Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Osasuna
Dementzia kasu asko helduaroan kirolik ez egiteak eragiten dituela azaldu du Alfredo Ramos-Miguel farmakologiako ikertzaileak. Euskal Herriko Unibertsitateak honen inguruko ikerketa batean parte hartu eta aurten amaitu dute. Ikerketa Alzheimerren gaixotasuna ikuspuntu epidemiologiko eta patologiko batetik ikustean datza, eta, honen barne, ariketa fisikoak gaitzean duen eragina aztertu dute. Aztertu ahal izan dutenez, dementzia probabilitatea jaitsi egiten da zahartzaroan ariketa fisikoa eginez. Alfredok azaldu duenez, oso informazio gutxi dago bizitzan egiten dugun edozerk garunean duen eraginaren inguruan. Horregatik, balio handiko ikerketa izan da hau, maila klinikoan eta giza-mailan planteatzen diren hipotesi ugari egiazta baitaitezke horrela.
Farmazia
Gaur egun, biztanleria gero eta kezkatua dago ongizatearekin eta, ondorioz, osasunarekin lotuta dagoen informazioa bilatu eta kontsumitzen du. Hau kontutan izanik, farmazia egokitzapen prozesu batean murgilduta dago, pazienteen beharretara eta osasun sistemaren aldaketetara moldatzeko. Hori dela eta, orain farmaziak bide asistentzialagoa hartu du, eta farmazialaria, sendagaien hornitzailea izateaz gain, pazientean gero eta zentratuago dagoen osasun-profesionala da. Honela, Farmazia Zerbitzu Profesional Asistentzialak (FZPAk) sortu dira, herritar guztiei zerbitzu aukera zabala eskaintzen dien farmazia komunitarioak. Datuak Zientzia Kaieran: Farmazia asistentziala, pazienteen beharretara egokitutako arreta.
Arkeologia
Aranzadi zientzia elkarteko eta EHUko aditu talde batek zazpi errotarri harrobi aurkitu ditu Jaizkibelen. Javi Castro ikertzailearen dokumentu zahar batek zuen pista. XVI. mendean Isasti izeneko pasaitar batek errotarri harrobiei egindako aipua, hain zuzen. Horrela, bilaketak hasi zituzten Jaizkibelen. Honela hasi ziren errotarri harrobiak topatzen inguru horietan. Baina aurkikuntza honetaz aparte, Zabra izeneko itsasontzi mota baten inguruko dokumentuak beste pista bat eman zien. Itsasontzi mota hau errotarriak garraiatzeko erabiltzen zen, eta Jaizkibeletik Sevillara, Cádizera, Kanarietara, Madeirara, Lisboara eta Galiziara ateratzen ziren honelako itsasontziak. Ikertzaileen ustetan, toki horietatik ondoren Ameriketara bidaltzen ziren Jaizkibelgo errotarriak. Datu guztiak Berrian: Errotarriak piririka.
Kantabriako Unibertsitateko arkeologoek egindako ikerketa berri batek erakutsi duenez, Goi Paleolitoko haurrek parte hartzen zuten labarretako eskuen margolanetan. Kantabriako Castillo, Garma, eta Fuente del Salín kobazuloetako eskuen margoak aztertu dituzte, baita Cacereseko Maltraviesokoak eta Huescako Fuente del Truchokoak ere. Egileen adina kalkulatzeko 3D-ko eredu fotogrametrikoak erabili dituzte, eta ondoren, gaur egungo egindako adibideekin alderatu. Ikerketa honek eta beste hainbatek ondorioztatzen dute haurrak komunitatearen zati garrantzitsua zirela garai horietan. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian.
Biologia
Aranzadi zientzia elkarteak herritar-zientzia proiektu bat jarri du abian, lilipen banaketa mapa bat sortzeko. Lilipa edo nartzisoen gune bat ikusiz gero, hura geolokalizatu, pare bat argazki atera eta #lilipa traola erabiliz Twitterren jartzea proposatu dute. Euskal Herrian, hiru lilipa espezie dira nagusiak: Narcissus pseudonarcissus, Narcissus minor eta Narcissus bulbocodium. Espezie babestua da lilipena, nahiz eta aurten oso garaiz eta leku dezentetan ikusi dituzten. Mikel Etxeberria Aranzadiko Botanika saileko kideak azaldu duenez, mehatxua handiagotu egiten da haien habitata galtzen doan heinean, asko basokoak eta larreetakoak direlako. Azalpenak Berrian: Lilura horiaren isla.
Mahatsondo-lerroetan landarez osatutako estalkia jartzeak dituen onurak ikertu ditu Javier Abad Zamorak, UPNA/NUPeko nekazaritzako ingeniariak. Orain arte, mahatsondoen lerroen arteko kaleetan landatu izan da landare estalkia, baina ez mahatsondo lerro berean, Abadek ikerketan egin duen bezala. Bere ikerlanean laborantza-teknika hau hiru urtez aztertu du, Ochoa upeltegietako mahasti komertzial batean. Bere esanetan, laborantza-teknika honen bidez belar txarrak kontrolatzen dira eta ez du eragin negatiborik mahatsen ekoizpenean eta ardoan. Gainera, lurzoruaren kalitatea hobetzen dela ikusi du. Datu guztiak Unibertsitatea.net webgunean.
