Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Kimika
Rocío Benaventek Ruth Benerito asmatzailearen inguruan idatzi du Zientzia Kaieran, kotoia eraldatu baitzuen kimikari honek. Kotoia munduan gehien erabiltzen den ehun zuntzetako bat da. Alabaina, 50. hamarkada aldera, beste zuntz sintetiko batzuekin alderatuta, kotoia zimurtu egiten zen. Hau ikusirik, Beneritok zimurtzen ez zen kotoia sortu zuen. Zehazki, zelulosa polimero kateen arteko hidrogeno lotura ahulen ordez, lotura sendoagoak jarri zituzten. Hala, kotoiarekin egindako arropak zimurrik gabe ateratzen ziren garbigailu eta lehorgailutik. Ruth Beneritok kotoiaren zientzian egindako ekarpenak XX. mendeko berrikuntza teknologiko garrantzitsuenen artean sartu izan dira.
EHUko ikertzaile talde batek pertsona baten heriotzatik zenbat denbora igaro den jakiteko teknika berria garatu du. Hezurren analisi kimikoan oinarritzen da teknika, eta beraz, ez suntsitzailea da. Izatez, bi tresna analitikoen konbinazioa da erabili dutena: Raman espektroskopia eta kimiometria. EHUko SGIker Analisien Zerbitzu Nagusiko kimikari Luis Bartolomek azaldu duenez, gaur egun auzitegi analisiaren arloan eskari handia dago datu hori zehaztasunez jakiteko. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Hezurren ‘post mortem’ tartea kalkulatzeko teknika.
Antropologia
Neandertalen galeraren ebidentzia aurkitu dute Aranbaltza II aztarnategian (Barrika). Ikertzaileek badakite duela 50.000-40.000 urte gertatu zela Neandertalen galeraren prozesua, baina ez da erraza prozesu horren arrastoak topatzea. Alabaina, Aranbaltzako ikertzaileen ustetan, honen inguruko aurkikuntza egin dute. Izan ere, Erdi Paleolitoko harrizko tresneriarekin zerikusirik ez duen beste kultura bateko tresnak daude aztarnategian, Chapelterroniar kulturakoak, eta bien artean mila urteko eten bat dago. Beraz, uste da Aranbaltzan zeuden neandertal-taldeak desagertu egin zirela, eta Akitaniatik etorritako taldeek leku hori hartu zutela gero. Hau Neandertalen galeraren ebidentzia izango litzateke. Ana Galarragak azaldu du Elhuyar aldizkarian.
Osasuna
Unibertsitatea.net webgunean Ane Olazagoitia ikertzaileari egindako elkarrizketa dago eskuragarri. Ane doktoregoa egiten dabil gaixotasun autoimmune konplexuen genetikaren inguruan, FUNctional genetics of IMMUNE disorders ikerketa-taldean. Zehazki, eritasun zeliakoarekin dabiltza lanean, eta, azaldu duenez, bere taldeak lehen aldiz ikusi zuen zeliakia eragiten duen glutenak RNAn ere aldaketak sortzen dituela. Beste ikertzaile talde batzuk erakutsi zuten zenbait kanpo eragilek RNA molekuletan aldaketak sortzen dituztela, baina frogatu gabe zegoen eritasun zeliakoaren kasua. Anek uste du gaixotasuna ulertzeko pista berriak emango dizkiela aurkikuntza honek, gaixotasunaren hasierako pausutan garrantzitsua izan daitekeen prozesu bat baita.
Pandemiaren etorkizunari buruzko gogoeta egin du OME Osasunaren Mundu Erakundeak, COVID-19ari aurre egiteko hirugarren prestakuntza planaren barruan. Honen harira, adituek azaldu dute litekeena dela SARS-CoV-2 birusak eboluzionatzea, baina eragin dezakeen gaitza indarra galduz joatea. Izan ere, herritarren immunizazio maila altua da. Alabaina, badaude beste ikuspegi batzuk ere. Baikorrenean, ez litzateke beharrezkoa izango dosi gehigarriak jartzea, birusa geroz eta arinagoa bihurtuko litzatekeelako. Ikuspegi ezkorrenek diotenez, bestalde, mutazioak erasokorragoak izango lirateke, eta immunitatea nabarmenki apalduko litzateke. Azalpenak Berrian: Izurriaren bukaera OMErentzat: aldaera berrien eta desoreka sozialen araberakoa.
