Bigarren Mundu Gerra piztu eta naziek beldurra eragin aurretik, hiru emakumek Alemaniatik alde egin behar izan zuten garai hartan indarrean zeuden aurreiritziak zirela eta: antisemitismoak eta haiekiko errefusak behartu zituen euren jaioterria uztera. Zientzian murgiltzea zuten amets Lise Meitner, Hertha Sponer eta Hedwig Kohn fisikariek, eta alor honetan, hain zuzen, aurkitu zuten euren gordelekua, baina Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin behar izan zuten eta atzean utzi bere jaioterrian gogotsu hasi zuten bidaia.
Edonola ere, eskapatu aurretik, Alemaniako unibertsitateetan klaseak emateko titulua lortu zuten hirurek; hain justu, hori erdietsi zuten lehenengo emakumeak izan ziren. Hirurak ikerketan ibili ziren buru belarri. Kohn, bere aldetik, aitzindaria izan zen bere alorrean; argi-intentsitatea zehaztu zuen modu kuantitatiboan. Bere lana oso garrantzitsua izan zen espektroskopia atomikoan eta molekularrean.
Hedwig Kohn 1887an jaio zen, Breslavian (Poloniako hiri bat izan zen, Alemaniako Inperioko garrantzitsuetako bat). 1907an hasi zituen ikasketak unibertsitatean, emakumeek bertan sartzeko debekua zutenean. Fisikako doktoregoa ere lortu zuen, 1913an. Geroago, Kohnek azaldu zuen elkarrizketa batean hasieran ez ziotela utzi modu ofizialean matrikula egiten; alegia, “ikasle gonbidatu” gisa joaten zela klaseetara. Alabaina, berak bazekien egoera hori noizbait aldatuko zela.
Otto Lummer (1860-1925) bere mentorea izan zen, Kohnen esanetan, “fisikarako intuizio handia zuen gizona”. Ezaguna izan zen batez ere egindako erradiazio neurketen zehaztasunagatik; bere laguntza oso garrantzitsua izan zen Planck Legearen garapenean, adibidez. Lummer jabetu zen haren potentzialaz eta horregatik bere laguntzailea izateko eskaera egin zion 1914an. Jakina, Kohnek onartu egin zuen.
Lehen Mundu Gerran, irakasle eta ikasle batzuen tutore gisa lan egin zuen. Oraindik oso gaztea bazen ere, bere lanagatik domina jaso zuen. Klaseak eman eta ikerketak egin ondoren, 1930ean lortu zuen unibertsitateetan irakasteko behar zuen titulua. Halere, esan beharra dago aurretik saiatu zela hori lortzen, 1919an, baina beste oztopo bat izan zuen aurrean. Izan ere, dekanoarekin hitz egin ondoren, azken honek azaldu zion arauek argi uzten zutela kalifikazio hori “gizon gazteentzako” zela bakarrik. Arauak aldatzen hasi ziren.
Kaleratze batek piztu zuen ihesaldia
1933an, bere kargutik bota zuten judua izateagatik. Bi urte geroago, Arosan (Suitza) hiru hilabeteko lana eskaini zioten behatoki batean, eguzkiaren argi ultramorearen intentsitatea neurtzeko. Alabaina, ez zuen denbora aski izan bere ikerketa bukatzeko. Kristal hautsien gauaren ondoren, konturatu zen ahalik eta lasterren ihes egin behar zuela, baina ez zuen lan-eskaintzarik atzerrian eta horrek zailtzen zuen nolabait bere ihesaldia. Aurreiritziak agertu ziren berriro: beste herrialdeetan ez zen ezaguna, 50 bat urte zituen eta emakumea zen. Krisi-egoera horretan, Rudolf Landerburgek (1882-1952), Kohnen doktore-tesia zuzendu zuenak, lana topatzen lagundu zion. Unibertsitateko Emakumeen Nazioarteko Federazioak (IFUW ingelesez) eta Arriskuan dauden Akademikoentzako Kontseiluak esku hartu zuten egoera zail honetan eta Aberdeeneko Unibertsitatean lanpostua eskaini zioten. Hala ere, pozak oso gutxi iraun zion; gerra piztu zen eta, ondorioz, Ingalaterrak aurretik onartu zituen bisa guztiak bertan behera utzi zituen.
