Izurdeek badakite talde-lana zer den

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Izurdeak animalia azkarrak direla bagenekien, baina, argitaratu berri den ikerketa baten arabera izurdeak, gainera, gai dira talde-lanean aritzeko eta horretarako hamarkada askoan zehar mantendu ditzaketen taldeak osatzen dituzte. Talde handi horiez gain, lankidetzan aritzeko bikoteak osatzen dituztela ere frogatu da. Izurdeen portaera ikertzeko saiakera hori lagungarria izan daiteke gure arbasoen kooperazio lana nola hasi zen ulertzeko.

talde-lana
Irudia: Izurdeen portaera aztertzea gure arbasoen kooperazio-portaerak ulertzeko eta azaltzeko baliagarria da. (Argazkia: Claudia Beer – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Hainbat hamarkadatan zehar Australia mendebaldeko Shark Bay badiako Tursiops aduncus izurdeak aztertu dira eta egindako lanek izurdeen portaerak eta bizimodua ulertzeko oso baliagarriak izan dira. Lehendik ere ezaguna zen izurdeak txistu-hotsen bidez haien artean deitzeko gai zirela, nolabait, gure izenen antzera. Izen horiek urte askoan gogoratzeko gai zirela ere ezaguna zen, eta bananduta egon diren izurdeak hogei urtez baino gehiagoz haien txistu bereizgarriak gogoratzeko gai direla frogatu da. Orain, ordea, Stephanie King eta bere lankideek frogatu dute izurdeak gai direla haien artean identifikatzeko eta lankidetzan aritzeko. Ikerketaren emaitzak Nature Communications aldizkarian argitaratu berri dira eta lan honek zetazeoen arteko komunikazioaren misterioak argitzen lagunduko du. Horrek, azken batean, gure arbasoen kooperazio portaerak ulertzen ere lagundu dezake.

Esan bezala, aspalditik ezaguna da izurde bakoitzak bere txistu-soinu bereizgarria duela, amarengandik ikasten duena izurdeak kumea denean. Izurdeentzat txistu hori gure izenaren parekoa da, izan ere, kide bakoitza gai da besteak identifikatzeko eta baita besteen txistuak imitatzeko. Azken finean, kideari deitzeko modu gisa ulertu behar da. Harrigarria dirudien arren, 20 urtez edo gehiagoz bananduta egon diren izurdeak gai dira txistu horiek gogoratzeko. Gizakiaz alde batera utzita, inoiz erregistratu den epe luzeko memoria sozial handiena da izurdeena. Hortaz, izurde bakoitzak bere txistu propioa zuela bagenekien, baina, orain frogatu dutena da txistu horiei esker izurdeak gai direla taldean kooperatzeko. Izurdeak binaka edo hirunaka antolatzen dira lehen mailako aliantza estuen moduan, baina, gero hamar edo hamalau izurdez osaturiko aliantza handiagoak dituzte. Talde handi horiek, gainera, hainbat hamarkadatan zehar mantentzen dira kideak aldatu gabe. Zientzialarien arabera, kooperatzeko gaitasun horren gakoa izurde bakoitzak duen txistu-hots bereizgarria da. Hori aztertzeko urpeko mikrofonoak eta kameradun droneak erabili dituzte urte askotan zehar gertatutakoa jarraitzeko. Hau ez da, jakina, egindako ikerketa guztiek azaleratu duten ondorio bakarra, baina, bai egunotan jakin berri dena. Frogatu dutenez, bere taldekoa den kide baten txistua bozgorailu batean entzuten duen izurdea berehala hurbiltzen dela bozgorailura. Oraindik egiteko lan asko dagoen arren, ikertzaileek frogatu dute izurdeek, gizakiok bezala, taldeko kide izatearen kontzeptu soziala dutela. Benetako lankidetzan aritzeko gaitasuna dutela, hortaz.

Ikerketa zehatz honen kasuan, grabaketak 2018 eta 2019. urtean egin ziren eta 28 eta 40 urte bitarteko izurde arrak aztertu zituzten. Bozgorailu eta droneak erabiliz burutu zuten ikerketa. Beste ondorioen artean, ikertzaileek aipatzen dute izurdeak gai direla lankidetza harreman horien kalitatea sailkatzeko eta harremanik onenak mantentzeko. King eta bere lankideen lanean izurde arren kasua bakarrik aztertu da eta emeak erakartzeko eta beste izurde-taldeetatik babesteko portaerak bakarrik aztertu dira. Hor oraindik asko dago ikertzeko eta, adibidez, ez dakigu emeek taldeko portaera hori ere modu berean antolatzen duten. Ikerketak orain arte ezagutzen ez zen lotura frogatu du, hau da, izurdeen txistu bereizgarria eta lankidetzan aritzeko gaitasuna lotuta daudela.

Erreferentzia bibliografikoa:

King, S.L., Connor, R.C., Krützen M., Allen, S.J. (2021) Cooperation-based concept formation in male bottlenose dolphins. Nature Communications, 12, 2373. DOI: 10.5061/dryad.rbnzs7hb4

Informazio gehiago:


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.