Duela aste batzuk jada aipatu genuen txikispora, Plentziako Itsas Estazioko eta CEFASeko ikertzaileek aurkitutako bizkarroi itsastar berria. Txikispora philomaios bizkarroiaren aurkikuntzak, espezie berri bat aurkitzearen eta identifikatzearen garrantziaz aparte, beste alderdi garrantzitsu bat du: zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko dezake espezie honek. Ikertzaileen ustetan, zelulaniztasuna garatu aurretik, animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira Txikispora philomaios eboluzionatu zen. Zenbait zuhaitz filogenetiko egin ondoren, leinu primitibo bateko organismo bat dela frogatu dute, Filasterea leinuko lehen parasito konfirmatua. Ziortza Guezuragak azaltzen du Zientzia Kaieran: Txikispora: zelulaniztasuna azaltzeko parasitoa.
Genetika
Koldo Garcia kutsatzen diren minbizien inguruan idatzi du Zientzia Kaieran. Gizakiotan eta beste animaliotan, tumoreak sortzen dira zelulek beren burua kontrolik gabe bikoizten dutenean. Prozesu hori, orokorrean, indibiduo beraren barnean gertatzen da. Alabaina, espezie gutxi batzuetan aurkitu dira indibiduoen artean salto egiten duten minbizi-zelulak, txakurretan, Tasmaniako deabruan eta hainbat molusku bibalbiotan, besteak beste. Minbizi kutsakorren lehenengo kasua txakurretan aurkitu zen 1877an. Sexu bidez transmititzen da, eta zientzialariek uste dute orain dela 11.000 urte hasi zela kanidoak infektatzen. Tasmaniako deabruaren kasuan, tumore kutsakorra aurpegian garatzen da, animalia hauek elkarri hozka egiteko duten ohitura baliatuta. Beste hainbat ikerketa egin dira geroztik prozesu bitxi hau hobeto ulertzeko, besteak beste, txirla garatxodunarekin eta txirla txikiarekin.
Juanma Gallegok Zientzia Kaieran azaldu duenez, mapa eta egutegia dira itsas elefante emeen iparrorratza. Itsas elefanteek migrazio luzeak egiten dituzte. Itsaso zabalean dauden elikatze eremuetara joaten dira urtero haurdun dauden itsas elefante emeak, eta ondoren, jatorrizko hondartzetara itzultzen dira bertan erditzera. Migrazio honen mekanismoak ikertu ditu zientzialari talde batek, eta aztertu dutenez, migratzen duten itsas elefanteek badakite zein den erditzeko erabiltzen duten hondartzaren distantzia, baita bertatik milaka kilometrotara ere. Horrela, hondartzara itzultzeko momentua aurreratzen dute urrunago bidaiatu badute, eta alderantziz. Ateratako irakaspenak espeziearen kontserbazioan aurrera egiteko baliogarria izango den esperantza dute.
Ingurumena
Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, baso autoktonoak zuhaitz-landaketak baino hobeak dira ekosistementzat. Basoberritzeak garrantzitsuak dira larrialdi klimatikoari eta haren ondorioei aurre egiteko, bereziki eremu degradatu eta soilduetan. Honen harira, basoberritzeko era desberdinak aztertu ditu lan zabal batek. 53 herrialdetako 264 azterlan konparatu dituzte, planetako baso-bioma nagusiak kontuan hartuta, eta ondorioztatu dute baso autoktonoak zuhaitz-landaketak baino eraginkorragoak direla modu askotan, hala nola, karbono-metaketan, lurzoruaren higadurari aurre egiten eta biodibertsitatea ostatatzen.
Ekologia
Estitxu Villamor fisikariak, Ekopol ikerketa-taldeko kideak hidrogenoa erregai gisa erabiltzearen inguruan hitz egin du Garan. Lehenik eta behin, argi utzi nahi izan du hidrogenoa ez dela energia-iturri bat petrolioa bezala; hidrogenoa energia-bektore bat da, eta beraz, energia garraiatzen du. Hidrogenoa energia bektore gisa erabiltzea da etorkizuneko erronketako bat. Hainbat arlotan alternatiba bideragarria da hidrogenoa, baina arazo asko dakartza. Villamorrek azaldu duenez, energia berriztagarriek muga asko dituztela jabetzea garrantzitsua da. Energia berriztagarri askotan, mineral oso espezifikoak behar baitira, eta erregai fosilekiko dugun dependentzia beste mineral urri horiekiko dependentziagatik ari gara ordezkatzen.
Teknologia
2013ko irailean, George D. Morganek Rocket Girl bere liburua argitaratu zuen, Mary Sherman Morgan kimikariaren bizitzaren inguruko obra. Mary ikasten ari zela, Bigarren Mundu Gerra piztu zen eta gerra amaitzean lehergaien diseinatzaile gisa zuen curriculum bikainari esker North American Aviation enpresan lortu zuen lanpostua, Rocketdyne dibisioaren lantaldean. Honela sartu zuen espazio-ontzien ikerketaren munduan, eta urteak pasata, ospea irabazten joan zen esparru horretan. Maryk gidatutako proiektu bati esker, Hydyne erregai likidoa lortu zuten.
Astronomia
2015an, Europako Espazio Agentziaren Rosetta espazio-ontziak oxigeno molekularra topatu zuen 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan, ustetan, kantitate handitan gainera. Alabaina, orain Johns Hopkins Unibertsitateko ikertzaileek egindako analisi berri batek azalpena eman dio aurkikuntzari. Adierazi duenez, kometak bi oxigeno-gordailu ditu barruan, eta, ondorioz, benetan dagoena baino oxigeno gehiago dagoela ematen du, biltegietatik kontzentratuago ateratzen baita. Gainera, ikertzaileen arabera, oxigeno hori ez zen sortu Eguzki Sistema sortu zenean, gerora baizik.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.