Giza immunoeskasiaren birusaren infekzioa saihesteko berezko ahalmena duten zenbait pertsonaren immunitate sistema aztertu dute Bartzelonako IrsiCaixa institutuan. Lortutako emaitzak baliagarriak izan daitezke etorkizunean prebentzio txerto eraginkor bat garatzeko.
Ikerkuntzari dagokionez, askotan gauzak ez dira ordenan egiten. Sarritan, atzekoz aurrera ikertzea egokitzen da: jatorritik hasi eta hortik gora egin beharrean, gertaera bat egokitzen da parez pare, eta haren atzean zer dagoen behatu behar izaten da.
Hiesa eragiten duen giza immunoeskasiaren birusa (GIB) eta haren inguruko ikerketa da horren adibide. Hona hemen gertaera: pertsona batzuk berez daude babestuta GIBetik, eta infektatuta dagoen inorekin arrisku praktikak izanda ere, ez dira inoiz kutsatzen. Eta galdera: zerk egiten ditu immune? Galdera horri erantzutea izan daiteke gakoa, etorkizunean hiesaren birusaren aurkako txerto bat garatzeko. Bide horretan aurrera pauso bat eman berri dute Bartzelonako IrsiCaixa institutuan, Journal of Infectious Diseases aldizkarian argitaratu duten artikulu batean azaldu dutenez.
Kutsatzen ez diren pertsona horiek HESN (Highly Exposed Sero Negative) izenez dira ezagunak ikertzaileen artean. Sexualki aktiboak diren populazioaren talde batzuetan prebalentzia handia du GIBak, eta hain zuzen ere talde horietako kide diren, kutsatzeko arriskua dakarten praktikatzat jotzen direnak egiten dituzten eta hala ere infektatzen ez diren pertsonak dira HESN delakoak.
Horietako batzuk hartu dituzte ikergai IrsiCaixa institutuko kideek, eta teknika berri bat garatu dute, GIBari aurka egiteko duten ustezko babesaren seinaleak detektatzeko. Teknika berri horretan dago gakoa. Izan ere, lehenago ere aztertu izan dira HESN taldeko kideak, baina aurrez baliatutako teknikekin, orain arte ikertzaileak ez dira gai izan immunitate sistemaren GIBaren aurkako erantzunak hain modu zehatzean identifikatzeko. Marta Ruiz-Riol artikuluaren egile nagusiak azaldu bezala, “saiakera berri hau garatzeko, kontuan izan dugu GIBaren aldakortasun genetiko handia, bai eta balizko erantzun immunitarioei dagokienez dagoen aukera zabala”.
Orain arteko lanean baliatu duten lagina txikia da. Izan ere, ezin da inor hiesa garatzeko arriskuan jarri besterik gabe ikerketa bat egiteko. Horrenbestez, lehendik ere eta arrazoi pertsonalak medio, bere burua kutsatzeko arriskua dakarten praktikatan kokatzen duten pertsonekin aritu behar izan dute soilik. Ez da erraza, beraz, lagin zabal bat osatzea. Horregatik, orain arteko datuak ez dira aski seinaleak ondo identifikatu dituztela ziurtzat jotzeko; jende gehiago ikertuta berretsi beharko lukete hori.
Hala ere, badaude lortutako emaitza horiek bide onetik doazela pentsarazten duten zantzuak. Izan ere, datuok bat egiten dute RV144 izeneko txertoak emandakoekin. Tailandian egindako entsegu batean aplikatutako txerto esperimental bat da hori; orain arte GIBari aurre egiteko garatu diren prebentzio txerto guztien artean, atariko emaitza onenak eman dituena. Bada, immunitate sistemaren erreakzio espezifikoei dagokienez, IrsiCaixan egindako ikerketak bat egiten du neurri batean RV144arekin egindako entseguak erakutsitakoarekin.
Ikerketa ildoa benetan bide onetik doala egiaztatuz gero, bildutako informazioa oso garrantzitsua izan daiteke etorkizunean prebentzio txerto eraginkorrak diseinatzeko, bai eta GIBaren aurkako immunitatearen inguruko ezagutza areagotzeko ere. “Azterketa berri honetako aurrerapenek inplikazio handia izan dezakete GIBaren aurkako prebentzio txerto baten garapenean”, adierazi du Christian Brander IrsiCaixako ikertzaileak eta lan honen koordinatzaileak.
Erreferentzia bibliografikoa
Marta Ruiz-Riol et al. (2014) Alternative effector-function profiling identifies broad HIV-specific T-cell responses in highly HIV-exposed individuals who remain ininfected. Journal of Infectious Diseases. doi: 10.1093/infdis/jiu534
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.