Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?
Duela 155 urte, 1859ko azaroaren 24an Charles Darwinek “Espezieen jatorriaz” liburua argitaratu zuen eta Koldo Garcia biologoak gogorarazi digu Edonola blogean. Koldok kontatzen digu liburu horrek iraultza bat hasi zuela, hautsak harrotu zituela eta gizarteko alor askotan eragina izan zuela: Mundua irauli zuen liburua. Izan ere, Darwinen eboluzioaren teoria zela eta, herentzia-mekanismoari buruzko eztabaida piztu zen XIX. mendean. Hala ere, herentzia biologikoaren xehetasunak ez ziren zehaztu XX. mendearen hasiera arte. Koldok kontatzen digu Zientzia Kaiera blogean, herentziaren arloaren garapena nola izan zen 1905. urtean genetika hitza izendatu zuten arte: Genetikaren ibilbidea (II): Izena duen guztia bada.
Eider Cartonek aldiz, Elhuyar aldizkarian kontatzen digu nola ikertzaile talde batek 2010 eta 2012ko udaberrian itsaspeko bat erabiliz Antartikaren ekialdeko hainbat eremuetako izotz-geruzaren lodiera neurtu zutela eta emaitzen arabera, Antartikako itsas izotza, uste baino lodiagoa da.
Bestalde, Egoitz Etxebestek Stanford Unibertsitateko ingeniariek sortu berri duten material bati buruz hitz egin digu ere Elhuyar aldizkarian. Material berri hau diseinatu dute erradiazio infragorriaren frekuentzia jakin batean beroa igortzeko. Eta, beroa kanporatzeaz gain eguzkiaren erradiazioa ia erabat islatzen du ere honek: Eguzkipean ere hozten duen materiala sortu dute.
Iker Tubiak Berrian ere beroaz mintzatu da. Eraikinak berotzeko sistema ekologikoen gaia jorratu du. Hauek, etorkizun hurbilean energiaren kontsumoa jaisteko baliagarriak izango ote diren hurbildu digu eta dauden sistema desberdinak aipatu dizkigu: gehien erabiltzen dena, egurra edo biomasa; eguzki energia, legez, eraikin berriek iturri hori erabili behar dute eta, azkenik, geotermia: Bestela ere berotu daiteke.
Amaia Portugalek elebidunok dugun gaitasun berezi baten berri eman digu Zientzia Kaiera blogean. Hizkuntza bat baino gehiagoren jabe izatea aberasgarria da berez, jakintza eta kultura aberasgarriak diren heinean. Baina ikertzaileak aspaldi hasi ziren eleaniztasunaren beste onura batzuen bila, neurozientziaren ikuspuntutik. AEBtako Northwestern Unibertsitatean egindako ikerketa berri baten arabera, bi hizkuntzaren jabe izateak baliabide hobeak ematen dizkio garunari informazioa prozesatzeko: Elebidunak azkar aukeratzen ohituta gaude.
Javier San Martin kazetariak pertsonen identifikaziorako metodoak agerian uzten ditu Zientzia Kaieran idatzi duen artikuluan. Bertan, ezaugarri biometrikoen laginketan oinarritzen dela hiritarrak identifikatzeko metodorik erabilienetakoa kontatzen digu eta baita ere, nola izakiak identifikatzeko sistema iraultzaile bat aurkeztu zen Madrilgo Unibertsitate Complutensean, indibiduoen begien gune berezi jakin batzuk identifikazioan oinarritutakoa: Zer pentsa, hala izan.
Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian Roskilde Unibertsitateko ikertzaileen lan baten emaitzen berri ematen digu. Amerikako bi sai-espezie ikertu dituzte ikertzaileok, eta ikusi dute hesteetan dituzten mikroorganismoetatik bi patogeno arriskutsuak badira bizidunontzat, saiei ez dietela kalterik egiten. Hauek lagungarriak zaizkie haragi ustela jateko: Bakterio patogenoak, nagusi saien hesteetan.
Unai Break Mundua ez da biribila blogean, genetikoki eraldatutako organismoek bizidunen osasunean duten inpaktua hobeto ezagutzeko helburua duen Factor GMO ikerketaz ari zaigu. Ikerketa 2015ean hasiko da, hiru urteko iraupena izango du eta arto transgeniko zehatz baten dosi desberdinekin elikatuko dituzte milaka arratoi, honen ondorioak aztertzeko: Transgenikoen inpaktuak neurtzeko inoizko ikerketa handiena abiatuko dute 2015ean.
Amaitzeko gure zientzia-gaien errepasoa, AZTIko Itsas Ikerketa Saileko Ekologia Molekularra taldean lanean ari den Naiara Rodriguez biologoak kontatu ziguna gogoratuko dugu. Zientzia Kaieran elkarrizketa egin zion Uxune Martinezek eta itsas ingurunearen kudeaketan lagungarriak diren analisi genomikoak egiten dituztela kontatu zigun: Naiara Rodriguez: itsas ingurunea sakon ezagutzeko lanetan diharduen biologoa.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua