Mary Lee Woods, izarrak sailkatzetik programazioaren aitzindaria izatera

Emakumeak zientzian

Mary Lee Woods ezaguna da, batik bat, Tim Berners-Lee ingeniariaren ama izan zelako, World Wide Web asmatu zuen programatzailearen ama hain zuzen; gaur egun Interneten erabilera nagusia oinarritzen den egitura. Mary Lee Woodsek berak izendatu zuen bere burua «webaren amona» bezala, semearen lorpenari buruzko aipamen umoretsu batean. Berners-Leek behin baino gehiagotan nabarmendu du amak nolako eragina izan duen bere lanean, ordenagailuek pertsonen bizitzari eman ziezaioketen ahalmena gogoko baitzuen Lee Woodsek:

Guretzat begi-bistakoa zen hazi ginenean zein zirraragarria zen hura, gailu berritzaile bat izateagatik ez ezik, harekin egin zenezakeena zure irudimenak soilik mugatu zezakeelako ere.

Baina Lee Woods “norbaiten ama” baino askoz gehiago izan zen.

Mary Lee Woods
1. irudia: Mary Lee Woods matematikaria 1954. urtean. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Aitzindarietako bat izan zen lehen ordenagailuak erabiltzeko baliatu zen programazioaren eremuan. 1951n, maila komertzialean salduko zen lehen ordenagailua garatu zuen taldeko kide izan zen: Ferranti Mark I. Konpainia horretan –Ferranti–, gizonen eta emakumeen soldata berdintasuna lortzeko ekimen bat jarri zuen abian, legeriak hala ezarri baino bi hamarkada lehenago. 50eko hamarkadaren erdialdean, seme-alabak izan eta etxetik aholkularitza informatikoa ematen hasi zen; hala, munduko lehen freelance programatzaileetako bat bihurtu zen.

Gurasoek ez zuten nahi alabaren helburu bakarra ezkontzea izan zedin

Lee Woods 1924ko martxoaren 12an jaio zen Birmingham hiriko Hall Green auzoan, Ingalaterran. Gurasoak maisu-maistrak ziren, eta ikastera animatu zuten alaba, hezkuntzarekin jarraitzera unibertsitateraino; garai hartan, hori ez zen oso ohikoa emakumeentzat. Emakumeen sufragioaren aldeko bilera batean ezagutu zuten elkar Lee Woodsen gurasoek; izan ere, emakumeek bizitzan ezkontzeko eta haurrak izateko aukera baino zerbait gehiago behar zutela zeritzoten. Laster matematika arloan nabarmendu zen Lee Woods, eta Birminghameko Unibertsitatean matematikako karrera ikasteko beka bat lortu zuen.

Izan ere, bertan hasi zen ikasten, baina Bigarren Mundu Gerra martxan egonik, unibertsitate bizitza eten egin behar izan zuen, bi urtez, gerra ahaleginean hasteko: bi urte eman zituen Malvern Telekomunikazioen Ikerketa gunean. 1947an, graduatu ondoren, Commonwealth-eko Behatokiko –Canberratik hurbil– (Australia) zuzendariari idatzi zion, Richard Woolleyri, hain zuzen; Wolleyk espektro elektromagnetikoaren ezaugarrien arabera izarrak sailkatzen lan egiteko kontratatu zuen. Lee Woods gustura bizi zen Australian, baina ez zegoen pozik, ordea, lan harekin, aspergarria eta errepikakorra iruditzen baitzitzaion, ez oso interesgarria.

