Asteon zientzia begi-bistan #389

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Biologia

Alicia Gascon Gubiedak UPV/EHUn lan egiten du, immunologia, mikrobiologia eta parasitologia departamenduan. Newcastlen egin zuen tesia Gasconek eta Euskal Herrira itzuli da berriz, zeluletan aldaketak eragiten dituzten PAR proteinak ikertzeko. Gorputzean zelula-mota asko ditugu, eta mota hauetako bakoitzak bere egitura edo atalak ditu. Bada, atal berezi hauek sortzeko, zelulek polaritate seinaleak erabiltzen dituzte eta PAR proteinek sortzen dituzte seinale hauek. Honen harira, Gasconek PAR proteinak eta aktomiosina-eskeletoaren arteko feedback mekanismoa azaltzea lortu du. Informazio horrekin, zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu du bere taldeak. Elkarrizketa osoa Unibertsitatea.net webgunean aurki daiteke. Alicia Gascon: “Zelulen egitura eta antolaketa hobeto ulertzea lortu dugu”.

Science aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, giza genoma oso-osorik deskodetzea lortu dute. Giza genomaren zati txiki bat (% 8) oraindik guztiz ezezaguna zen. Orain, ordea, teknologia eta metodo berriak erabiliz, Telomere-to-Telomere (T2T) nazioarteko partzuergoak lortu du falta ziren hutsuneak betetzea. Zelula-lerro berezi bat erabili dute honetarako, amaren DNA errefusatu eta aitarena bikoiztu zuen enbrioi baten zelula-lerroa. Zelula horiek gene bakoitzaren bi kopia desberdin izan beharrean bi kopia berdin dituzte, eta horrek erraztu egin du zati ezezagunak deskodetzea. Azaldu dutenez, sekuentzia berri gehienak zentromerotan eta telomerotan daude.

Gure gorputzean metatutako gantzak uste baino funtzio gehiago betetzen ditu. Urte askoan pentsatu izan da ehun adiposoaren funtzio bakarra gorputzeko energia gordetzea zela. Gaur egun, ordea, badakigu ehun adiposoak beste organoen funtzioak erregulatzeko gai diren hainbat molekula garrantzitsu jariatzen dituela. Horrela, ehun honetan desorekak gertatzen direnean, obesitatea adibidez, funtzio biologikoak galdu eta gaixotasunak garatzen dira (diabetesa, hipertentsioa, aterosklerosia etab.). Baina oraindik ere badaude ehun honen inguruan ezagutzen ez ditugunak. Joan den martxoan bertan, gizakien eta saguen gorputzeko ehun adiposoaren atlas bat argitaratu da Nature aldizkarian, eta aurrez ezagutzen ez ziren zelula adiposo motak ere barne hartzen ditu. Azalpenak Berrian: Gorputzeko gantza: energia gordailua baino askoz gehiago.

Ingurumena

Euskal Herrian azterturiko ibai guztietan antibiotikoak topatu ditu Europako ikerketa batek. Aragoi, Arga, Aturri, Bidasoa eta Urumean hartu dituzte laginak eta denetan topatu dituzte botikak, batez ere herri eta abere haztegi handien inguruan. Kontzentrazio handienak Ebroren arroko ibaietan aurkitu dituzte, zerri eta hegazti haztegietan, esaterako. Hau arriskutsua da; izan ere, ingurunean hainbeste antibiotiko egoteak probableagoa bihurtzen du bakterioek hauekiko erresistentzia irabaztea. Eta bakterioak erresistentzia hau irabazten badute, ondoren botika horiek ezin dira erabili gaixotasunak sendatzeko. Honen harira, ura garbitzeko hiru teknologia aztertu dituzte, horietako bat fotokatalisia. Titanio oxidozko nanopartikulen bidezko fotokatalisiaren bidez, uretako konposatuak oxidatzen dira argiaren uhin luzera jakin batean, baita bakterioak ere. NILSA Nafarroako Tokiko Azpiegiturak Sozietate Anonimoko ikerketa-taldeak sistema bat sortu du fotokatalisiaren bidez ur zikinei antibiotikoak kentzeko ibaietara isuri aurretik. Praktikan erabiltzeko, ordea, hainbat faktore aintzat hartu behar dira. Eraginkortasuna eta prezioa, esaterako. Modu eraginkorrena sistema hau antibiotikoak isurtzen dituzten lekuetan ezartzea, ibaira isuri aurretik.

