Passion for Knowledge (P4K) 2019 jaialdiko programaren jardueren artean, urriaren 3an, arratsaldeko 7etan, ostegunean, herritarrentzako dibulgaziozko bi hitzaldi antolatu ditu DIPCk Bilboko Guggenheim Museoan, Albert Fert eta Barry Barish Nobel saridunen eskutik. Hitzaldiak doakoak dira baina parte hartzeko jaialdiaren webgunean izena ematea eta lekua gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org
Albert Fert
Oinarrizko fisika, teknologien oinarria informazioaren aroan
Bere hitzaldian, fisikari frantsesak, oinarrizko fisikan eginiko urratsek eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun informazioaren teknologien sorreran izan duten berebiziko garrantzia azalduko du. Hain zuzen ere, mundu digitalaren sorrerari mesede ikaragarria egin zion disko zurrunetan informazioa gordetzeko dentsitatea izugarri handitzeak (x 1000), fenomeno berri baten aurkikuntzaren ondoren: magnetoerresistentzia erraldoia (GMR).
Albert Fert-ek, magnetoerresistentzia erraldoiaren aurkikuntzagatik irabazi zuen Fisikako Nobel Saria 2007an. Matematikan eta fisikan graduatu zen Frantziako École Normale Supérieure-n. 1970ean, doktoregoa amaitu zuen Université Paris-Sud-en, non katedradun gisa diharduen 1976az geroztik. 1995ean Unité Mixte de Physique CNRS/Thales sortu zuen ikertzaileetako bat izan zen.
Barry Barish
Einsteinengandik uhin grabitazionaletara
Gutako gehienok grabitateari buruz Isaac Newtonen eskutik ikasi genuen, 1687an argitaratu zuen “Universal Gravity” lanean. Ondoren, Albert Einsteinek grabitatearen teoria berri bat sortu zuen, “Erlatibitate Orokorraren Teoria”, 1915ean. Hurrengo urtean, uhin grabitazionalen existentzia iragarri zuen, bere teoria berriaren ondorioz. Uhin grabitazionalen existentzia bilatzen jardun zuten ehun urteak deskribatuko ditu Barry Barishek, 100 urte geroago gure aurkikuntzara iristeko. Uhin grabitazionalek zientzia berri eta zirraragarri baterako ateak irekiko dituzte, gure unibertsoa aztertzeko modu guztiz berria baita.
Barry Barish Estatu Batuetako fisikari bat da, 2017ko Nobel saria jaso zuena, Rainer Weiss eta Kip Thorne-rekin batera, “LIGO detektagailuari eta grabitazio uhinen behaketari egindako ekarpen erabakigarriengatik”.
Bi Nobel saridun Bilbon
- Data
- Ordutegia
- 19:00etatik 20:30etara
- Tokia
- Guggenheim Museoa