Apokalipsiaren ondoren esnatu zirenean, ugaztunak hor ziren

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Duela 66 milioi urteko iraungipen masiboaren atzean ozeanoen azidotzea izan zuen garrantzia nabarmendu dute zientzialariek. Krisiaren ondoren ugaztunek izan zuten garapen izugarriaren adierazle den fosil bilduma berria ere aurkeztu dute.

Gehienok hain zoriontsu bizi garen planeta honetan bost iraungipen masibo izan direla badakigu, baina, horien artean, bada atentzio berezia ematen duen bat: duela 66 milioi urte inguru gertatutakoa. Hain ospetsua izateko arrazoia azken iraungipena izan zela izan zitekeen, baina nahiko agerikoa da dinosauro gehienak desagertu zirelako egiten zaigula ikusgarria. Dinosauro gehienak, esan beharko, bai, paleontologoak haserretu ez daitezen. Behin eta berriz gogoratzen dutenez, hegaztiak ere dinosauroak direlako, eta argi dago horiek planeta osoa konkistatu dutela.

The Rise and Fall of the Dinosaurs liburuan Steve Brusatte paleontologoak asteroidea erosi zeneko eguna oso modu bizian deskribatzen du. “Orduan, dena hasi zen tonu bitxia hartzen, ordura arte Lurraren historian izandako arau guztien kontrakoa”. Ondorengo egunetan eta urteetan gertatu zena apokalipsi baten antzekoa izan zen. Lurrikarak, tsunamiak edota izugarrizko haizeteak zabaldu ziren munduko leku askotan. “Egun lazgarri horren ondorengo urteetan zehar Lurra ilundu eta hoztu zen, kedarra eta arroketako hautsa atmosferan geratu zirelako, eta horiek eguzkiaren argia oztopatzen zutelako”. Atmosferara botatako hauts horrek guztiak, funtsean, fotosintesia galarazi zuen. Ondorioz, kate trofiko gehiena suntsituta gertatu zen.

1. irudia: Taeniolabis generoko ugaztun fosilaren irudikapena, aztarnategi berriari buruz egin duten telebista erreportaje baterako egina. (Irudia: HHMI Tangled Bank Studios)

Ozeanoetan ere eragina izan zuen iluntze global horrek, fotosintesian oinarritutako planktonaren heriotza beste planktonaren eta kate trofikoaren galera ere ekarri zuelako. Baina zientzialariek aspalditik susmoa dute itsasoan izandako eragin hori ez zela mugatu soilik fotosintesira. Hala, garai horretako itsas mikroorganismoekin egindako ikerketa bat ikertu dute, eta horien bitartez ikusi dute duela 66 milioi urte dinosauroak akabatu zituen meteoritoak ozeano guztien azalaren azidotze azkarra ekarri zuela. Emaitzak PNAS aldizkarian azaldu dituzte.

Geulhemmerberg haitzuloan (Herbehereak) bildutako foraminiferoak izan dira ikerketaren abiapuntua: oskola zuten organismo unizelularrak, hain zuzen. Dinosauroak desagertu zirenean aztarnategi hori garaiko Tetis itsasoan zegoen. Haitzuloaren berezitasuna da talka izan eta ondorengo milurtekoetan bizi izan ziren organismoen zantzuak kontserbatu dituela. Horren adierazle da hamar zentimetro inguruko geruza bat. Zientzialariek uste dute asteroidearen talkak sortutako klima aldaketa azkarrak abiatutako ekaitz erraldoien ondorioz sortu zela geruza hori. Aipatutako estratu horretan zeuden buztinek lagundu dute foraminiferoen oskolen kontserbazioa luzatzen. Oskola horiek karbonato kaltzikoaz osatuta daude, eta horien sorreran badu garrantzia itsasoaren azidotasunak.

Zer gertatu zen jakiteko, oskoletan bildutako boroaren isotopo desberdinei erreparatu diete. Izan ere, oskolen osaketa isotopikoak eta oskola horiek garatu ziren itsasoaren osaketak antzekotasunak dituzte. Uraren tenperaturak kalkulatzeko oxigeno isotopoen ratioak erabiltzen diren modu berean, boroaren isotopoak uraren pH-a ondorioztatzeko adierazle bikainak dira. Egiaztatu ahal izan dute haitzuloan behin betiko gordeta geratu ziren foraminifero horien oskoletan deskaltzifikazio nabarmena dagoela.

7.000 foraminifero inguru bildu dituzte bertan. Baina beste bost lekutan hartutako laginak ere kontuan hartu dituzte: Ameriketako Estatu Batuetan, Ozeano Barean eta Ozeano Atlantikoan. Modu horretan egiaztatu ahal izan dute azidotze hori ez zela izan tokiko fenomenoa eta mundu osoko itsasoetan gertatu zela.

Itsasoaren pHaren jaitsiera 0,3koa izan zela kalkulatu dute. 100.000 urtez edo egonkorra izan ostean, eta orain ikusi duten pHaren aldaketa nabarmen hori kontuan hartuta, zientzialariek atera duten ondorio logikoa da azidotze hori izan zela, hein handi batean, itsasoetan izandako iraungipen masiboaren abiapuntua. Garaiko ekosistemetan izan zen karbonoaren ekoizpena erdira jaitsi zela uste dute ikertzaileek, eta karbono murrizketa masibo hori izan zen, hain zuzen, garaiko bioaniztasunean gertatu zen galeraren tamainaren adierazle.

Alabaina, prozesua ez zen uniformea izan, eta batez ere goiko geruzei eragin zien. Horrek sakonera gutxian bizi ziren foraminiferoen eta beste hainbat bizidunen galera ekarri zuen. Zientzialariek uste dute asteroidearen aurreko pH balioetara bueltatzeko 80.000 urte inguru behar izan zirela.

Gogoratu beharra dago, halere, badirela adituak asteroideari garrantzia aitortu bai baina beste hainbat faktore kontuan hartzeko beharra dagoela diotenak. Paleontologoen artean gero eta gehiago zabaltzen ari den joera honen alde daudenek bereziki Indiako Dekkango basalto plataforma nabarmentzen dute; horren eraketaren erantzule izan zen sumendi jarduera, gutxi gorabehera dinosauroen desagerpenarekin batera gertatu zen, eta halako jardun erraldoiak ezinbestean planeta osoko eragin klimatikoa izan zuen seguruenera. Horregatik uste da asteroidearena dagoeneko maldan behera zeuden dinosauroek jaso zuten azken kolpea baino ez zela izan.

Ugaztunen gorakada

Hondamendi globala izan arren, ohi bezala, bizitzak bidea aurkitu zuen. Science aldizkarian argitaratutako beste artikulu batean argitu dute berreskurapen hori nolakoa izan zen, Ipar Amerikaren kasuan eta lur ekosistemen kasuan bederen. Horren arrazoia izan da fosilen benetako altxor bat aurkitu dutela Coloradon (AEB), estatuaren erdialdean dauden Corral izeneko labarretan.

2. irudia: Herbeheretan dagoen Geulhemmerberg haitzuloan dinosauroak akabatu zituen talka gertatu eta gutxira bildutako foraminiferoak aurkitu dituzte. Horien ikerketan ikusi dute itsasoaren azidotzeak garrantzi handia izan zuela. (Argazkia: Michael Henehan / GFZ)

Ez dute soilik altxortzat jo fosil asko agertu direlako, animalien eta landareen fosilez gain klimaren eboluzioa aztertzeko beharrezkoak diren polen asko ere agertu direlako baizik. Hori gutxi balitz, inguruko mineral erradioaktiboek geokronologia finkatzeko aukera eman diete ikertzaileei, garaiko egutegi bat zehazteko modua izan dutelarik. Informazio “mozkorraldi” hau, noski, edozein paleontologorentzako gozoki ederra da.

Kontu honetan, are harrigarriagoa izan da inguru hori paleontologoek aspalditik guztiz “orraztuta” zegoela, baina ingurune hori beste begi batzuekin begiratzeari ekin diote oraingoan. Gakoa ez da izan puntako teknika sofistikatuak erabiltzea, inguruko geologia hobeto ulertzea baizik. Normalean paleontologoak hezurren eta antzeko aztarnen bila aritzen badira ere, oraingoan konkrezioei erreparatu diete. Urak eramandakoak diren eta ondoren arroko porotsu batean prezipitatzen diren sustantzien metaketak dira konkrezioak, eta batzuetan horien nukleoetan hezurrak aurkitzen dira. Labarretan zeuden konkrezioetan aurkitu dituzte fosilak.

Aurkitutakoen artean, 1.000 ornodunen baino gehiagoren fosilak daude, eta 6.000 landarerenak ere. Soilik horiekin garaiko mundua irudikatzeko fosil nahikoa dago, baina informazio paleontologiko honi guztiari gehitu behar zaizkie 37.000 polen ale baino gehiago. Dinosauroak agertu eta lehen milioi urteko tartean garatu ziren animalien eta landareen fosilak dira.

Ezaguna da dinosauroek betetzen zituzten txoko ekologikoak libre geratu zirenez gero, ugaztunek aukera bikaina izan zutela esparru horiek eskuratzeko, eta, modu horretan, arrakasta ebolutibo handia lortu zutela. Denborarekin, hasiera batean ugaztun txikiak zirenek tamaina handiagoa hartu zuten.

Animaliei dagokienez, talkaren ondoren arratoien tamaina zuten ugaztun batzuk baino ez ziren bertan bizi, iratzeak jaun eta jabe ziren inguru batean. Pixkanaka, milaka urte pasa eta gero, baina, palmondoak agertzen hasi ziren, eta ugaztunen tamaina ere handituz joan zen. Intxaurren antzeko haziak zituzten landareak nagusitu zirenean ugaztunek eskura zuten elikagaiaren kalitatea eta kopurua asko handitu zen. Handik 700.000 bat urtera, berriz, lekaleak agertu ziren, eta horiei esker ugaztunek 50 kilo arteko pisua hartu zuten.

Erreferentzia bibliografikoak

Michael J. Henehan, Michael J. et al., (2019). Rapid ocean acidification and protracted Earth system recovery followed the end-Cretaceous Chicxulub impact. Proceedings of the National Academy of Sciences, 201905989. DOI: 10.1073/pnas.1905989116.

Lyson, R. T., (2019). Exceptional continental record of biotic recovery after the Cretaceous–Paleogene mass extinction. Science, eaay2268. DOI: 10.1126/science.aay2268.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.