Azaroaren 26an, hitzaldia: “Begiak garunari begira”

Ekitaldiak

Asteartean, azaroaren 26an, Ondarroako Beikozinin Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta “Begiak garunari begira” hitzaldia emango du Ane Murueta-Goiena neurozientzialariak.

Gaia

Parkinsonen gaixotasunarekin lotutako neuronen degenerazio prozesua sintoma motorrak sortu baino askoz ere lehenago hasten da, hau da, moteltasuna, dardara eta muskuluen gogortasuna agertu aurretik. Honek esan nahi du, pertsona bati Parkinsona diagnostikatze zaionean, bere burmuinean dagoeneko neuronen galera handi bat gertatu dela eta, zoritxarrez, galdutako neuronak ezin dira berreskuratu.

Beraz, neuroendekapena hasi eta sintoma motorrak agertzen direnerako tarte hori izango litzateke gaixotasunaren prozesu naturala aldatzeko gai diren tratamenduak emateko momenturik egokiena. Hala ere, oraindik ez dugu eskuragarri Parkinsonen gaixotasuna aurreikusi dezakeen instrumenturik, ezta diagnostikoa duten pazienteen artean fenotipo desberdinak sailkatzeko metodorik.

Azken urteetan, Parkinsona duten gaixoen ikusmen sisteman aldaketak ikusi dira. Begia, zehazki erretina, garunaren luzapen bat da eta honek aukera bat ematen digu begiak aztertuz garuneko gaixotasunetan gertatzen diren aldaketak ulertzeko. Garuneko eskanerren eta erresonantziekin alderatuz, begia modu azkar, ez-inbaditzaile eta eroso baten aztertu daiteke. Gainera, erretinako irudien erresoluzio maila garuneko teknikena baino askoz handiago da eta, ondorioz, aldaketa sotilagoak detektatzeko gai izango lirateke, hau da, gaixotasunaren hasierako etapetan.

Beraz, begia neuroendekapeneko gaixotasunak ikertzeko bidea izan al liteke? Hitzaldi honetan Ane Murueta-Goiena ikertzaileak galdera honi erantzuteko egin diren azken ikerketen berri emango du.

Fitxa biografikoa

Ane Murueta-Goiena Larrañaga, ondarrutarra, Optiko-optometrista karrera amaitu zuen 2009an Zaragozako Unibertsitatean eta 2018an Neurozientzietan doktoratu zen UPV/EHUn. Duela bi urte Biocruces Bizkaia ( Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Osasun Ikerketako Institutua) Neuroendekapeneko gaixotasunen ikerketa-taldearen partaide bihurtu zen. Bere doktorego-tesia animalia-ereduetan burutu zuen arren EHUn, gaur egun ikertzaile kliniko bezala dihardu, Parkinsona duten gaixoen ikusmen sistema aztertuz. Bere ikerketa lanaren ildo nagusia erretinako eta garuneko neuroirudien bitartez Parkinsonen gaixotasunarekin lotutako dementzia aurreikustea da, gaixotasunaren diagnostikoa eta pronostikoa hobetzeko asmoz.

Hamar artikulu baino gehiago argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan, hauetariko lau lehen mailako aldizkarietan argitaratuak eta Parkinsonen gaixotasunarekin lotuta.

Hitzordua

“Begiak garunari begira” hitzaldia Ondarroako Beikozinin izango da azaroaren 26an, asteartea, arratsaldeko 18:30etan, Zientziaren Giltzak Elkartearen eskutik. Bertara joaterik ez duenak Periscopetik zuzenean jarraitu ahal izango du.

Azaroaren 26an, hitzaldia: “Begiak garunari begira”

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Beikozini
Helbidea
Iparragirre kalea, 10, Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.