Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Konpost-gailuan sagua aurkituz gero, Jon Ander Galarraga biologoaren ustez, akabo konpostaje prozesua. Zer nolako eragina dute saguek konpostaje prozesuan? Zer egin antzematen baditugu? Erantzunak Konpostazank! blogean: Konposteko xomorroak: xaguak.
Ikerketa… “aspergarri” baten berri ematen digu Eider Cartonek Elhuyar aldizkarian. Inoiz inork mugitzen ikusi ez dituen harriak, AEBko Heriotzaren Ibarreko harri ibiltariak, nola mugitzen ziren ikertzea “inoizko esperimenturik aspergarriena” zela iruditu zitzaion ikertzaileetariko bati. Baina lortu dute jakitea zergatik mugitzen diren harriok: puskatzen zen izotzaren eraginez. Inoizko esperimenturik aspergarrienak argitu du Heriotzaren Ibarreko harri ibiltarien misterioa.
Ba al dakigu non bizi garen? Seguru askok pentsatuko duela, “hori galdera inozoa”. Agian. Baina, non kokatzen gara Kosmoan? Non dago gure tokia? Nazioarteko zientzialariz osatutako ikerketa-talde batek eman digute erantzuna: 100.000 bilioi eguzki dituen Unibertsoko ertz batean bizi gara, Laniakean. Eider Cartonek ematen digu honen berri Elhuyar aldizkarian: Laniakea supermultzoa da gure galaxiaren “etxea” unibertsoan.
Ikertzaileak kezkatuta daude polinizatzaileen egoera dela eta. Vigoko Unibertsitateko ikertzaileek adierazi dutenez, polinizazio-kolapso baten aurrean gaude. Gizakion landare-kultiboen %75 inguruk dute intsektuek egindako polinizazioaren beharra eta egun, polinizatzaile-galera bat dugu, biziki larria. Javier San Martín kazetariak ematen digu honen berri Zientzia Kaieran: Polinizatzaileak suntsipen bidean.
Gero eta esparru gehiagotan erabiltzen da smart terminoa: adibidez, smart materials, smart cards eta, gero eta indartsuago, smart cities, hiri adimentsuak. Baina ziur asko ez dago hain argi zer esan nahi duen hiri adimentsuak terminoak. Sarritan hiri adimentsua eta hiri jasangarria sinonimotzat hartzen dira. Josu Jugo irakasleak argitzen digu honen esanahia Zientzia Kaieran argitaratu duen Smart Cities artikuluan.
Kalamutik eratorritako zenbait substantziak minbizia duten gaixoen mina arintzeko balio dutela ezaguna da. Baina azken urteotako ikerketa batzuek iradokitzen dute gaitzari berari, minbiziari erasotzeko ahalmena ere badutela kannabinoideek. Amaia Portugal kazetariak Leire Uriguen adituarekin hitz egin du eta kannabinoideen potentzial terapeutikoen ikerketen berri ematen digu: Kannabinoideak, minbiziaren balizko etsaiak
Koldo Garcia biologoak genomaren konplexutasuna modu errazean azaltzen digu Edonola blogean. Genomaren alde kolaboratzailearen (geneak) eta alde berekoiaren (osagai mugikorrak) arteko harremanak eta hauen mekanismoak zeintzuk diren azaltzen dizkigu oraingoan. Zehatzago, genomaren eskualde bat desaktibatu eta aktibatu dezakeen metilazio mekanismoa dakarkigu Gure barneko borroka (eta 2) artikuluan.
Duela bi urte Gibraltarreko Gorham kobazuloan, 300 cm² dituen irudi grabatu bat aurkitu zuten harri batean. Ikertzaileen ustez, irudiak 39.000 urte baino gehiago ditu, eta sasoi hartan neandertalak bizi zirenez kobazuloan egilea haietako bat izan zela ondorioztatu dute. Horrela balitz, badirudi neandertalek egindako lehen errepresentazio abstraktua litzatekeela hau. Ana Galarragak azaltzen digu Elhuyar aldizkarian: Neandertalek pentsamendu abstraktua zutela frogatuko zukeen irudi bat topatu dute.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.