Inurriak esklabo bilakatzen dituzten inurriak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Zuzen ari gara esklabista deitzen diegunean. Esklaboak ez dira bere espezie berekoak, ikuspuntu biologikotik oso gertu dagoen beste batekoak baizik. Esklabo bilakatzen dituzte haien ahaide genetikoak, nolabait esatearren.

Inurri esklabista batzuek esklabo bilakatzen duten espezieko langileak harrapatzen dituzte, eta haien koloniara daramatzate, haientzat lan egin dezaten: haien kumeak zaintzen dituzte, defendatzen laguntzen diete, elikagaiak bilatzen dituzte eta koloniak garbi mantentzen dituzte. Ohikoena da garapen fase oso goiztiarretan harrapatzea banakoak, larba edo pupa forma dutenean; haien koloniara eramaten dituzte eta, inurri langile bilakatzen direnean, haien jabeentzat lanean hasten dira. Baina, espezie batzuetan, langile helduak harrapatzen dituzte.

inurriak
Irudia: Inurri esklabistak gizarte-parasitoak dira, eta lotura estua duten inurri-espezieen lan-indarra ustiatzen dute esklabo bilakatuz, esaterako, kumeen hazkuntzarako eta elikagaiak zaintzeko. (Argazkia: Alexa_Fotos – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Inurrietan eusozialitatea agertzeak, alegia, sozietate konplexuak garatzea, eta zeregin jakin batzuk dituzten (lana, ugalketa, defentsa) eta koloniak irauteko nahiz ondorengoak hazteko elkarlanean diharduten inurri kastak egoteak, molekula kimiohartzaileak –bai usaimenekoak bai dastamenekoak– kodetzen dituzten geneak ugaritzea ekarri zuen. Horrek erakusten du nolako garrantzia duen espezie horietan komunikazio kimikoak. Hori dela eta, interes berezia du inurri esklabisten langileak ugaltzeko gai izateak. Esan liteke ezaugarri hori berreskuratu dutela; ugalketa jarduera inhibitzen duten inurri erreginaren feromonak hautemateko eta haiei erantzuteko gaitasunaren galerari egozten zaio.

Oraintsuko azterlan batean, zortzi inurri espezieren genoma sekuentziatu dute: hiru parasito, haien hiru espezie parasitatu eta bi espezie ez parasitatu. Horren bidez ikertu nahi izan dute hiru espezie parasito horietan kimiohartzaileak galdu ote diren. Eta aurkitu dutena da parasitoek beste bost espezieen dastamen hartzaileen erdiak dituztela, eta usaimen hartzaileen hiru laurden. Beste modu batera esanda, espezie horietan galdu egin da % 50ean dastamena eta % 25ean usaimena. Beraz, bide horietatik parasitatuak identifikatzen dituztenak baino askoz substantzia gutxiago identifikatzeko gai dira.

Dastamen hartzaileen galera horren motiboa omen da espezie horiek dagoeneko ez dutela elikagairik bilatzen; izan ere, haien ordez, parasitatuek bilatzen dituzte –haiek aginduta– eta, beraz, ez dute zertan bide horretatik hainbeste informazio jaso eta deskodetu. Eta usaimen hartzaileen galeraren motiboa omen da, zati batean behintzat, espezie horietan izan den izaera eusoziala galdu edo ahuldu egin dela. Oso logikoa da, eusozialitateak kimiohartzaileak biderkatzea ekarri zuen moduan, kimiohartzaile horietako batzuk galdu izanak ezaugarri berezi horren moteltzea eragitea.

Espezie parasitoek galdutako usaimenaren gene horietako asko ohikoak dira aztertutako hiruretan. Beraz, biologook konbergentzia diogunaz ari gara; izan ere, gene horien galera independenteki gertatu da espezie horietan. Eta halako gauzak kasualitatez nekez gertatzen direnez, ondorioztatzen dena da galera abantailatsua dela, balio moldatzaile handikoa dena, seguru asko haiek sortzeak eta mantentzeak eragiten duen kostua ez delako irabazi baliokide batekin konpentsatzen.

Metafora iradokitzailea da: inurrietan, esklabotzak eusozialitatearen eta hura posible egiten duten zentzumen gaitasunen ahultzea edo galera dakar. Eboluzioak ez dio denbora gezi bati jarraitzen; giza historiak, seguru asko, ere ez.

Erreferentzia bibliografikoa:

Jongepier, E. et al. (2021). Convergent loss of chemoreceptors across independent origins of slave-making in ants. bioRxiv. https://doi.org/10.1101/2021.05.11.443570


Egilea

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.

6 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.