Venus planetan bederatziehun krater baino gehiago daude eta guztiek dute emakume baten izena. Artista nabarmenen erreferentziak daude, hala nola Greta Garbo aktorea, Edith Piaff abeslaria edo Frida Kahlo margolaria, baina hamar bat besterik ez dira astronomoen izenak. Eta horietako bat da Alice Vibert Douglas (1894-1988), “Allie” edo “Vibert” izenez ezagunagoa, duela ehun urte pasatxo Kanadan Astrofisikan doktoregoa lortu zuen lehen emakumea.
Zientzialaria Montrealen jaio zen, Quebec probintzian (Kanada), 1894ko abenduaren 15ean.
Bere herrialdea atzean utzi behar izan zuen 1916an, McGill Unibertsitatean Astronomiako gradua ikasten ari zela, Londresera joateko (Erresuma Batua). Londresen estatistikako aditu aritu zen orduko Defentsa Ministerio britainiarrean, Lehen Mundu Gerran.

Aldi horretan egindako lanarengatik Britainiar Inperioko Ordenako kide (MBE) izendatu zuten 1918an.
Aitzindaria izan zen emakumezko zientzialarientzako espazioak irekitzen
Alice Kanadara itzuli zen 1920an, eta Astronomiako graduko titulua eskuratu zuen hurrengo urtean. Ondoren, Ingalaterrara joan zen berriro, eta han bi urtez ikertu zituen astroak Cambridgeko Behatokian eta Cavendish Laborategian.
1925ean, Amerikara itzultzea erabaki zuen. Lehendabizi, ikerketa lanetan hasi zen Yerkes Behatokian, XX. mendeko ikergune astronomiko garrantzitsuenetako batean (Winsconsin, Estatu Batuak).
Gero Kanadara itzuli zen eta bere astronomiako doktoregoa amaitu zuen 1926an. Horrela, herrialde horretan titulu hori lortu zuen lehen emakumea izan zen.
Baina hori ez zen izan Douglasek emakumezko zientzialarientzat zabaldu zuen espazio bakarra. Izan ere, McGill Unibertsitatean hamarkada batez baino gehiagoz fisika eta astrofisikako irakasle aritu ondoren, Emakumeen dekano izendatu zuten Queen’s Unibertsitatean (Kingston, Ontario). Hogei urtez baino gehiagoz bete zuen kargu hori, eta, horri esker, emakume asko medikuntza eta ingeniaritzako karreretan sartzea ahalbidetu ahal izan zuen.
1943an, Kanadako Astronomiako Errege Sozietateko lehen emakumezko presidentea izan zen, eta lan horretan aritu zen 1944ra arte.
Allie Nazioarteko Astronomia Batasuneko lehen presidente kanadarra izan zen 1947an. Mundu mailako organismo zientifiko horren egoitza nagusia Parisen (Frantzia) dago eta planeta osoko sozietate astronomikoak biltzen ditu; gorputz astronomikoak (asteroideak, kometak eta planetan) edo gorputz astronomikoen zatiak (mendiak eta kraterrak) izendatzeko ahalmena duen erakunde bakarra da.
Argitalpenak, sariak eta posta-trukea Einsteinekin
Douglasek John Stuart Foster astronomoarekin egin zuen lan, eta elkarrekin ikertu zituzten A motako eta B motako izarren espektroak eta Stark efektua Dominion Astrofisikako Behatokian, Vancouverretik (Kanada) gertu dagoena. Ikerketa horien emaitzak bien izenean argitaratu zituzten.
Horrez gain, Alliek artikulu bat idatzi zuen Arthur Eddington astrofisikari ospetsu britainiarrarekin: bere oharrekin, Albert Einsteinen erlatibitate orokorraren teoriaren baliozkotasuna konfirmatu zuen. Ondoren, ikertzaile horren biografia idatzi zuen; Cambridgen bere irakaslea izan zen.
Argitalpen horretarako eginiko ikerketei esker, gutunak trukatu zituen Einsteinekin. Liburua, The Life of Arthur Eddington izenekoa, ohoreekin eta aintzatespen handiarekin editatu zen 1956an.
Britainiar Inperioko Ordenako kide (MBE) izendatzeaz gain, aurretik adierazi dugun moduan, McGill Unibertsitatearen ohorezko diploma jaso zuen 1960an, bai eta Queen’s Unibertsitatekoa ere 1965ean. Bi urte geroago, Kanadako Ordenaren aintzatespena jaso zuen; sari hori Ingalaterrako Isabel II.a erreginak sortu zuen herritar kanadarrek beren komunitatearen eta nazioaren alde egiten zituzten aparteko ekintzak aintzatesteko.

Bere legatua Lurrean eta Unibertsoan
Douglasek sutsuki borrokatu zuen emakumeek sarbidea eta aintzatespena izan zezaten zientzian. Hori dela eta, 1967an, Kanadako Emakume Juduen Kontseilu Nazionalak XX. mendeko herrialdeko hamaika pertsonalitate femenino nabarmenetako bat izendatu zuen. Eta, 2024an, McGill Unibertsitateak (han graduatu zen duela ehun urte baino gehiago) Allie Viberts Douglas saria aurkeztu zuen; ordutik, urtero ematen zaio Astrofisikako doktorego tesi onenari.
Alliek eginiko lan zientifikoaren eta karreran zehar lortu zituen merituen ondorioz, 1988an, hil zen urte berean, 3269 asteroideari Vibert-Douglas izena jarri zioten. Halaber, 2003an, Venus planetako krater irregular bati ere jarri zioten bere izena (Vibert-Douglas patera).
Alice Vibert Douglas 1988ko uztailaren 2an hil zen Kingstonen (Ontario), bere bizitzako azken urteak han igaro ondoren. Queen’s Unibertsitateak esteka publiko bat dauka artxibo digitala kontsultatzeko, eta han ikus daitezke bere herrialdeko astrofisikaren historia aldatu zuen zientzialariaren oharrak, artikuluak eta korrespondentzia.
Iturriak:
- Eddington, Arthur; and Douglas, Alice Vibert (1923). The progression of stellar velocity with absolute magnitude, Monthly Notices of the Royal Astronomical Society, 83 112-118
- Brandswell, Brenda (2024). Astrophysics award honours student research with nod to pioneer, Universidad McGill University, 2024ko ekainaren 4a
- Poulin, Jessica (2024). Alice Vibert Douglas, The Canadian Encyclopedia, 2024ko abuztuaren 2a
- Douglas, Allie Vibert (1894-1988), Queen’s Encyclopedia
- Sánchez, Lorena (2019). ¿Por qué solo hay nombres de mujer en Venus y no en otros planetas?, Homínidas, 2019ko uztailaren 26a
- Allie Douglas, Encyclopedia Uranica, The Royal Astronomical Society of Canada
- Une astronome sur Vénus, Agence Science-Presse du Canada, 26 febrero 2003
- Dutil, Yvan (2006). L’astronomie Québécoise d’hier à aujourd’hui, Agence Science-Presse du Canada, 2006ko martxoaren 27a
Egileaz:
Analía Boggia Komunikazio Sozialean lizentziaduna, kazetaria, irakaslea eta dibulgatzailea da. Egun, Ikerketa Zientifikoko Komunikazio Sozialari buruzko Master ofiziala egiten ari da Valentziako Nazioarteko Unibertsitatean.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko apirilaren 25ean: “Allie Vibert Douglas, primera doctora en astrofísica canadiense da nombre a un cráter y un asteroide“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.