Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Teknologia
Metabertsoa etorkizuneko teknologiatzat jo dute dagoeneko. Gaur egun, metabertso batzuetara errealitate areagotuko betaurrekoen bidez sartzen da, eta harreman sozialetatik harago doaz erabilgarritasunak. Batzuen ustetan, metabertsoa baliagarria izango da ikerketa arlo askotarako; osasungintzarako, hezkuntzarako eta industriarako, esate baterako. Alabaina, eztabaida dago oraindik gai askoren inguruan. Gisa horretako teknologiek sedentarismoa areagotu dezaketela diote batzuk, baina era berean, mugimendua eragiten duten jokoak baliagarriak izan daitezke ariketa fisikoa hauspotzeko. Azalpen guztiak Berrian: Nola bizi bizitzatik kanpo.
Genetika
Ainara Castellanos-Rubio Ikerbasque ikertzaileak informazio genetikoa gordetzen duten molekulen eboluzioaz jardun du Berrian. DNA eta RNA orain dela gutxi gorabehera lau bilioi urte agertu ziren Lurrean. Alabaina, molekula horien funtzioak eta konposaketa nahiko argi baldin baditugu ere, oraindik ez dakigu nola sortu ziren. Hainbat teoria argitaratu dira gai honen inguruan, eta horietako bat Teoria estralurtarra da. Honen harira, Japoniako ikerketa talde batek joan den hilabetean argitaratutako artikulu batean azaldu du DNAren eta RNAren letra horiek topatu dituztela espaziotik eratorritako meteorito batzuetan. Eta ondorioztatu dute bizi-konposatu horiek espazioan sortu zirela.
Ikertzaile talde batek analisi genetiko eta morfologikoak egin ditu tomate barietate ugaritan, tomatearen etxekotzearen historia berreraikitzen saiatzeko. Zehazki, Europan landu izan diren 1254 tomate barietate ikertu dituzte. Azaldu dutenez, tomatea Mexikon etxekotu zen, eta ondoren, Peruko eta Ekuadorrera zabaldu zen belar txar gisa. Europarrak Amerika kolonizatzean, kontinente zaharrera esportatu zen tomatea, baina jatorrizko lurraldean zeuden barietateen lagin bat baino ez. Horrek, noski, ezinbestean aniztasun genetikoaren galera ekarri zuen. Beraz, gaur egun kontsumitzen ditugun tomateen artean aniztasun handia egon arren, azterketak erakutsi du oso oinarri genetiko urrian abiatu zirela. Azalpenak Zientzia Kaieran: Tomateen oparotasunaren abiapuntua: oasi genetikoak.
Astronomia
Esne Bidearen erdian dagoen zulo beltzaren lehen irudia aurkeztu dute. Lau milioi Eguzkiren parekoa da, eta 44 milioi kilometroko diametroa du. Gugandik 27.000 argi-urtera dago zulo beltz supermasibo hau, galaxiaren erdian, baina orain arte ez dute zuzeneko ebidentzarik izan. Zortzi irrati-teleskopioz osatutako sare bat erabili dute irudia eskuratzeko, eta haiek hartzen dituzten irudiak teleskopio birtual batean biltzen dira. Izatez, zulo beltza ez da ikusten, honen inguruan orbitatzen duen gasa baizik. Albiste honen inguruko informazio gehiago aurki daiteke Elhuyar aldizkarian eta Berrian.
Naiara Barrado eta Itziar Garate asteroideen talkak suposatzen duten mehatxuaz jardun dira Zientzia Kaieran. Asteroideak eta kometak oro har, asteroide-gerrikoan eta Kuiperren gerrikoan daude, Marte eta Jupiter artean dagoen disko zirkunestelarrean. Objektu horietako batzuk hurbiletik aztertu ahal izan dira zenbait misio espazialei esker: Eros, Itokawa, Toutatis edo Ryugu, besta batzuen artean. Asteroide hauetako batzuk, alabaina, noizbait asko gerturatu dira lurrera, eta batzuk talka ere egin dute. Arrisku honen aurrean Lurra babesteko, defentsa planetarioa dugu. Hau da, planetara hurbiltzen diren objektu denak ikuskatu eta sailkatzen dituen programa bat, haien arriskuak balioesteko eta lurra defendatzeko.
