Mugikor salatariak

Dibulgazioa

Gure mugikorreko aplikazioak nor garen esateko gai dira. Tresna informatiko hauen erabilerak salatu egiten gaitu, bakoitzak erabilera-eredu propio bat baitu eta, honi esker, milaka pertsonen artean nor garen jakitera eman daiteke. Emaitza hau da ikerketa berri batek aditzera eman duena.

mugikorreko aplikazioak
Irudia: mugikorreko aplikazioak egunero erabiltzen ditugun tresna informatikoak dira. (Argazkia: Tim Hauswirth – Pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Pertsona batek bere mugikorrean dituen aplikazioen egun bateko erabilera kontuan hartzea nahikoa litzateke norbanako hori identifikatzeko. Emaitza hau plazaratu da Psychological Science aldizkarian, Lancaster eta Batheko Unibertsitatetako ikertzaileek gauzatu duten ikerketa baten ondorioz.

Ikerketak ikusi dute mugikorreko aplikazioak edo app-ak erabiltzerakoan bakoitzak patroi zehatzak gauzatzen dituela. Hau da, nabigazio erabilera-eredu zehatz eta pertsonala jarraitzen du erabiltzaile bakoitzak eta honek besteekiko desberdintzen du. Nabigazio arrasto hauei esker, erabiltzaile-talde handi baten artean nor garen jakin daiteke.

Pausoz-pauso

Telefono mugikorrek, erostean, aplikazio jakin batzuk dituzte, baina erabiltzaileek aplikazio berriak deskargatzen dituzte. Beraz, eman diezaiogun erantzuna galdera zehatz bati: zenbat aplikazio ditugu mugikorrean? Erabiltzaile baten batez besteko aplikazio-kopuruari erreparatuz gero, datuek erakusten dute 35 tresna informatiko ditugula instalatuta gure sakelakoetan. Horien artean bi dira ohikoenak:

  • lehenak, janaria eskatzeko aplikazioak, eta
  • bigarrenak, arropa edo zapatak erosteko aplikazioak.

Janaria eskatzeko eta erosketak egiteko 7 aplikazio ditu erabiltzaile arrunt batek instalatuta eta horrez gain, turismoari lotutako aplikazioak, garraioarekin lotutakoak, mezuak bidali eta jasotzeko tresnak eta denbora-pasakoak dira usuenak.

Behin aplikazioen ezaugarriak ezagututa ikertzaileek esperimentuak jarri zituzten martxan horien erabilera aztertzeko. Funtsean, 780 pertsonaren telefono adimendunen datuak aztertu zituzten. Ikertzaileek guztira 4.680 eguneko erabilerari buruzko datuak sartu zituzten datu-base batean, hau da, aplikazioen erabilerari buruzko nabigazio datuak. Egun horietako bakoitza 780 erabiltzaileetako batekin lotu zuten eta eredu estatistikoak sortu zituzten. Horrela, estatistika-ereduek ikasi egin zituzten esperimentuko parte-hartzaileen erabilpen patroiak.

Ondoren, ikertzaileek parte-hartzaileei telefono berri bat eman zieten eta berarekin jarduteko eskatu. Telefono anonimo horietan egindako erabilerari buruzko datuak bildu eta estatistika-ereduei ematen zizkioten inongo erreferentziarik gabe (erabiltzaileen datuak ezkutuan mantenduz). Behin datuak sartuta ikertzaileek ereduari eskatzen zioten esateko ea nor izan zitekeen erabiltzailea. Ereduak balizko erabiltzaileen 10 izenen zerrenda bat ematen zien eta erantzunen %75ean zerrendan aurkitzen zen erabiltzaile zuzena.

Horrela probatu zuten ea modelo estatistiko horiek gai ziren pertsona bat identifikatzeko besteen artetik, ezagutzen ez zuten telefono baten jardueraren egun bakarreko datuak emanda (eta erabiltzailearen datuak ere anonimoak izanda). Hainbat aldiz errepikatu zituzten saioak eta ereduek 3tik 1ean zuzen identifikatzen zuten erabiltzaile zehatza.

Nabigazioaren arrastoak salatari

Ikertzaileek egiaztatu zuten gure sakelako nabigazio patroien bidez eredu estatistikoak gai liratekeela pertsona zehatzak identifikatzeko eta telefonoaren egun bakarreko erabilera nahikoa litzatekeela horretarako. Besteak beste, honako ondorioak ekarri ditu ikerlanak:

  • teknologia erabiltzen dugunean gure portaerak arrasto digital bat uzten du. Denboran zehar egiten dugun aplikazioen erabilerak patroi koherente bat jarraitzen du. Hau da, nabigazio ohitura egonkorrak ditugu. Horrela, jendeak portaera digitalaren eredu bereizgarriak erakusten ditu beste ehunka pertsonekin alderatuz gero ere.
  • Aplikazio bat deskargatzerakoan sarritan baimena ematen diegu softwareei datuak ikusteko eta biltzeko. Beraz, telefonoen jarduera estandarra erregistratuz gero, erabiltzaile baten identitateari buruzko perfila sor lezakeela, baita bere kontutik deskonektatu denean ere. Azken finean, posible da erabiltzaile bat identifikatzea, aplikazioen barruan dituen elkarrizketak edo portaerak monitorizatu gabe.
  • Laburbilduz, mugikorrak salatariak dira.

Ikerketan parte hartu duten adituen esanetan, besteak beste, garrantzitsua da aitortzea aplikazioen erabilera-datuek (askotan telefono adimendun batek automatikoki biltzen dituenak) pertsona baten identitatea adieraz dezaketela eta honek segurtasun eta pribatutasun inplikazioak dituela gaur egun. Bestalde, gizakiok ohiturazko animaliak garela dioen esaera egiazkoa dela baieztatu du ikerketak. Hala diote, behintzat, gure mugikorreko erabilera patroiek. Izan ere, bizitza digitalean ere portaera egonkorrak erakusten ditugu.

Iturria:

Las veces que abres las apps de tu móvil pueden servir para identificarte.

Erreferentzia bibliografikoa:

Shaw, Heather et al. (2022). Behavioral consistency in the digital age. Psychological Science, 33 (3), 364-370 . DOI: https://doi.org/10.1038/s41467-022-28195-x


Testuaren egokitzapena: Uxune Martinez

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.