Biologia
160 hirietako hirusta zurien populazioa aztertu dute hauen egokitzapena ezagutzeko. Ikerketa honen helburua hirietan eta landa-eremuetan eboluzioa desberdina ote den aztertzea zen. Horretarako, landaretxo hau aukeratu zuten, munduan zeharreko hainbat hiritan nahiz landa-eremutan bizi baita. Azterketa egin ondoren, ikusi zuten antzekotasun gehiago zutela hiritako indibiduoek beraien artean landa-eremuetako bizilagunekin baino. Zehazki, substantzia kimiko baten presentzia aztertu zuten landareetan, hidrogeno zianuroarena, hain zuzen. Honela, ikertzaileak ohartu ziren landareak hiriaren erdigunetik zenbat eta urrunago egon, intsektizida naturala sortzeko probabilitatea handiagoa zela. Desberdintasun hau hirietako landaretza faltarekin erlazionatu zuten. Datuak Zientzia Kaieran: Hiriak, jokalari berriak eboluzioan.
Muskuiluak etorkizuneko elikaduraren gakoetako bat izan daitezke. Oraintxe bertan, behar adina janari ekoizten dugu, baina gizateriaren proportzio handi batek ez du nahikoa diru hura fisikoki eskuratzeko. Arazo honi konponbidea eman dakioke mitilikulturak, muskuiluen hazkundeak, hain zuzen. Xabier Irigoien, AZTI-BRTAren zuzendari zientifikoak azaldu duenez, muskuiluen ekoizpenak oso ingurumen-aztarna txikia du; gainera, teknologikoki sinplea da eta proteina eta gantz-azidoen iturri ona dira. Xehetasun guztiak Muskuiluak, berriro ere, gizakion salbatzaile? artikuluan.
Medikuntza
Egoitz Etxebestek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, mina desberdin prozesatzen da emeen eta arren neuronetan. Brain aldizkarian argitaratu berri duten ikerketaren arabera, arratoi eta gizaki ar eta emeen bizkarrezur-muineko neuronek mina desberdin prozesatzen dute. Zehazki, hezur-muineko ehunak aztertuz jakin ahal izan dute BDNF hazkuntza-faktoreak minaren seinalea anplifikatzen duela arratoi eta gizaki arretan, baina ez emeetan. Alabaina, arratoi emeei obarioak erauzitakoan, arretan bezala anplifikatzen da mina, eta, beraz, hormonen kontua dela ondorioztatu dute.
Genetika
Berrian irakur daitekeenez, giza genoma bat osorik sekuentziatzea lortu dute. Orain dela 21 urte, Giza Genoma Proiektua aurkeztu zuten giza genoma sekuentziatzeko helburuarekin, baina %8 sekuentziatzeko geratu zen. Orain, ordea, oso-osorik sekuentziatu da, eta genomaren bertsio honek nukleotidoen 3.055 milioi base pare eta 19.969 gene kodifikatzaile ditu. Ikertzaileen ustetan, falta ziren zatiei erreparatuta aurkikuntza handiak egin daitezke. Besteak beste, hainbat gaixotasun genetiko hobeto ulertu ahal izango dira, eta baita ugaltzea, gizakien aniztasuna eta giza eboluzioa bera ere.
Scientific Reports aldizkarian argitaratu duten ikerketa baten arabera, arrainek batuketak eta kenketak egin ditzakete. Ziklido batekin (Pseudotropheus zebra) eta arraia batekin (Potamotrygon motoro) egin dituzte esperimentuak, espezie bakoitzeko zortzi arrainekin. Esperimentuan zehar, arrainek kolore urdina bat gehitzearen sinbolo gisa ulertu behar zuten, eta horia bat kentzearen gisa. Honela, sei ziklidok eta lau arraiak ikasi zuten batuketa eta kenketa horiek ongi egiten. Ikertzaileek aztertu zutenez, ziklidoek azkarrago ikasi zuten arren, baina arraiek gehiagotan asmatzen zuten erantzun zuzena. Egoitz Etxebestek azaldu du Elhuyar aldizkarian.
Informatika
EHUko Informatika fakultateko Ixa ikerketa taldeak euskarazko kalitate handiko corpusa sortu du, eta EusCrawl izena jarri diote. Corpusak funtsezkoak dira hizkuntzan oinarritutako aplikazioak sortzeko, besteak beste, laguntzaile adimendunek (Alexa, Siri, Google Assistant…), bezeroen arretarako txatbotek edo itzultzaile automatikoek erabiltzen dituzte. Teknologia hau hizkuntzan oinarritutakoa denez, testuak eman behar zaizkio, eta ikerketa-talde honek euskarazko testuak gehitu ditu. Bi helburu ditu Ixak: corpus handiagoak biltzea, eta testu gutxiagorekin ikasteko gai izango diren hizkuntza ereduen ikerketa bultzatzea. Honela, euskara hizkuntza gutxitua izatearen mugei aurre egin nahi diete. Datuak Berrian: Euskara ona makinentzat.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.