oinetako kirasdunak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Ig Nobel sariek, lehenengo, barrea eragiten duten eta ondoren pentsarazten duten ikerketak saritzen dituzte ezagutza arlo ugaritan. Sariak Boston-en banatu ziren irailaren 18an. Helburua jendartean zientziarekiko interesa piztu eta ikerketa gerturatzea da. Orain arte, sarituek 10 trilioi dolarreko txekea jasotzen zuten, baina Zinbaweko dolarrak zirenez, non inflazioa oso handia zen, sariak euro bat baino gutxiago balio zuen. Aurten, ordea, diru-sariaren ordez, irabazleek paper-zapi bat jaso dute. Behean aurtengo lan sarituak aipatzen dira arlo bakoitzeko.

Behiak marra zuri-beltzez margotzen badira eta zebren itxura eman, murriztu egingo da jasotzen duten euli-ziztaden kopurua. Lan honek jaso du biologiako saria. Ikertzaileek hiru behi multzo aztertu zituzten: behi arruntak, marra beltzez margotutakoak eta marra zuri-beltzez margoturikoak. Azken hauek zebra itxura zeukaten. Euliek behi mota bakoitza zenbat aldiz ziztatzen zuten aztertu eta gero, marra zuri-beltzak zituzten behiek, behi arruntek baino ziztada gutxiago zutela ikusi zuten. Horrela, marra zuri-beltzak margotzea eulien ziztadak ekiditeko metodo eraginkorra dela egiaztatu dute. Metodo honek pestiziden erabilera ordezkatu dezake, ondorio onuragarria abereentzat eta ingurugirorako.

marra zuri
1. irudia: behiak marra zuri-beltzez margotzen badira eta zebren itxura eman, murriztu egingo da jasotzen duten euli-ziztaden kopurua. (Iturria: Kojima, Tomoki; et. al (2019))

Pasta gazta- eta piperbeltz-saltsarekin jatea ohikoa da Italian, baina saltsa hau lortzea ez da batere erreza! Hain zuzen ere, fisikako saria saltsa honen fase-portaera aztertu duten zientzialarientzat izan da. Ikerketa horretan, saltsa egiteko, gazta-, ur- eta almidoi-proportzio ugari erabili dituzte eta zenbait tenperaturatan prestatu dute. Pasta egostean, almidoia pastatik ur-fasera pasatzen da. Haren kontzentrazioa txikia denean (% 1 azpitik) pikorrak osatzen dira eta saltsaren testura ez da egokia. Horregatik, komeni da almidoi kontzentrazioa % 1-3 artean mantentzea. Osagaien proportzio eta tenperatura egokiak zeintzuk diren jakitea ez da erraza; horregatik, zientzialariek gazta- eta piperbeltz-saltsa perfektua egiteko errezeta proposatu dute.

Ezaguna da tefloia material inertea dela. Hori aintzat hartuta zientzialari talde batek material horixe proposatu du elikagai-gehigarri bezala asetasuna areagotzeko, ez baitu kaloriarik. Hori izan da kimikako saria jaso duen lana. Horretarako, Dupont etxeak 60ko hamarkadan egindako lan batean oinarritu dira, non saguei tefloiarekin nahastutako janaria ematen zieten (% 25 tefloia) 90 egunez. Saguek ez zuten azaldu erantzun toxikorik eta pisua galdu zuten. Taldeak ideia patentatu bazuen ere, Elikagai eta Sendagaien Administrazio estatubatuarrak (FDA) ez du tefloia elikagai gehigarri bezala onartzeko asmorik.

