Asteon zientzia begi-bistan #29

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

Argazkia: Romain Matteï
Argazkia: Romain Matteï

San Diegoko Scripps Ozeanografia Erakundeak sateliteek bildutako datuek erabiliz itsas hondoko maparen edizio berri bat argitaratu du. Aurrekoak 20 urte zituen jada eta orain kaleratu berri duten bertsio honetan ezagutzen ez ziren milaka urpeko mendien eta itzalitako sumendien datuak bildu dituzte. Alaitz Ochoa de Eribek kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Itsas hondoaren mapa berria.

Mapetatik errezeta-liburu berezi batera hurbilduko gara Koldo Garciarekin. Asteon gure biologo dibulgatzaileak Edonola blogean kontatzen digu molekula mota ezberdinen artean informazio genetikoa nola pasatzen den. Batzuetan ez errezeta bat hitzez-hitz jarraitzen eta aldaketaren bat egiten dugu. Ondorioz, errezeta beretik gauza ezberdinak lortzea posible da. Berdin gertatzen da genetikan eta gene batekin proteina pixka bat ezberdinak egin daitezke: Gauza bat da esatea eta beste bat egitea (II)

Igor Leturia informatikaria eta ikertzailea da eta doktorego-tesia defendatu berri du. Ikerketa hasi zuenean weba euskarazko corpusak sortzeko iturri egokia izan zitekeen aztertzen hasi zen. Corpusak idatzizko hizkuntzaren erreferentziazko laginak dira; testuen eta hitzen bilduma erraldoiak. Ikerketa burutu ondoren Igorrek frogatu du posible dela weba zuzenean kontsultatzea euskarazko corpus bat balitz bezala. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Weba euskarazko corpus gisa baliatzeko tresnak garatu ditu EHUko eta Elhuyarko ikertzaile-talde batek.

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaltzen digu bost ikerketa-taldek egindako aurreikuspenen arabera, ikatzaren ordez gas naturala erabiltzea, beste neurririk hartu gabe, ez dela izango eraginkorra berotze globalari aurre egiteko. Hau da, gas naturalaren hedapenak ez du onurarik eragingo klima-aldaketan, energia berriztagarrien aldeko politikak ezarri ezean. Datuak Ikatza gas naturalarekin ordezkatzea ez da nahikoa klima-aldaketa moteltzeko artikuluan.

Zientzia Kaiera blogean, besteak beste, bi zientzialarien lekukotasunak jaso dituzte: Peru S. Gamarrak fisikaria eta idazlea den Juan José Gómez Cadenas aurkezten digu. CSICeko ikertzailea da eta bertan Fisika Korpuskularreko Institutua zuzentzen du: Juan José Gómez Cadenas: “Hobeto pentsatzeko idazten dut”. Bestalde, Uxune Martinezek Mexikoko Astrofisika, Optika eta Elektronikako Institutu Nazionalean, Astrofisika Saileko burua den Itziar Aretxaga astrofisikariarekin izandako solasaldia dakarkigu: Itziar Aretxaga: nondik gatozen eta nora goazen jakin nahi duen astrofisikaria.

Eta elkarrizketekin jarraituz, Unibertsitatea.net atarian ere ikertzaile gazte baten lanari arreta jarri diote. Manex Agirrezabal EHUko IXA ikerketa-taldeko kidearekin egon dira. Informatikaria da eta berak hizkuntza teknologiek bertsolaritzan izan dezaketen ekarpena ezagutzera eman digu: Manex Agirrezabal: “Konputagailuek bertsoak modu naturalean sortzea lortuko dute“.

Edorta Arana Euskal filologian lizentziatua da. Ofizioa itzultzailea da eta gastronomiako kazetaria afizioz. Ofizioa eta afizioa batuz landu duen argitalpen baten berri ematen digu Argia aldizkariak: 4.000 hitzez osatuta dagoen elikadura hiztegia, hain zuzen ere: ‘Elikadura hiztegia’ ondu du Edorta Agirrek.

Zientzia Kaiera blogean Javier San Martín kazetariak kultura guztietan presente egon den nahi bat agertu digu asteon, hilezkortasuna. Eta horretarako, momifikazioaren sorrera eta garapena ikertzen dabilen Jana Jones ikertzaile australiarraren ikerketa aurkezten digu: Hilezkortasunaren baltsamoa. Amaia Porgutalek aldiz, 1954ko irailaren 29an sortu zen Ikerketa Nuklearrerako Europar Erakundeak, CERN, 60 urte bete dituela eta laborategi erraldoi honen historia eta lorpenak hurbiltzen dizkigu: CERN, hirurogei urte unibertsoa xehatzen.

Herman Sörgel arkitekto alemaniarrak, 1920ko hamarkadaren amaieran, Europa eta Afrika fisikoki batzeko proiektua prestatu zuen. Bai, ondo irakurri duzue, kontinente biak elkartzeko egitasmoa zen hura eta Nagore Irazustabarrenak, atzera begiratuz, Argia aldizkariko denboraren makinan istorio bitxi hau dakarkigu: Atlantropa: Afrika eta Europa josita. Bitxia bada aurreko istorioa Joxerra Aizpuruak galdera interesgarri bat luzatzen digu: Zotina arriskutsua al da? Zein izango litzateke zuen erantzuna? Ba ez, ez da arriskutsua zotina garunak esofagoa defendatzeko bidalitako seinalea da. Gehienetan urdailean azidotasun handia dugunean sortzen dena.

Errepasoa amaitzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria eta biologoa den Jon Zulaikarekin egon da Edu Lartzanguren kazetaria eta landare babestuei buruz hitz egin dute. Izan ere, Jaizkibel mendian badaude interes bereziko landare ezezagunak. Hauek zeintzuk diren azaltzen digu Berrian: Landare haragijaleak eta Euskal Herri tropikala.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude