Anne Pratt (1806-1893), bere garaiko pintore botaniko famatua

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Egun oso ezaguna ez den arren, Anne Pratt artista eta idazle botaniko oso ezaguna eta baloratua izan zen bere garaian. Hogei liburu baino gehiago argitaratu zituen, eta haren ilustrazio eder eta zehatzek benetan aberastu zuten garai hartan eskuragarri zegoen bibliografia. Gainera, publiko orokorraren artean landareen ikerketagatiko interesa pizten lagundu zuten.

Adibidez, Jack Kramer idazleak, Women of Flowers bere liburuan, emakumeek Viktoriar Aroan arte eta zientzia botanikoari eginiko ekarpen zoragarriak nabarmendu ditu. Besteak beste, Anne Pratten figura azpimarratzen du, garai hartan hobekien baloratutako botanikari ilustratzaile ingelesetako bat izan baitzen.

Anne Pratt
1. irudia: Anne Pratt botanikaria. (Argazkia: English School 19th century – jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

Anne 1806an jaio zen Kenten (Erresuma Batua), eta Robert Pratt merkatari arrakastatsuaren eta Sara Bundocken hiru alabetatik bigarrena izan zen. Gretchen Rings museoetako bibliotekariak azpimarratutakoaren arabera, amak piztu zuen Annerengan landare eta loreekiko maitasuna. Txikitatik izan zuen osasun ahula, eta, askotan, etxe barruan geratu behar zen; ondorioz, marraztea izan zen bere denbora-pasa gogokoena.

Aurrerago, familiako lagun batek aurkeztu zion botanikaren mundua, eta gaiak gaztearen interesa biziki piztu zuen. Gogorarazi behar da, Gretchen Ringsek nabarmentzen duenaren arabera, garai hartan jarduera onargarria zela emakumeentzat landareak bildu, ilustratu eta horiei buruz idaztea; izan ere, gizarteak bestelako askotariko mugapenak ezartzen zizkien. Testuinguru horretan, Anne Prattek liburu eta artikulu ugari idatzi eta ilustratu zituen arrakastaz; hizkera irisgarria erabiltzen zuen, baina estilo oso zuhurra zeukan.

Wilfrid Blunt (1901-1987) arte irakasle, idazle eta botanikariaren The Art of Botanical Illustration (1950) liburu famatuaren edizio berrikusi eta hedatuan, William T. Stearn irakasleak eginikoan, jasotzen da Anne Pratt ezkongai egon zela bere hirurogei urteetara arte; hortaz, litekeena da bere diru sarreren iturri bakarra bere idazki botanikoak eta ilustrazioak izatea. Bokazio irmo batek bultzatuta, bai eta bizimodua ateratzeko beharrak bultzatuta ere, Pratt idazle oparoa izan zen.

1838an argitaratu zen bere lehen liburua, nagusiki lorategiko loreak jasotzen zituena: The Field, the Garden and the Woodland. Bi urte geroago, Flowers and their Associations argitaratu zuen. Gretchen Ringsen arabera, liburu hori oso ondo saldu zen, baina ez zituen kritika onak jaso, garai hartan gero eta handiagoa baitzen emakume autodidakten lanari buruzko mespretxu soziala.

Blunt eta Stearnen arabera, Anne Pratten izena ezagun egin zen Wild Flowers of the Year obrari esker. 1852 eta 1853 artean argitaratu zuen eta Victoria erreginari dedikatu zion. Erreginak, lana goraipatzeaz gain, ilustratzailearen lan guztien kopiak eskatu zituen, eta horrek idazlearen ospea areagotu zuen.

Anne Prattek liburuak argitaratzen jarraitu zuen, eta hogei baino gehiago idatzi zituen. Artikulu honetan garrantzitsuenak besterik ez ditugu jasoko. 1855 eta 1866 artean, bost liburukiko bilduma bat argitaratu zuen: The Flowering Plants of Great Britain. Gerora, 1873an, seigarren liburuki bat gehitu zuen: The British Grasses, Sedges and Ferns, gramineoak, ihiak eta iratzeak gehitzeko. Guztira 1500 espezie bildu zituen, 300 ilustraziorekin. Denbora luzez, obra hori erreferentziako lantzat hartu zuten.