Geologia
Lehen aldiz, ur likidozko sistema erraldoi bat kartografiatu dute Antartikako izozpean. Columbia Unibertsitateko ikertzaileek egin dute aurkikuntza, eta klima-aldaketaren ikerketarako oso baliagarria dela azpimarratu dute. Izan ere, glaziarren portaera ulertzeko funtsezkoak dira ur-sistema hauek. Taldeak irudigintza magnetotelurikoa izeneko teknika erabili du neurketak egiteko. Teknika horrek atmosferako energia elektromagnetikoa lurrean nola barneratzen den neurtzen du, eta horrela, elementuen araberako mapak sor daitezke. Hala ere, ikertzaileek argi utzi dute izotz-gainazala urtuko balitz, ur-fluxuaren norabidea aldatuko litzatekeela, eta oraindik ezezagunak diren ondorioak ekarriko lituzke honek. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Tonga irlako Hunga sumendia urtarrilaren 15ean erupzioan sartu zen. Orain, sumendi horrek Lurrean eta espazioan eragindako ezohiko fenomenoak aztertu dituzte. Ikusi ahal izan dutenez, erregistro geofisiko modernoan dokumentatutako leherketarik handiena eragin zuen atmosferan, eta sumendiaren eragina inoiz erregistratutako distantziarik handienera iritsi zen. Honetaz gain, erupzioak sortutako infrasoinu indartsua (0,01-20 Hz-koa) mundu osoan zabaldu zen eta Lamb uhinek hainbat bira eman zizkioten Lurrari. Azken uhin hauek ozeanoen eta itsasoen azalean zehar mugitzen direnez, tsunami sakabanatuak sortu zituzten.
Ingurumena
Zientzialariek diote egungo urtaroak ez direla lehengoak bezalakoak. Izan ere, gaurko neguak laburragoak dira eta udaberriak goizago etortzen zaizkigu. AEMET agentziak urtaroen jarraipena egiten du eta urtero bi txosten fenologiko plazaratzen ditu bildutako datuekin. Bada, 2021eko azken txostenaren arabera, abenduan Kantauriko isurialdean tenperaturak nabarmen igo ziren. Honetaz gain, izotza eta antzigarraren gabezia eman zen, eta, horren ondorioz, hurritzak, haltzak eta belar-espezie ugari goiz loratu ziren. Gai berari jarraiki, martxoan plazaratutako ikerketa baten emaitzek erakutsi dute sikateak udaberri goiztiarren eragileetako bat direla. Datuak Zientzia Kaieran: Udaberria ez da jada aspaldi zena.
Osasuna
Zientzia Kaieran irakur daitekeenez, fruktosaren kontsumoak osasun arazoak eragin ditzake. 2 motako diabetesa tratatzeko erreminta terapeutiko bat da sakarosa edo mahaiko azukrea fruktosagatik ordezkatzea. Izan ere, azken horren xurgapen eta metabolismorako ez baita intsulinarik behar, eta ondorioz, ez du odoleko glukosa-mailen aldaketarik eragiten. Alabaina, ikusi da fruktosaren kontsumoaren handipen hori gaixotasun metaboliko ezberdinen handipenarekin batera eman daitekeela. Fruktosa gehiegi edo kronikoki kontsumitzeak intsulinarekiko erresistentziaren garapena eragin dezake. Gainera, erraietako gantz-ehunaren gehiegizko metaketa ere eragin dezake, eta gaixotasun kardiobaskularrak pairatzeko arriskua handitu daiteke.
Aste honetan, Zientzia Kaierako Zientzialari atalean Igor Horrillo UPV/EHUko neuropsikofarmakologiako ikertzaileari egin diote elkarrizketa. Gaixotasun neuropsikiatrikoen inguruan jardun dute, hori baita Horrilloren ikerketa-esparrua. Azaldu duenez, gaixotasun neuropsikiatrikoak eta hauen eragina gero eta ohikoagoak dira gizartean. Alabaina, prebalentzia handia badute ere, gaixotasun hauen oinarri neurobiologikoak ezezagunak dira gaur egun. Gaitz hauetako bat da, adibidez, estresa. Gaixotasun mota honen eta honen tratamenduen inguruko erronkak ezagutzeko, eskuragarri dago elkarrizketa Zientzia Kaieran.
Neurologia
Ikerketa berri batek erakutsi duenez, likido zerebroespinal gazteak sagu zaharren memoria hobetzen du. Ikusi dutenez, neuronak isolatzen dituen mielinazko estalkiaren ekoizpena handitzen da likido horri esker, eta honek memoria hobetzea eragiten du. Oinarri biologikoa ulertzeko, RNA-sekuentziazio bidez, aztertu zuten gene-adierazpena nola aldatu zen sagu zahar horien hipokanpoan. Emaitzen arabera, gazteen likidoa jaso zuten saguetan, oligodendrozitoetan adierazi ohi diren geneak gehiago adierazi ziren. Oligodendrozitoek mielina ekoizten dute. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.
Egileaz:
Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.