Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna

Argitalpenak · Dibulgazioa

Trenbide-sistemek hainbat aldaketa jasan dituzte azkenaldian, eta horien ondorioz, trenen segurtasuna erronka berri bilakatu da. Trenbideen segurtasunak ahultasunak ditu, eta horiek desagerrarazteko lan egitea beharrezkoa da.

Irudia: Nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.

Trenen seinalizaziorako komunikazio-sistemek eboluzio handia izan dute azken urteotan. Izan ere, pasa den mendeko laurogeiko hamarkadan, Europako trenen elkarteek kudeaketa-sistema bati buruzko ikerketa hasi zuten, eta horrela, ERTMS (European Rail Traffic Management) sistema sortu. Sistema hori trenen kontrolerako lurraldeetako estandar ezberdinak ordezkatzeko sortu zen.

Baina ERTMS sistema sortzeak industriarako eta bidaiarientzako onurak ekarri bazituen ere, hainbat erronka berri ere azaleratu zituen segurtasunaren aldetik. Hain zuzen, trenbideetako azpiegituren segurtasuna sistemen isolamenduan eta erabilitako teknologien ezagutzarik ezean oinarritzen zen ERTMS sortu arte. Printzipio horiek ez dira bateragarriak sistema berriaren sorrerarekin; ERTMS sistema irekietan eta protokolo zein teknologia ezagunen erabileran oinarritzen da.

Izatez, trena gaur egun arte istripu gutxien dituen garraiobidea da, baina hala ere, sistema kritiko kontsideratzen da, garraiatzen dituen bidaiari eta kargak direla eta. Horren ondorioz, trenbide-sistemen segurtasuna bermatzea oso garrantzitsua da.

Modu horretan, ERTMS sistemak hainbat segurtasun-ezaugarri finkatu behar ditu. Horien artean garrantzitsuena, datuen osotasuna bermatzea izango da. Segurtasun-mekanismo hori betetzearekin, trenek agindu faltsuak jasotzen ez dituztela ziurtatuko da.

Hori horrela izanik, komunikazio-sareen osotasuna bermatzeko, bi kriptografia-sistema erabiltzen dira: A5/1 algoritmoa eta EuroRadio protokoloa. Baina bi segurtasun-mekanismo horiek ahultasunak dituztela frogatu izan da.

A5/1 algoritmoa 1987. urtean sortu zen, eta hasiera batean segurua zela kontsideratzen bazen ere, hurrengo urteetan haren segurtasuna auzitan jarri zuten hainbat eraso argitaratu ziren. Izatez, gaur egun A5/1 algoritmoaz zifratutako mezuak deszifratzeko taulak eskuragarri daude Interneten. Ondorioz, erabat hautsita dago algoritmo honen segurtasuna.

Bestalde, EuroRadio protokoloaren segurtasuna ere zalantzan jarri da beraren ahultasunak deskribatzen dituzten hainbat ikerketa-lanen bitartez. Ahultasun horien artean, lehentasun handiko mezuak entitate ezberdinen arteko autentifikaziorik gabe sarean sartzeko aukera eta sesio hasteko fasean denbora-zigilurik (time-stamp) ez erabiltzea azaltzen dira, horien bitartez mezuak errepikatzea posible eginik.

Gainera, EuroRadioren ahultasunekin jarraituz, trenaren eta trenbideko gailuen arteko komunikazioan datuak zifratzeko erabiltzen den gakoaren kalkulurako kodea off-line banatzen da komunikazioa osatzen duten entitateen artean. Horren ondorioz, banaketan gizakien esku-hartzea beharrezkoa da. Hori dela eta, nahiz eta izatez, kode ezberdin bat erabili beharko litzatekeen bi entitateen komunikazio bakoitzerako, zenbait operadorek prozesua sinpletzea erabakitzen dute, komunikazio askotan kode berdina erabiliz. Hori eginda, handitu egiten da erasoren bat jasateko probabilitatea. Izan ere, kode hori lortzeko helburua duten erasoen bitartez, entitate ezberdinek kode bera izanda, sistema osoaren segurtasuna jartzen da arriskuan; erasotzaile batek beste tren baten identitatea hartu dezake.

Azaldutako segurtasun-arazo eta horien ondorioz gerta daitezkeen eraso larrien azterketa eginda, nabaria da oraindik ere handia dela trenbide-sistemetan segurtasuna bermatzeko egin beharreko lana.

Hori horrela izanik, lan horiek garatzeko berrikuntza eta ikerkuntza proposatzen dira Europan. Shift2Rail elkartea 2009an sortu zuten, trenbide-sistemen erakargarritasuna eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin. Gainera, elkarte horrek Europan Ikerketa eta Berrikuntza bultzatzeko sortutako Horizon 2020 finantzaketaren parte izanik, trenbideetako segurtasuna bilatzen duten hainbat proiektu sustatzen ditu.

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 34
  • Artikuluaren izena: Egungo trenbideen komunikazio-sistemen erronka: segurtasuna.
  • Laburpena: Trenbide-sistemak asko aldatu dira azken urteotan komunikazio-teknologia berrien sorkuntzarekin batera. Europan, trenbide-sare bakarra izateko nahiarekin, ERTMS (European Rail Traffic Management System) sistema sortu zen, elkarrekiko bateragarriak ez ziren Europako herrialdeetako kudeaketa-sistema estandar ezberdinak ordezteko. Baina sistema berria sortzearekin batera, segurtasunaren inguruko hainbat erronka berri ere sortu ziren; izan ere, ERTMS aurreko sistema itxi eta ezezagunak protokolo ireki eta teknologia ezagunez ordeztu ziren. Ondorioz, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere hutsune nabarmenak daude segurtasunaren arloan.
  • Egileak: Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 211-223
  • DOI: 10.1387/ekaia.19687

Egileez

Irene Arsuaga Oria eta Nerea Toledo Gandarias UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako I2T Taldean dabiltza.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.