Ezaguna da, oinetakoen kiratsa ekiditeko, haiek ondo aireztatu eta garbitu behar direla. Oinetakoak ez badira ondo aireztatzen bakterio ugari hazten dira bertan. Bakterioek larruazaleko zelula hilak eta izerdia kontsumitzen dituzte eta sufre-konposatuak ekoizten dituzte, oinetakoei kirats bereizgarria ematen dietenak. Zapatilak ondo aireztatu gabe oinetako-altzarian gordetzen badira, altzari hori erabiltzea ez da oso atsegina izango. Hori dela eta, ikertzaile talde batek oinetakoen altzarien diseinua hobetzea proposatzen du argi ultramore-lanpara bat jarriz bertan. Lanpara honek argi ultramorea igortzen du, bakterioak hiltzeko gai dena, kiratsaren arazoa ekiditeko. Lan honek irabazi du ingeniaritzako saria.

marra zuri
2. irudia: oinetakoak ez badira ondo aireztatzen bakterio ugari hazten dira bertan. (Argazkia: Pixabay – pexels lizentziapean. Iturria: Pexels.com)

Ezaguna da alkohola edatea eta gidatzea bateraezina dela. Bada saguzarren kasuan ere mozkortuta hegan egitea ez dela aproposa frogatu dute. Hain zuzen ere, alkoholak saguzarren hegan egiteko ahalmenean daukan eragina aztertzen duen lanak jaso du hegazkintza saria. Ikertzaileek alkoholik gabeko eta % 1 alkohol duen janaria eman zieten saguzar talde banari eta haien portaera aztertu zuten. Alkohola kontsumitu duten saguzarrek denbora gehiago behar dute distantzia jakin bat egiteko eta arazoak dituzte ekolokalizatzeko; hau da, soinu-uhinen bidez inguruan daukaten eremuaren irudia osatzeko. Horrek arriskuan jarri ditzake saguzarrak. Izan ere haien erreakzio-denbora murrizten du eta, ondorioz, harrapakin errazagoa bihurtzen ditu gaueko harraparientzat. Beraz, ez da harritzekoa saguzarrek alkohola daukaten frutak ekiditea.

Gutariko askok gustuko dugu baratxuria; bularreko haurrek ere gogoko dute baratxuri-zaporea daukan esnea. Hain zuzen ere, ikerketa honek jaso du pediatriako saria. Amak baratxuria jatean, aldatu egiten da ekoizten duen esnearen usaina; haurrek gogoko dute hura, eta luzeagoak bihurtzen dira hartualdiak. Ikerketa honek eragin handia izan zuen bere garaian (1995), bularra ematen zuten amei baratxuria ez jatea gomendatzen baitzitzaien umeak esnea gustuko izango ez zuelakoan. Jaio berritan izandako zapore esperientziek eragina daukate gustuko izango ditugun elikagaietan.

Gizakiak ez ezik, muskerrak ere pizza-zaleak dira Togon. Baina ez dute gustuko edozein pizza, lau gaztakoa gogoko dute baina lau urtarokoari muzin egiten diote. Zientzialariek zelai batean lau gazta-pizza eta lau urtaro-pizza zatiak jarri dituzte agerian eta harrituta ikusi dute muskerrek soilik lau gaztako pizza jaten dutela. Lan honekin irabazi dute nutrizioko saria.

Umeek adimenaren inguruan eskolan edo gurasoengandik jasotzen duten iritziak eragin handia dauka beren adimenaren pertzepzioan. Helduetan ere, kanpotik jasotzen diren iritziek eragin nabarmena izan dezakete. Hori aztertzeko, 361 pertsonako talde batekin egin dute lan, batzuei azkarrak direla esanez, eta besteei, motelak. Azkarrak direla esateak nartzisismoa sustatzen duela frogatu da. Ikerketaren arabera, bizitzan zehar norbaitek bere ahalmenen inguruan jasotzen duen iritziak eragin handia dauka norbanakoaren adimen-pertzepzioan. Lan honekin psikologia saria jaso dute.

