Parkinson gaixotasuna (PG) zahartzaroari lotutako gaixotasun neurologiko kroniko eta progresiboa da. Alzheimer gaixotasunaren ondoren, gure gizartean prebalentziarik handiena duen neuroendekapenezko gaixotasuna da. Gaixotasunaren ezaugarri nagusia garuneko Substantia nigra pars compacta deritzon neuronen galera da. Neurona hauek dopaminergikoak dira eta mugimenduen kontrolean parte hartzen dute. Dopamina gutxitzeak PGaren sintoma motor bereizgarriak eragiten ditu, hala nola mugimenduen moteltasuna, zurruntasuna eta dardara atsedenean. Hala ere, PGak garuneko beste eremu batzuetan ere eragiten duela ikusi da, eta horrek sintoma ez-motorrak eragiten ditu, loaren asaldurak, digestio-arazoak, disfuntzio sexualak eta endekapen kognitiboa batik bat.
Gaixotasunaren kausa ezezaguna bada ere, zenbait mekanismo proposatu dira, hala nola oxidazioa, neuroinflamazioa eta mutazio genetikoak. Azken aldi honetan, alfa-sinukleina proteinaren ikerketak garrantzia hartu du. Proteina honen forma patologikoa metatu egiten da eta Lewyren gorputzak neuronen barruan sortzen ditu haien heriotza eraginez. Metaketa horiek garunean agertzeaz gain beste eremu batzuetan ere era daitezke, digestio-sisteman eta larruazalean, esaterako. Ikertzaileek Lewyren gorputzen hedapena ikertu dute eta “garuna-lehena” eta “gorputza-lehena” hipotesia plazaratu dute. Eredu horrek gaixotasunaren bi aldaera planteatzen ditu: lehenengoan, metaketak garunean hasten dira eta ondoren sistema enterikora hedatu eta bigarrenean sistema enterikoan sortzen dira eta garunera hedatu. Bi kasuetan, PGaren progresioa konexio neuronalen bidez alfa-sinukleina hedatzearekin lotuta dago eta azkenean bi aldaerek metaketak aurkezten dituzte sistema enterikoan. Hori dela eta, mikrobiota-heste-garun ardatzak ikertzaileen arreta bereganatu du PGa ikertzerakoan.

Giza mikrobiota gure gorputzean, bereziki hesteetan, bizi diren mikroorganismoen (bakterioak, onddoak, arkeak, birusak eta protozooak) komunitatea da. Milioika mikrooganismoz osatutako komunitate honek funtsezko eginkizuna du gure osasunean, nerbio-sisteman, sistema immunologikoan, metabolikoan eta hormonalean eraginez. Mikrobiotaren desorekak, hau da disbiosiak, obesitatea, depresioa eta gaixotasun neurodegeneratiboak garatzeko arriskua areagotu dezake. PGean ikusi da pazienteek eta pertsona osasuntsuek mikrobiota ezberdina dutela, PGean bakterio batzuen ugaritasuna handitzen delarik beste batzuk gutxitzen diren heinean. Adibidez kate laburreko gantz-azidoak sortzen dituzten bakterio onuragarriak gutxituta egoten dira PG duten pazienteetan. Bestalde, bakterio kaltegarri edo patobionte batzuk, Escherichia edo Proteus generokoak kasu, handituta daude eta hantura eta kalte neuronala eragin ditzakete, gaixotasunaren sintomak okertuz. Gainera, uste da hesteetako hanturak eta mikrobiotako aldaketek eragina izan dezaketela alfa-sinukleinaren metaketan.
Mikorbiotak gaixotasunean daukan garrantzia ikusita, ikertzaileek pentsatu dute baliabide terapeutiko egokia izan daitekeela PG tratamenduan. Horrela bada, pazienteen disbiosia zuzentzeko hainbat estrategia ikertu dituzte. Horien artean prebiotikoak (mikrobiotarentzako elikagaiak), probiotikoak (mikroorganismo onuragarriak), antibiotiko selektiboak, eta mikrobiota fekala transplantatzea nabarmentzen dira. Azken honetan pertsona osasuntsuen materia fekala PG pairatzen duten pazienteei transferitzen zaie. Ikerkuntza horiek emaitza oparoak erakutsi dituzte sintoma motor eta ez-motorren hobekuntzan, berreziki aipagarriak dira idorreriaren tratamenduan egindako hobekuntzak. Hala ere, oraindik ikerketa gehiago behar dira terapia horien eraginkortasuna eta epe luzeko segurtasuna egiaztatzeko.
Laburbilduz, PGa konplexua da, eta sistema motorrari ez ezik, gorputzeko beste sistema batzuei ere eragiten die, sistema enterikoari, besteak beste. Hesteetako mikrobiotaren ezagutzak gaixotasuna ulertzen laguntzen digu eta tratamendu berrientzako bidea irekitzen, pixkanaka pazienteen ongizatea bermatzeko eta gaixotasunarekin behin betiko bukatzeko.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 47
- Artikuluaren izena: Mikrobiota-heste-garun ardatza eta terapia mikrobiologikoa Parkinson gaixotasunean.
- Laburpena: Parkinson gaixotasuna (PG) prebalentzia altua duen gaixotasun neurodegeneratibo bat bada ere, sintomak hasi eta 20 urtera diagnostikatzen da, eta oraindik ere ez da neuroendekapena gelditzeko tratamendu eraginkorrik aurkitu. Urte askoan sintoma motorrekin lotu den gaixotasuna izan bada ere, azken hamarkadetan sistema ez-motorretan duen eragina ikertu da, besteak beste, hesteetako mikrobiotarekin izan dezakeen lotura aztertuz. Izan ere, heste-garun ardatzaren bidez hesteetako mikrobiotak gaixotasunean eragin dezakeela ikusi da, hesteetako iragazkortasuna aldatuz eta hanturazko metabolitoak sortuz, batik bat. Gainera, hesteetako disbiosiarekin edo mikrobiotaren alterazioarekin erlazionatuta, zenbait mikroorganismoen ugaritasunean aldaketak deskribatu dira dagoeneko, batez ere bakterio-genero konkretu batzuenak. Hala, mikrobiota kontrolatzeko terapiek, besteak beste, dietoterapiak, probiotikoek, antibiotikoek eta transplante fekalekin egin diren ikerketek, emaitza itxaropentsuak erakutsi dituzte. Arlo honetan egindako aurrerapenek tratamendu berri eta eraginkorragoak bilatzeko atea zabaltzen dute, mikrobiota-heste-garun ardatza sakontasunez aztertzearen garrantzia erakutsiz.
- Egileak: Jone Razquin, Cristina Miguélez, Andrea Guridi, Leticia Abecia, Naiara Ortuzar, Elena Eraso eta Estibaliz Mateo
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 93-107
- DOI: 10.1387/ekaia.26319
Egileez:
Jone Razquin EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko, Neurozientziak Saileko eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzailea da.
Cristina Miguélez EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Saileko eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzailea da.
Andrea Guridi, Leticia Abecia, Elena Eraso eta Estibaliz Mateo EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko ikertzaileak dira.
Naiara Ortuzar EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldeko ikertzailea da.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
