Hitzaldia, apirilaren 25ean: “Supereroankortasuna, markak hausten”

Ekitaldiak

supereroankortasuna

Supereroankortasuna materialen konplexutasuna islatzen duen propietate berezi eta bikaina da. Metal batzuk, tenperatura ia zero absolutura jaisterakoan, euren erresistentzia elektriko osoa galtzen dute. Supereroaleak, beraz, itzelezko materialak dira, ez baitiote korronte elektrikoari inongo erresistentziarik ezartzen, eta ondorioz, galerarik gabeko elektroi garraioa lortzeko eta eremu magnetiko bortitzak sortzeko erabil daitezke. Honek, teknologia iraultza bat ekar lezake esparru askotan. Supereroaleak lortzeko tenperatura oso hotzak behar direnez ordea, supereroaleen teknologia oso poliki ari da garatzen tamalez.

Giro-baldintzetako supereroankortasuna lortzea da, hortaz, fisikaren erronkarik nagusienetakoa. Azken bost urteetan aurrerapen handiak egon dira hidrogeno konposatuetan. Inoiz behatu diren supereroale beroenak aurkitu dira, 15ºC-tan ere supereroale direnak. Tamalez, oso presio handia behar da hauek supereroale bihurtzeko. Itxaropena dago, ordea, hidrogenotan aberatsa den konposaturen batean giro-presioan ere tenperatura altuko supereroankortasuna behatzeko.

Gai hauen inguruan hitz egingo du Ion Errea fisikariak “Supereroankortasuna, markak hausten” hitzaldian. Hitzaldia apirilaren 25ean izango da, Ondarroako Beikozinin, Zientziaren Giltzak Elkarteak antolatuta arratsaldeko 18:30ean.

Hizlaria:

Ion Errea Lope, (Donostia, 1984) Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) lizentziatu zen Fisikan 2007. urtean eta 2011.ean doktoratu zen. Doktorego osteko ikertzaile aritu da Parisko Université Pierre et Marie Curie-n eta Donostia International Physics Centerren (DIPC). Finalista izan zen 2015 Volker Heine Young Investigator Award sarietan, eta Journal of Physics: Condensed Matter zientzia-aldizkariak Emerging Leader izendatu zuen.

2015etik da irakaslea EHUko Fisika Aplikatua Sailean. Horrez gain, EHUren Materialen Fisika Zentroan Quantum Theory of Materials ikertaldeko burua da 2018tik aurrera, eta baita DIPCeko ikertzaile elkartua ere.

Bere ikerketa-ildo nagusia solidoen propietate konplexuak kalkulatzeko metodo teorikoak garatzea da: efektu kuantikoak eta ezharmonikoak bibrazio atomikoetan; elektroi-fonoi interakzioa; eta metodo horiek aplikatzea supereroaleetan, hain zuzen, hidrogenoan oinarritutakoan, material termoelektrikoetan, solidoen eta nanoegituren fase-trantsizioetan eta abarrean.

Ion Errea liderra da ERC-European Research Councilek finantzatzen duen Starting Grant proiektuko Discovery and Characterization of Hydrogen-Based High-Temperature Superconductors egitasmoan. Gainera, beste agentzia batzuek finantzatzen dituzten ikerketa-proiektuetan hartzen du parte (Espainiako Gobernua, PRACE, etab.).

Ikerketa-lan horien guztien ondorioz artikulu zientifikoak argitaratu ditu ospe handiko aldizkarietan, esaterako Nature, Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America, Nano Letters eta Physical Review Letters argitalpenetan. Era berean, hizlari aritu da nazioarteko hamaika biltzarretan.

Hitzaldia, apirilaren 25ean: “Supereroankortasuna, markak hausten”

Data
Ordutegia
18:30etatik 20:00etara
Tokia
Beikozini
Helbidea
Iparragirre kalea, 10, Ondarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.