1950ean, udako egun batean, Enrico Fermi, Edward Teller, Herbert York eta Emil Konopinski fisikariek, bazkaltzera zihoazela, objektu hegalari ezezagunak (OHE) ikusi izanaren inguruan berriketan jardun zuten, besteak beste. Bazen tarte bat gaia aldatu zutela, eta, bazkaltzen ari zirela, Fermik honela esan zuen, bat-batean: “Baina non demontre daude denak?”. Besteek ez zuten nori buruz ari zen galdetu beharrik izan, berehala ohartu baitziren Lurretik kanpoko bizi adimendunik ba ote dagoen pentsatzen ari zela oraindik ere.
Oraindik Lurretik kanpoko izakien bisitarik jaso ez izanak eragiten zion harridura adierazten zuen fisikari italo-amerikarraren galderak. Fermiren ustez, Esne Bidean beste zibilizazio batzuk sortu izanaren nahiko probabilitate handia zegoen eta, horregatik, harrigarria egiten zitzaion horren frogarik ez egotea. Nahiz eta Fermi bera ez izan inpresio kontraesankor hori formulatzen lehena, gaur egun Fermiren paradoxa izenez ezagutzen da.
1961ean, Frank Drake astrofisikariak ekuazio bat diseinatu zuen, gure galaxiako zenbat zibilizaziorekin komunikatu ahalko ginatekeen jakiteko; hala ere, ariketa horren arrazoi nagusia bizitza adimendunaren bilaketari buruzko eztabaida sustatzea zen. 1975ean, Michael Hart astrofisikariak Fermiren argumentua zehatz-mehatz landu zuen zientzia artikulu batean. Eta 2013an, Sara Seager astrofisikariak Drakeren ekuazioaren bertsio paralelo bat proposatu zuen, kasu honetan gure galaxiako planeta potentzialki habitagarrien kopurua kalkulatzeko.
Alde batetik, badakigu Esne Bidean Eguzkiaren pareko milaka milioi izar daudela eta, gainera, hura baino milioika urte lehenago eratu zirela. Bestalde, oso litekeena da izar horietako batzuek gurearen antzeko planetak izatea; beraz, ez litzateke harritzekoa izango planeta horietan bizi adimenduna garatu izana. Behin horretara ezkero, ez litzateke ezinezkoa izango izaki adimendun horiek izarrarteko bidaiak egitea eta, hala, gure planetan ere egon izana edo, behintzat, haiek bidalitako zundak iritsi izana. Eta, hala ere, ez dago halakorik gertatuaren frogarik. Fermik horregatik egin zuen galdera: “Baina non demontre daude denak?”.
Jakina, paradoxa argitu ahalko luketen zenbait argumentu eman dira. Adibidez, planteatu izan da zenbait trantsiziok –adibidez, materia inertetik materia bizira, zelula bakunetik konplexuetara, edo izaki indibidualetatik sozialetara– beste mundu batzuetan denbora asko beharko zutela edo, beharbada, oraindik ez direla gertatu. Lur Bereziaren hipotesiaren arabera, beharbada gure planetako baldintzak ohiz kanpokoak dira, eta oso planeta gutxi daude horrelako ezaugarriak dituztenak. Bestalde, Lurrean bertan, bizi adimendunak oso historia laburra du; beraz, ez dakigu zenbateraino den gertaera benetan ezohikoa edo bakarra, eta arrazoi hori teknologia edukitzearen arlora estrapola dezakegu, zeina askoz ere mugatuagoa den. Proposamen apokaliptiko batek, berriz, hauxe dio: ikusita gizakiek elkar hiltzeko joera hipotetikoa dutela, bizi adimendunak, beharbada, bere burua suntsitzera joko du. Edo, agian, beste bizi mota adimendun batzuk suntsitzeko joera du, eta, horrela, bizi mota hori askoz ere iragankorragoa bihurtzen da. Beste batzuek uste dute baliabideak agortzeari lotuta dagoela zibilizazio batek galaxian zehar hedatzeko duen gaitasunaren muga. Edo, besterik gabe, ez gara behar den bezala bilatzen ari.
Modu batera zein bestera, gero eta teknologia hobea daukagu espazioa esploratzeko, eta programa espezifikoak daude hor kanpoan bizia bilatzen saiatzeko. Bertigoa emango lidake aurkituko bagenu. Baina oraindik bertigo handiagoa jakiteak bizirik ez dagoela, Unibertsoan guztiz bakarrik gaudela.
Egileaz: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.
1 iruzkina
[…] Gu al gara unibertsoko espezie adimendun bakarra? Guztik bakarrik al gaude? Ez litzateke harritzekoa izango beste planetetan bizi adimenduna garatu izana. Baina oraindik ez daukagu horren frogarik. Argumentu ugari mahaigaineratu dira hori argitzeko asmoz. Adibidez, planteatu izan da Lur […]