Anne Pratt
2. irudia: Anne Pratten ilustrazio batzuk. (Irudia: Anne Pratt – jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons)

Blunt eta Stearnen arabera, lehenengo liburukian Pratt irakurleei zuzentzen zaie adierazteko «helburu nagusietako bat dela orain arte botanika ikasi ez duten horiei laguntzea»; eta, ondoren, Carl Linneo botanikari ospetsuaren zabalki hedaturiko sailkapen sistemaren azalpen laburra, baina oso erabilgarria, egiten du.

Gogoratu behar dugu Carl Linneo (1707-1778) naturalista suediarrak hartzen duela, zalantzarik gabe, ohorezko lekua biologiaren historian. Linneo XVIII. mendeko zientzialari garrantzitsuenetako bat izan zen. Hark asmatu zuen landareak ordura arte baino modu askoz erraz eta azkarragoan identifikatu ahal izateko sailkapen sistema famatua. Hori dela eta, «natura ordenatu zuen botanikaritzat» hartzen da (National Geographic).

Obra baliotsua

Anne Pratten The Flowering Plants tratatu zabalari buruz, Blunt eta Stearn botanikariek esaten dute «publiko orokorraren flora britainiarrarekiko interes handia pizteko meritua» izan zuela, «erraz ulertzeko moduko zientzia konbinatu baitzuen loreei buruzko askotariko ezagutza popular erromantikoarekin». Ildo beretik, Jack Kramer idazle famatuak gogorarazten zuen Pratten obra publiko zabal batek irakurri zuela, gaitasuna baitzuen «botanika nolabaiteko erromantizismoarekin konbinatzeko; horrela, bi merkatu hobiak hartzen zituen: naturari eta loreei buruzko idazkien eskaria, eta emakumeek beren ezagutza botanikoak handitzeko zuten gero eta desio handiagoa».

Oro har, idazle eta ilustratzaileak laudorioak jaso zituen bere gaitasun artistikoagatik, baina zentsuratu ere egin zuten kredentzial zientifikorik ez zuelako. Zenbaitek zalantzan jarri zuten benetako botanikaritzat hartu ahal izatea. Gretchen Ringsek aipatzen du, gizarte viktoriarrean arrunta zenari jarraikiz, «Prattek berak ere ez ziola hainbesteko garrantzirik eman bere lanari; adibidez, hau idatzi zuen Flowers and their Associations (1840) liburuaren hasieran: “espero dut orrialde hauek onartezinak ez izatea”».

Iritzi horiek bat zetozen ezartzen hasia zen pentsamolde berriarekin: landareak aztertzea, tradizionalki, «emakumeentzako egokia» zen lana izan arren, XIX. mendeak aurrera egitean, botanikaren esparruan aldaketak egon ziren eta gizonen presentzia hasi zen gailentzen. Horrenbestez, emakumeak etorri berri zaletutzat hartzen hasi ziren.

Anne Pratt
3. irudia: Anne Pratten ilustrazio batzuk. (Irudia: Anne Pratt – CC-BY-SA-4.0. Iturria: Wikimedia Commons)

Nolanahi ere, Gretchen Ringsen ondorioen arabera, «bere kredentzialei buruzko eztabaidak bazter utzita, Pratten liburuek oso balorazio onak jaso zituzten maila ugaritan». Hain zuzen, irismen handiko erreferentzia liburu bihurtu ziren. Berriro ere, agerian geratu da emakumeek pairatutako omisio onartezina. Egun berreskuratutako emakume horien guztien obrek erakusten digute rol oso garrantzitsua izan zutela bizi izan ziren garaietan.

Iturriak:

Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.


Mujeres con Ciencia blogean 2025eko abuztuaren 6an argitaratu zen artikulua: “Anne Pratt (1806-1893), popular pintora botánica en su época.”

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.