2. irudia: Ferranti Mark I-en osagaiak. (Iturria: Wikimedia Commons)

1951n Ingalaterrara itzuli zen, baina ez zuen astronomiaren alorrean lan egiten jarraitu nahi. Nature aldizkari zientifikoan argitaratuta ikusi zuen iragarki bati erantzun zion; iragarki horretan, Ferranti izeneko konpainia bat –ingeniaritza elektrikoaren alorrekoa eta Manchesterren kokatua– matematikarien bila zebilen, eta ordenagailu programazioko prestakuntza eskaintzen zien. Konpainia, izan ere, Ferranti Mark I –Manchester Mark I ordenagailuaren bertsio komertziala– merkaturatzeko prestatzen ari zen; Manchester Mark I, izan ere, 1949an jarri zen martxan Manchesterreko Unibertsitatean. Ferranti Mark I bi kabinaz osatuta zegoen; 5 metro luze, 1 metro zabal eta 2,4 metro garaiko bi kabina horiek hutseko 4 000 hodi, 2 500 transistore, 15 000 erresistentzia eta ia 10 kilometroko kablea zuten.

Alan Turingen eskuliburuari jarraikiz

Postu horretan, Alan Turingek idatzitako eskuliburuari jarraikiz ordenagailu programak idazten ikasi zuen taldeko kide izan zen Lee Woods; Alan Turing konputazio zientziaren eta informatika modernoaren aitzindaritzat jotzen da. Turingek sortutako kodea erabiliz, teklatu baten letrak eta sinboloak kartoi mehezko txartelen edo zinten gainean egindako zuloen patroi bihurtzen ziren, eta ordenagailuak horiek irakurri eta interpretatzeko gaitasuna zuen. Programatzaileek kontzentrazio handia behar zuten, ezinbestekoa baitzen oso zehaztasun handiz jokatzea; izan ere, programatzaileek esandakoa egingo zuen makinak, «baita nahi zutenaz bestelako zerbait esanda ere», kontatu zuen Lee Woodsek elkarrizketa batean, aurrerago.

Lee Woodsen lehen lanetako bat diagnostikorako programa bat garatzea izan zen, sistemaren funtzionamendua eteten zuten zulaketa horietan erroreak aurkitze aldera. Halaber, aldi berean dozenaka ekuazio ebatz zitzaketen programetan lan egin zuen; aeronautika eta karrera espazialaren arloan oso eskari handia zuten halako programek, eta lehen ordenagailu horiek –inolaz ere ez gaurkoak bezain fidagarriak– muturrera eraman ziren eginkizun hartan.

Lee Woods Ferrantin hasi eta gutxira, enpresan lanean ziharduten emakumeek jakin zuten denbora bererako eta lan bera egiteko kontratatutako gizonei baino gutxiago ordaintzen zitzaiela. Horregatik, egoeraren inguruan zuzendaritzarekin eztabaidatzea eta emakumeen eta gizonen soldata berdintasuna eskatzea erabaki zuen; eztabaida horrek emaitza positiboa izan zuen, emakumeek soldata igoera izan baitzuten berehala eta, horrenbestez, konpainian soldata diskriminazioa amaitu baitzen. Bi hamarkada geroago, Ingalaterrak Soldata Berdintasunaren Legea (Equal Pay Act) onartu zuen, horrelako egoerak debekatzen zituena.

Mary Lee Woods
3. irudia: Mary Lee Woods 2013. urtean. (Iturria: Wikipedia)

1954an Conway Berners-Lee konpuntazio zientzialariarekin ezkondu zen; honek Ferrantin lan egiten zuen ere. 1955ean, lehen semea izan zuten, eta Lee Woods etxetik hasi zen programatzaile lanetan, beste enpresa edo erakunde batzuek azpikontratatuta. Besteak beste, Aire Ministerioarekin elkarlanean jardun zen, erakunde horrek iragarpen meteorologikoetan erabiltzen zituen aireko globoak programatzen, baita Londresko Garraio Bulegoarekin ere, autobusak kudeatzeko sistema garatzen. Aurrerago, matematikako irakaslea izan zen, eta, ondoren, programazioaren mundura itzuli zen, aholkularitza informatikoko negozio batekin, bere etxetik.

1987an behin betiko erretiroa hartu zuen, eta, 2017an, hil egin zen, 93 urte zituela.

Iturriak:


Egileaz:

Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2021eko abenduaren 16an: Mary Lee Woods, la matemática que se aburrió de clasificar estrellas y se convirtió en pionera de la programación.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.