Puxika eta pozoia gordetzen dituen arraina

Dibulgazioa

Lagocephalus lagocephalus espezieko lau arrain harrapatu dituzte azken egunetan Bizkaiko Golkoan. Itsaso beroagoetan bizi ohi dira, baina noizean behin agertzen dira batzuk inguruotan. Oso toxikoak dira janez gero, baina arrantzaleek ondo ezagutzen dute eta egoera kontrolpean dago.

Globoarrainen familia (Tetraodontidae) 120 espeziek baino gehiagok osatzen dute. Izen hori hartzen dute, beren burua arriskuan ikusten dutenean ura irentsi eta puztu egiten direlako: hainbeste handitzen dira, ezen etsaiak ezin baititu jan. Espezie horien guztien artean, Lagocephalus lagocephalus da ezagunena gurean. Bizkaiko Golkoa ez da bere habitat naturala, ur beroak maite baititu, baina noizean behin agertzen dira ale batzuk. Azken egunetan mota honetako lau arrain harrapatu dituzte Zierbenan, Ean, Mutrikun eta Donostian.

Irudia: Santoñako itsasontzi batek egunotan harrapatu duen globoarraina. (Argazkia: Andrés Fernández)
Irudia: Santoñako itsasontzi batek egunotan harrapatu duen globoarraina. (Argazkia: Andrés Fernández)

Gaztelaniaz tamboril arrain ere deitzen zaio Lagocephalus lagocephalus espezie honi. Harrapatu dituzten aleetan ikus daitekeen bezala, berez arrain arruntaren itxura dute, baina sabelaldea malgua da oso, eta behar dutenean hartzen du puxika forma. 61 zentimetrora arteko luzera izan dezake, eta zilar kolorekoa da, beste arrain asko eta asko bezala; baina sabelaldea zuria da eta puntu ilunez josita dago. Ez du ezkatarik, horregatik ere bada deigarria arrain hau. Hori bai, hain zuzen ere sabelaldean, baditu arantza moduko batzuk: puzten denean agerian geratzen dira, eta babesteko baliatzen ditu.

Berez itsaso zabalean bizi da globoarrain mota hau; Ozeano Indiko, Atlantiko zein Pazifikoan. Hala ere, ur tropikaletan mugitu ohi da, berotasuna maite baitu. Dena dela, ez da inondik inora Bizkaiko Golkoan halakorik topatzen den lehenbiziko aldia. Urri agertzen da, baina ez da hain arraroa ere gure kostaldean horrelako ale solte batzuk aurkitzea. Azti-Tecnaliatik adierazi dutenez, aurtengo eguraldi epelak eta Afrikako korronteek ekarriko zituzten honaino ziurrenik. Izan ere, ur azaletik gertu bizi dira, eta ondorioz, oso azkar mugitzeko ahalmena dute.

Globoarrain hauen agerpenak ez zuen halako zalapartarik sortuko, toxikoak izango ez balira. Berez, globoarrainak animalia ornodun pozoitsuenak direla esan ohi da, Phyllobates terribilis igelaren atzetik. Izan ere, Tetraodontidae familiako kideek tetrodotoxina izeneko substantzia bat izan ohi dute gibelean eta beste zenbait organotan. Toxina honek jarduera neuromuskularrari eragiten dio, eta paralisia edo heriotza eragin ditzake kasurik larrienetan, arnas aparatuaren hutsegitea eta horren ondoriozko asfixia ekar baititzake.

Hala ere, kontuan izan behar da globoarraina janda bakarrik dagoela halakoetarako arriskua, eta ez ukituta. Japonian, esaterako, fugu deitzen zaie familia honetako arrainei, eta oso jaki preziatua eta garestia da, Juan Ignacio Perez Iglesiasek “Fugu” artikuluan azaldu zuen bezala. Haren salmenta araututa dago erabat, eta sukaldari gutxi batzuek baino ez dute fuguari zati toxikoak kendu eta hura prestatzeko lizentzia eta trebezia. Hala eta guztiz ere, fuguak eragindako intoxikazioak eta heriotzak izaten dira.

Baina globoarrain espezie asko dago, eta guztiek ez dute toxikotasun bera. Azti-Tecnaliatik azaldu dutenez, Lagocephalus lagocephalus arraina jateak kalteak eragiten ditu, noski, baina asko jan beharra dago hiltzeko. Dena dela, lasai egoteko moduan gaude: lehen ere agertu izan dira horrelakoak gurean, eta arrantzaleek ondo ezagutzen dute. Ez ditugu arrandegiko erakusleihoan ikusiko.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.