Garai hartan, Kohnek, Landerburgek, Meitnerrek eta Sponerrek gutun ugari bidali zizkioten Unibertsitateko Emakumeen Nazioarteko Federazioari eta, oro har, munduko unibertsitateei. Azkenean, hainbeste tematu zirenez, hiru lanpostu lortu zituzten Ameriketako Estatu Batuetan: lehenengoa, Ipar Carolinako Unibertsitateko Emakumeen Eskolan; bigarrena, Sweet Briar Unibertsitatean, Virginian; eta hirugarrena, Wellesley izeneko Unibertsitatean, Massachusettsen. Urtebeteko egonaldia egin zuten hiruek. Denbora tarte horretan, Kohni Suediara joateko aukera eman zioten eta ez zuen bi aldiz pentsatu. Ez zuen zorte bera izan Kurtek, bere nebak; 1941ean Kaunasera bidali, eta bertan hil zuten.
Fisikariari benetan zaila egin zitzaion itzulera, alegia, Stockholmotik Ipar Carolinara bidaiatzea, izan ere Atlantikoa une hartan gudu-zelaia zen. 1940an Suediako hiriburua atzean utzi zuen; trenez egin zuen bidaia Vladivostok hiriraino, eta bi hilabete geroago, Ameriketako Estatu Batuetara iritsi zen, oso gaixorik. Indarberritzeko, Chicagon gelditu zen bolada batez, bere lagun James Franck fisikariarekin (1882-1964) eta ondoren Hertha Sponer izan zuen zaintzaile Durhamen (Ipar Carolina). Jada guztiz sendatuta zegoenean, Greensboroko Emakumeen Eskolan irakasten hasi zen.
Ez zion inoiz irakasteari utzi
1942 eta 1952 bitartean, irakasle jardun zuen Wellesleyko Unibertsitatean. Horretaz gain, laborategi xume bat eraiki zuen bere ikasleekin batera ikertzeko. Bertan, absortzio atomiko bidezko espektrometria teknika erabili zuen. 1952an, erretiroa hartu zuen urte berean, irakasle emeritu titulua esleitu zion Alemaniako Errepublika Federaleko Gobernuak.
Erretiroa hartu ondoren, Dukeko Unibertsitatean lan egin zuen ikertzaile gisa 1964an zendu zen arte. Denbora tarte horretan, Kohnek zenbait ikasleren doktore-tesiak zuzendu zituen eta doktorego ondoko ikasle bi hautatu eta animatu zituen absortzio atomiko bidezko espektrometria berarekin batera ikasteko, absortzioaren ezaugarriak eta gehiengo espezie kimikoen kontzentrazioak ikertu nahi zituen eta. Oinarrian, lan hori 1912 eta 1933 urteen artean egindakoaren jarraipena izan zen.
Bere ibilbide zientifikoan zehar, erradiazio-intentsitatearen neurketa kuantitatiboan zentratu zen, argitasunean eta tenperaturan nagusiki. Gainera, “Mueller-Pouillets Lehrbuck der Physik” (1929) izeneko fisika testu-liburu bateko hainbat kapitulu idatzi zituen. Ezin da ukatu bere ikerketek eta ekarpenek finkatu zituztela Fisikako oinarri batzuk.
Iturriak
- Lewin Sime, Ruth, (1997). Lise Meitner: A Life in Physics. University of California Press, California.
- Winnewisser, Brenda P. (2009). Hedwig Kohn. Jewish Women: A Comprehensive Historical Encyclopedia. (2019ko azaroaren 22an kontsultatua)
- American Institute of Physics. Hedwig Kohn. Niels Bohr Library & Archives, American Institute of Physics. (2019ko azaroaren 22an kontsultatua)
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.