Intsektuak eta nekazariak, ezinbesteko aliatuak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

4 min

Intsektuak eta nekazariak, ezinbesteko aliatuak

Intsektu polinizatzaileen eta nekazaritzaren arteko harremanen garrantzia azaleratu du Nepalgo komunitate txikietan urtebetez egindako azterketa batek.

Inork ez du zalantzan jartzen intsektuek ekosistementzat duten balioa, baina izaki txiki horien eta nekazaritzaren arteko harremana historian zehar askotan gatazkatsua izan da, batez ere laboreentzako izurrite bilakatzen direnean. Baina, modu berean, gero eta gehiago ezagutzen da bi aldagai horien arteko harremanez, eta Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu bat horren adibide bikaina da.

Intsektu polinizatzaileen
1.irudia: intsektu polinizatzaileen beherakadak oinarrizko zerbitzu ekosistemikoak ahultzen dituela ohartarazi dute. (Argazkia: Juanma Gallego)

Bristolgo Unibertsitateko (Erresuma Batua) zientzialariek gidatu duten ikerketak erakutsi du intsektu polinizatzaileen beherakadak oinarrizko zerbitzu ekosistemikoak ahultzen dituela. Baina hori ez da soilik ekosistemari eragiten dion kontua: zerbitzu horietan oinarritzen da, hein handi batean gizakien nutrizioa. Argudiatu dutenenez, biodibertsitateak funtsezko rola du gizakien osasunean eta erresilientzian eta intsektu polinizatzaileak funtsezko elementuak dira fruta, barazki eta lekaleak ekoitzi ahal izateko.

Nepalen nekazaritza jorratzen duten hamar herri txikitan egin dute polinizatzaileen eta nekazarien inguruko jarraipena, horien arteko harremanak aztertu aldera. Funtsean, ikertzaileak ahalegindu dira nekazaritzaren eta intsektu polinizatzaileen arteko lotura guztiak argitzen, bai eta harreman horiek dietan eta familien ekonomian duten eragina zenbatesten ere.

Harremana aztertzeko, aintzat hartu dituzte pertsonek behar dituzten nutrienteak, nekazari horien eta beren familietako kideen dieten eta diru sarreren jarraipena eginez. Horretarako, 776 lagunen dieta —gizonezkoak, emakumezkoak zein haurrak aintzat hartuz—, nutrizio egoera, nekazaritza praktikak eta estatus sozioekonomikoa aztertu dituzte Nepalgo landa eremuko komunitate txikietan. Besteak beste, bertako laboreetan babarrunak, gari sarrazenoa, sagarrak eta kalabazak lantzen dituzte. Bestetik, inguru horietan dauden espezia polinizatzaileak aztertu dituzte, laboreetara joaten diren intsektuak identifikatuz, eta arreta berezia jarriz garraiatzen zuten polenean.

Thomas Timberlake ikertzaileak The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean azaldu duenez, Nepalgo Jumla eskualde menditsuan urtebeteko jarraipena egin dute ikerketa hau egin ahal izateko.

Eskuratutako datuetan oinarrituz, nutriente garrantzitsuenen jatorria argitu dute, eta ikusi dute ere zer nolako aldaketak egon diren kate horretan urtaroen arabera. Ikerketan ondorioztatu dute intsektu polinizatzaileak funtsezkoak direla bai nutriziorako zein diru sarrerak bermatzeko. Atera dituzten ondorioen artean, ikusi dute intsektuei esker posible izan direla nekazaritzatik etorritako diru sarreren % 44. Modu berean, pertsonek jasotako A eta E bitaminen zein azido folikoaren % 20 baino gehiago intsektu hauen lanari zor zaiola zenbatetsi dute zientzialariek.

Mendebaldeko populazioetan ez bezala, ikusi dute eskualde horretan dieta batez ere bertoko elikagaietan oinarritzen dela: inguruko herrietan ekoitzitakoak dira dietan funtsezkoak diren mikronutrienteen % 80 baino gehiago.

