Txikispora: zelulaniztasuna azaltzeko parasitoa

Dibulgazioa

Plentziako Itsas Estazioko eta CEFASeko ikertzaileek bizkarroi berri bat aurkitu dute itsas uretan: Txikispora philomaios.

Txikispora philomaios antena batean.
1. irudia: Txikispora philomaios (hutsik dagoen gezia) hemozito (gezi beltza) baten parean. Tamaina ezberdintasunaz gain, nukleoarengatik ezberdindu daitezke. (Argazkia: Urrutia, A. et al.)

Bi alderdi garrantzitsu ditu Txikispora philomaios bizkarroiaren aurkikuntzak. Batetik, bizkarroi berria aurkitu, identifikatu eta karakterizatu du ikerketa honek. Bestetik, zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko dezake, izan ere, zelulaniztasuna garatu aurretik animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira eboluzionatu zuen bizkarroi honek.

Txikispora izena aukeratu dute dute espora txiki bat delako. Philomaios hitzari dagokionez, parasitoa maiatzeko egun gutxi batzuetan bakarrik azaltzen delako jarri diote: ‘maiatzaren maitale’.

Protista bizkarroia

Txikispora philomaios protista bat da, hau da, ez animalia, ez landarea ezta onddoa ez den organismoa. Eukariotoa (nukleoa eta bestelako organuluak zelula mintzaz inguratuta duen izaki biziduna) da. Eta tamaina oso txikia du: 2.3–2.6 µm.

Amphipoda krustazeoen bizkarroi topatu dute ikertzaileek, zehazki, Echinogammarus eta Orchestia generokoak. Analisiek erakutsi dute infekzioen prebalentzia apirilaren amaieran eta maiatzean zela altuen, %64 Echinogammarus espeziearen kasuan eta %15 Orchestia espeziearenean. Gainerako hilabeteetan nekez aurkitu da infekziorik.

Amphipoda krustazeoak, osasuntsua eta txikisporarekin infektatua.
2. irudia: Echinogammarus sp. amphipodaren bi indibiduo: osasuntsua (ezk.) eta infektatutakoa (esk.). Antena, pereiopodoak eta uropodoak sinalatzen dituzte triangeluek, geziak, bere aldetik, barne organoak. Infektatutako indibiduoak (esk.) tegumentua opakoagoa du. (Argazkia: Urrutia, A. et al.)

Tegumentu (oskola) horixka eta opakoagoa, oskolaren parte batean zurruntasun galera eta loditzea, letargoa eta erantzun eza aurkezten dute Txikispora philomaiosek infektatutako indibiduoek.

Ikerketarako garrantzitsua

Duela ehunka milioi urte ustez ozeanoan zegoen organismo zelular beretik datoz munduko animalia eta onddo guztiak. Uneren batean, organismoa elkartzen eta bikoizten hasi zen, elkartutako zelulak ehunak osatuz espezializatzen joan ziren eta, momenturen baten, gorputz bihurtu ziren: marmoka mikroskopikotik balea urdin erraldoiraino. Zelulaniztasuna garatu aurretik animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira Txikispora philomaios eboluzionatu zela uste dute ikertzaileek.

Bizkarroiari egindako analisiek Filasterearen barruan kokatzen dute, Choanoflagellatearekin batera, Metazoarengandik (animaliengandik) hurbilen dauden protistak. Zenbait zuhaitz filogenetiko egin ondoren (bere DNA eta ahaide hurbila izan daitekeen bestelako indibiduoen DNA konparatu ondoren) leinu primitibo bateko organismo bat dela frogatu dute. Bereziki garrantzitsua da Filasterearen barruan kokatzeak, leinu honetako lehen parasito konfirmatua baita.

Animaliak eta onddoak bereizi ziren puntutik hurbil kokatzen da, beraz, Txikispora eta parasito honen DNAtik abiatuta egindako azterketa filogenetiko eta filogenomikoak laguntzen ari dira ulertzen zer aldaketa eta egokitzapeni esker gertatu zen trantsizio hura, organismo zelulabakar mikroskopikoetatik animalia eta onddo zelulaniztunetara.

Filogenetikaren ikuspegitik dagokion taldean kokatzeak zailtasun handia izan da. Zailtasun honi, gainera, gehitu behar zaio ikertzaileei oso zaila egin zaiela itsasoko uretan aurkitzea, esan bezala, apirila amaieran eta maiatzean baino ez baita aurkitzen anfipodoen komunitatean; badirudi urteko gainerako hilabeteetan desagertu egiten dela.

Hau guztiau gutxi balitz, ikertzaileek azaltzen dutenez, Txikispora ez da espezie berri bat soilik; inolaz ere. Izena ematen dio genero berri bati, familia berri bati, ordena berri bati eta abar. Orain Txikisporidae familia berria dago.

Erreferentzia bibliografikoa:

Urrutia, A. et al. (2021). Txikispora philomaios n. sp., n. g., a micro-eukaryotic pathogen of amphipods, reveals parasitism and hidden diversity in Class Filasterea. Journal of Eukaryotic Microbiology, 69, e12875. DOI: 10.1111/jeu.12875

Iturria:

Animalien zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko duen parasitoa, Txikispora philomaios, Campusa, Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkaria.


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.