Psikologia

Kontzientzia edo onginahi soziala ebaluatu dute, ezaugarri demografiko, politiko eta ekonomikoekin duen lotura maila aztertuz. Nazioarteko azterlan batean hainbat kulturatako hogeita hamar herrialde industrializatutako zortzi mila pertsona baino gehiago ebaluatu dira. Ikerketa horren emaitzarik nabarmenena zera da, herrialdeen arteko kontzientzia sozialaren alderaketa egiten denean, lotura handia ikusten dela kontzientzia sozial horren eta ingurumen jardunaren indizearen artean. Ingurumen jardunaren indizeak herrialdeek ingurumen politikako helburuekiko duten hurbiltasun maila adierazten du. Gainerako faktoreen eragina arbuiagarria da faktore hori kontuan hartzen denean. Azalpenak Zientzia Kaieran: Onginahi sozialak aurpegi bat baino gehiago ditu.

Bakoitzak erabilera-eredu propio bat du mugikorrean nabigatzen duenean. Emaitza hau da ikerketa berri batek aditzera eman duena eta horren ondorioz, gure mugikorreko aplikazioen erabilera patroiek nor garen esateko gai dira. Ikertzaileek 780 pertsonaren telefono adimendunen datuak aztertu zituzten. Lortutako datuekin estatistika-eredu bat sortu zuten eta eredu horrek ikasi egin zituen esperimentuko parte-hartzaileen erabilpen patroiak. Horrela, ereduak balizko erabiltzaileen 10 izenen zerrenda bat ematen zien eta erantzunen %75ean zerrendan aurkitzen zen erabiltzaile zuzena. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Mugikor salatariak.

Osasuna

Ana Galarragak Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, Oxford Unibertsitateko ikerketa batek ez du erlaziorik aurkitu mugikorrak erabiltzearen eta buruko tumoreen artean. Ikerketa horretan Erresuma Batuan 1935-1950an jaiotako lau emakumeetatik batek parte hartzen du. 776.000 parte-hartzailek mugikorraren erabilerari buruzko galderak erantzun dituzte, lehenik 2001ean eta 2011n ondoren. Hamalau urte horietan zehar buruko tumoreak izan ote dituzten aztertu dute, eta ez dute inolako erlaziorik topatu mugikorrak erabiltzearen eta tumoreen artean.

Gizakiok, hainbat izaki bizidunek bezala, erritmo zirkadianoa dugu. Erritmo hori eguzkiak erregulatzen duen argi-iluntasun zikloak zuzentzen du 24 ordutan zehar. Bada, Tel Aviveko Unibertsitateko ikerketa-talde batek ikusi du ziklo horretan gertatzen diren aldaketek gainelikadura eta obesitatea ekar ditzaketela. Ikertzaileek boluntarioak bi taldetan banatu zituzten, eta denek kilokaloria kopuru berdina jaten bazuten ere, eguneko momentu ezberdinetan egiten zituzten otorduak. Ondorioztatu zutenez, ondo gosaltzeak eta arin afaltzeak pisua kontrolatzen laguntzen du. Are gehiago, ez gosaltzeak pisua handitzea eta gehiegizko pisua agertzea ekar dezake. Eduardo Angulok idatzi du Zientzia Kaieran: Jateko ordua.

Emakumeen osasunari buruzko ikerketek ugalketa-osasunean jartzen dute fokua. Osasunean eta medikuntzan espezializatutako aldizkarietan ugalketa-osasunari buruzko ikerketak dira ugarienak. Minbiziaren ingurukoak daude bigarren sailkapen horretan, baina emakumeei erasaten dieten gaitz nagusiei buruzkoak behar baino urriagoak dira. Gainera, sasoi ugalkorrean eta haurdunaldian jartzen dute arretarik handiena ikerketa gehienek, eta ia ez dira agertzen bizitzaren beste sasoiei buruzkoak. Minbiziei buruzko ikerketetan ere, bularrekoak eta umetoki-lepokoak dira ia denak, eta ez dira agertzen kalte handia eragiten duten beste batzuk, esaterako, biriketakoa eta kolon eta uzkikoa. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Emakundek plazaratutako txosten batek erakutsi du psikiatriako larrialdietan ere genero-alborapena dagoela. Psikiatriako larrialdietan egindako balorazioan, erabilitako proba osagarrietan, eta ezarritako tratamenduan genero-alderik badagoen aztertu nahi izan dute. Hala, emakumeetan asaldura-mota batzuk askoz ere ohikoagoak direla ikusi da. Hala nola, nahaste neurotikoak, nortasunaren nahasteak eta elikadurarekin eta beste disfuntzio fisiologiko batzuekin erlazionatutakoak ohikoagoak dira emakumeetan. Emaitza hauek ikusirik, azpimarratu dute lotura estua dagoela berezko biologiarekin, baina baita gizarte- eta ingurune-mailan ere; indarkeria eta laguntza sozialeko eta emozionaleko sare urria, besteak beste. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.