35 urtez azazkalen hazkuntza aztertu duen lanarentzat izan da literatura saria. Azazkal bakoitza abiadura batean hazten da; erdiko hatza azkarren eta hatz lodia edo txikiena motelen. Azazkalen arteko abiadura-erlazioa konstantea denez, azazkal bat zenbat hazten den jakinda gainontzekoen hazkuntza kalkulatu daiteke. 35 urtez gaia ikertu ondoren, adinarekin azazkalen hazte-abiadura moteldu egiten dela frogatu dute.

Alkoholak eragin kaltegarriak dituela ezaguna den arren, badirudi atzerriko hizkuntza baten ahoskera hobetu dezakeela. Hori da hain zuzen ere ikertzaile talde batek frogatu duena: horretarako, nederlandera bigarren hizkuntza bezala ikasten ari diren 50 aleman aukeratu dituzte. Taldeko pertsona batzuei alkoholdun edariak eta besteei alkoholik gabekoak eman eta beren artean nederlanderaz egindako eztabaida bat grabatu zuten. Grabazio horren azterketak erakutsi du ahoskeran puntuazio altuagoa lortzen dutela alkohola edan dutenek. Lan honek bakearen saria jaso du.

Erreferentzia bibliografikoak:

Kojima, Tomoki; Oishi, Kazato; Matsubara, Yasushi; Uchiyama, Yuki; Fukushima, Yoshihiko; Aoki, Naoto; Sato, Say; Masuda, Tatsuaki; Ueda, Junichi; Hirooka, Hiroyuki; Kino, Katsutoshi (2019). Cows painted with zebra-like striping can avoid biting fly attack. PLoS One, 14. DOI: 10.1371/journal.pone.0223447

Bartolucci, G.; Busiello, D. M.; Ciarchi, M.; Corticelli, A.; Di Terlizzi, I.; Olmeda, F.; Revignas, D.; Schimmenti, V. M. (2025). Phase behavior of Cacio e Pepe sauce. Physics of Fluids, 37. DOI: 10.1063/5.0255841

Naftalovich, Rotem; Naftalovich, Daniel; Greenway, Frank L. (2016). Polytetrafluoroethylene ingestion as a way to increase food volume and hence satiety without increasing calorie content. Journal of diabetes science and technology, 10, 971-976. DOI: 10.1177/1932296815626726

Kumar, Vikash; Mittal, Sarthak (2021, December). Smelly Shoes-An Opportunity for Shoe Rack Re-Design. In International Conference of the Indian Society of Ergonomics (pp. 287-293). Singapore: Springer Nature.

Sánchez, Francisco; Melcón, Mariana; Korine, Carmi; Pinshow, Berry (2010). Ethanol ingestion affects flight performance and echolocation in Egyptian fruit bats. Behavioural Processes, 84, 555-558. DOI: 10.1016/j.beproc.2010.02.006

Mennella, J. A.; Beauchamp, G. K. (1991). Maternal diet alters the sensory qualities of human milk and the nursling’s behavior. Pediatrics, 88, 737-744. PMID: 1896276

Dendi, Daniele; Segniagbeto, Gabriel Hoinsoude; Meek, Roger; Luiselli, Luca (2023). Opportunistic foraging strategy of rainbow lizards at a seaside resort in Togo. African Journal of Ecology, 61, 226-227. DOI: 10.1111/aje.13100

Zajenkowski, Marcin; Gignac, Gilles E. (2021). Telling people they are intelligent correlates with the feeling of narcissistic uniqueness: The influence of IQ feedback on temporary state narcissism. Intelligence, 89. DOI: 10.1016/j.intell.2021.101595

Bean, W. B. (1980). Nail growth: thirty-five years of observation. Archives of internal medicine, 140(1), 73-76. DOI: 10.1001/archinte.140.1.73

Renner, Fritz; Kersbergen, Inge; Field, Matt; Werthmann, Jessica (2018). Dutch courage? Effects of acute alcohol consumption on self-ratings and observer ratings of foreign language skills. Journal of Psychopharmacology, 32(1), 116-122. DOI: 10.1177/0269881117735687


Egileez:

Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.