Intsektu polinizatzaileen
2. irudia: Nepalgo hamar herri txikitan egin dute polinizatzaileen eta nekazarien inguruko jarraipena, urte batez. (Argazkia: Tom Timberlake)

Lagun gehienek arroza eta garia daukate beren dietaren oinarrian, eta horietarako ez dira beharrezkoak intsektu polinizatzaileak. Baina nutrizio eragin askoz handiagoa duten hainbat elikagaik —fruta, barazki eta lekaleak— polinizatzaile hauekiko dependentzia estua dute. Uste baino inpaktu ekonomiko eta nutrizional handiagoa izan dute hauek. A, E bitaminen zein azido folikoaren ahorakinaren % 60 baino gehiago suposatzen dute horiek, eta nekazaritzaren bitartez eskuratutako diru sarreren % 90 izan daitezke, egin duten kalkuluaren arabera.

“Jumla bezalako tokietan, ekoizpena bultzatzeaz gain, polinizatzaileek familiei elikatzen laguntzen diete, eta beren oinarrizko beharrak ase egiteko diru nahikoa ematen diete”, laburbildu du Timberlakek.

Mundu osoan bezala, bertan ere intsektuak gainbeheran daude, eta bertoko eztigileek ohartarazi dute zenbait erlauntz desagertu direla dagoeneko. Besteak beste, klima aldaketa, gehiegizko artzaintzagatik gertatu den loreen beherakada eta pestiziden erabileraren gorakada aipatu dituzte horren atzean dauden arrazoitzat.

Aztertu dituzten umeen erdiak baino gehiagok ez zuten beren adinerako espero den altuera. Daukaten dietaren eskasiari zor zaio hori. A bitaminaren, azido folikoaren eta proteinen galerak are gehiago okertu ditzake ume horien osasuna eta garapena. Norabide horretan, polinizatzaileak lehengoratzeko ahaleginak “funtsezkotzat” jo dituzte. Izan ere, zientzialariek argudiatu dutenez, polinizatzaileen desagerpenarekin nutrizio eskasagoa izateko arriskua handitzen da, zaurgarritasuna handituz. Intsektu hauen lana sustatzen duten komunitateek, berriz, nekazarien nutrizioa zein diru sarrerak hobetu ditzake, ikertzaileen esanetan.

Etorkizunari begira, aurreikuspenak egin dituzte. Hala, egungo egoera jarraituz gero, 2030. urterako nekazaritzatik datozen diru sarrerak % 15 gutxitu daitezkeela aurreratu dute. Polinizatzaile lokalak erabat desagertuko balira, berriz, kopuru hori erdira iritsi liteke. A bitaminaren eta azido folikoaren kasuan, agertoki horien arabera, hurrenez hurren, % 10 eta % 20 txikitu litezke nutriente horien sarrera. Arazo horiei aurre egiteko, besteak beste, proposatu dute laboreen inguruan ere lore basatiak ereitea, intsektuen presentzia laguntzeko, erleak zaintzea edota pestiziden erabilera murriztea. Diotenez, dagoeneko hauetako praktika batzuk egiten ari dira Nepalen.

Ikertzaileak sinetsita daude horrelako estrategiak maila lokalean erabilita, nekazarien elikadura segurtasuna eta erresilientzia ekonomikoa hobetuko liratekeela. “Gure ikerketak erakutsi du biodibertsitatea ez dela luxu bat, gure osasun, nutrizio eta mantenurako oinarrizkoa den zerbait baizik”, nabarmendu du Timberlakek. “Biodibertsitatearen galera ez da ingurumen arazo soila, giza osasunarentzat gero eta handiagoa den mehatxua baizik”, ohartarazi du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Timberlake, T. P.; Sapkota, S.; Saville, N. M.; Cirtwill, A. R.; Baral, S. C.; Bhusal, D. R.; Devkota, K.; Giri, S.; Harris-Fry, H. A.; Joshi, D.; Kortsch, S.; Myers, S. S.; Roslin, T.; Smith, M. R.; Memmott, J. (2026). Pollinators support the nutrition and income of vulnerable communities. Nature, 654, 683–688. DOI: 10.1038/s41586-026-10421-x


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.