Lurpeko lehen mapa globalak agerian utzi du onddo-sareen eskala planetarioa
Biodibertsitateaz hitz egiten dugunean, askotan gainazalean ikusten dugunari baino ez diogu erreparatzen. Hala ere, gure oinen azpian Lurreko bizidunen biziraupenerako ezinbestekoa den mundu ezkutu bat dago. Orain, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batean, nazioarteko ikertalde batek onddo mikorrizikoen sareen banaketa eta biomasa kalkulatzeko lehen mapa globala osatu du. Emaitzak harrigarriak dira: sare horien luzera guztia batuta, Lurretik Eguzkiraino milioika aldiz joan eta etorri ahal izango ginateke.
Onddo mikorriziko arbuskularrek (AM izenez ezagunak) sinbiosi-harremanak sortzen dituzte Lurreko landare espezieen % 70 ingururekin. Sare horiek Lurraren «sistema zirkulatorio» gisa funtzionatzen dute, karbonoa, mantenugaiak eta ura landareen eta lurzoruaren artean garraiatuz. Elkarlan horretan, landareek fotosintesiaren bidez atmosferatik karbonoa finkatzen dute, eta azukre zein gantz moduan bidaltzen diete onddoei; trukean, onddoek fosforoa, nitrogenoa eta ura bezalako oinarrizko elikagaiak eskuratzen laguntzen diete landareei. Nahiz eta datu horiek jakinak ziren, Lurreko bizitza eusten duen erreinu horren irismen erreala zein den ez zen ezaguna.
Orain, nazioarteko ikertalde batek lurpeko sare fungiko horren benetako inpaktua erakusten duen ikerketa argitaratu du Science aldizkarian. Artikuluarekin batera, sare horren hedadura eta banaketa hobeto ulertzeko balio duen mapa interaktibo bat ere aurkeztu dute. Tresna hori bai zientzialarientzat, bai arduradun politikoentzat etorkizunean lagungarri izatea espero dute ikertzaileek; batez ere, sistema fungiko horiek jasaten dituzten mehatxu nagusiak identifikatzeko eta kontserbazio-neurriak hobeto bideratzeko.

110 mila bilioi kilometroko sarea
Ikerketa horretan, mundu osoan zehar bildutako 16.000 lurzoru-lagin baino gehiagotako datuak aztertu dituzte zientzialariek. Ikaskuntza automatikoko (machine learning) ereduak garatu zituzten, basamortuetatik hasi eta tundretaraino, lagindu gabeko ekosistemetako sareen dentsitatea argitzeko. Gainera, eredu prediktiboa kalibratzeko laborategian hazitako 300.000 onddo-hifa baino gehiagoren irudi robotikoak erabili zituzten ikertzaileek.
Datu horiekin, ikertaldeak kalkulatu du onddo mikorriziko arbuskularren sareek 110 mila bilioi kilometro inguruko luzera dutela guztira, eta 300 megatona karbonoko masa (bizirik dauden izaki bizidun guztien masaren % 50a baino gehiago). Justin Stewart Society for the Protection of Underground Networks (SPUN) erakundeko ikertzaile nagusiak adierazi duenez, «zaila da onddo horien garrantzia eta izugarritasuna irudikatzea; izan ere, lurzoruko koilaradatxo bakarrean 10 metrorainoko sare mikorrizikoa egon daiteke».
Klima-aldaketa eta kontserbazioaren erronka
Ekosistemen ingeniari gisa, azpiegitura bizi horrek ezinbesteko funtzioa du klimaren erregulazioan. Ikertzaileen arabera, sare horiek urtero 4.000 milioi tona CO₂ baliokide inguru finkatzen dituzte lurzoruan, hau da, giza jarduerak eragindako karbono-dioxidoko isurpenen % 11. Emaitza berri horiek gaur egungo paradigma aldatzea espero dute ikertzaileek; izan ere, SPUNeko zuzendari den Toby Kiers-en hitzetan, «nahiz eta denbora luzeegian onddoei ez zaien behar bezainbesteko garrantzirik eman klima-aldaketari eta kontserbazioari dagokienez, orain da egoera hori aldatzeko unea».

Mapek erakutsi dute larre-ekosistemek (hala nola Hego Sudango larre urperatuak edo Floridako Everglades-eko eta Tibeteko goi-lautadako larreak) munduko biomasa mikorrizikoaren % 40 inguru gordetzen dutela. Hala ere, gaur egun ekosistema horiek babes gutxien dutenen artean daude, eta basoak baino lau aldiz azkarrago ari dira nekazaritza-lur bihurtzen. Ereduen arabera, eskala handiko nekazaritza-lurrek % 50 inguru murrizten dute sareen dentsitatea, eta horrek nabarmen ahultzen du lurzoruak karbonoa biltegiratzeko, estresari aurre egiteko eta mantenugaiak birziklatzeko duen ahalmena.
Underground ATLASa: ekosistema ikusezinak babesteko tresna
Ekosistema horiek mehatxatzen dituzten jarduerei aurre egiteko eta mikorrizen garrantzia agerian jartzeko, SPUN erakundeak lurpeko onddoen biodibertsitatea erakusten duen Underground Atlas izeneko lehen tresna digitala jarri du abian. Izan ere, 2025. urtean, nazioarteko ikertalde batek errealitate kezkagarri bat azaleratu zuen Nature aldizkarian argitaratutako lan batean: onddo mikorrizikoen biodibertsitate-gune garrantzitsuenen % 90 baino gehiago eremu babestuetatik kanpo daude.
Onddo mikorrizikoek ehunka milioi urtez ezkutuan moldatu dute lurpeko zein lurrazaleko bizitza. Hala ere, Merlin Sheldrake ikertzaileak dioenez, «oraindik oso gutxi ulertzen dugu nola antolatzen den garraio biologikoa azpiegitura fungiko erraldoian». Ikerketa berriak urrats garrantzitsuak dira zirkulazio-sistema planetario horren funtzionamendua hobeto ulertzeko. Horrek, aldi berean, aukera berriak zabaltzen ditu sistema horiek babesteko eta onddoekiko elkarlana sustatzeko, gaur egungo erronka nagusiei aurre egiteko bidean, elikagaien segurtasunetik klima-aldaketaraino. Izan ere, ikertzaileak dioen bezala, «ezin dugu babestu ezagutzen ez duguna».
Erreferentzia bibliografikoak:
Stewart, Justin D.; Bisot, Corentin; Cargill, Rachael I. M.; et al. (2026). Global density and biomass of arbuscular mycorrhizal fungal networks. Science, 392, 6803. DOI: 10.1126/science.adu4373
Van Nuland, Michael E.; Averill, Colin; Stewart, Justin D.; et al. (2025). Global hotspots of mycorrhizal fungal richness are poorly protected. Nature, 645, 414–422. DOI: 10.1038/s41586-025-09277-4
Egileaz:
Oxel Urra Elektrokimikan doktorea da, zientziaren eta artea uztartzen duten proiektuetan aditua, egun zientzia-komunikatzailea da.