Bolortsetseg Minjin, Tarbosaurus generoa aberriratu zuen paleontologoa

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Kasualitatez aurkitu nuen Bolortsetseg Minjin izena, Elsa Panciroli eskoziar paleontologoaren Beasts before us liburuan aipatuta ikusi nuenean. Testuan, ugaztunen lehenengo arbasoen eta mota horretako lehenengo ordezkarien eboluzioa aztertzen da. Kontua da, laster ikusiko dugun moduan, Mongolian eta, zehazkiago, Gobi basamortuko Nemegt arroan fosil asko daudela; hori dela eta, duela mende batetik, paleontologiaren iturri handienetako bat dago han. UNESCOren arabera, munduko fosil gordailurik handiena da Gobi.

Hau ez da ohiko biografia zientifiko bat izango, arreta ez baitut protagonistaren ikerketen emaitzetan jarriko; aldiz, ikerketaz bestelako alderdi batzuk izango ditut hizpide, eta garrantzitsuak dira, era berean. Kontua testuinguruan jartzeko, ehun urte egin behar dugu atzera.

Bolortsetseg Minjin
1. irudia: Labar kartsuak Gobi basamortuan. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 3.0 lizentziapean)

Mongoliako paleontologiaren historia duela zehazki mende bat hasi zen, New Yorkeko American Museum of Natural History (AMNH) museoak Roy Chapman Andrews zoologoa Erdialdeko Asiako hirugarren Espediziora bidali zuenean. Andrewsek paleontologo, geologo eta arkeologo talde bat eraman zuen Gobi basamortura. Han, ingurunearen itxura ikusgarriagatik Andrewsek berak Flaming Cliffs (labar kartsuak) izendatu zuen tokian, Mongoliako lehen dinosauroa aurkitu zuten: Protozeratopsa. Handik gutxira, 1925ean, Mongolia Sobietar Batasunaren mende geratu ondoren, ANHM museoak herrialde horretarako espedizioak eten zituen eta, horien ordez, ekialdeko blokearen ardurapean egindako espedizio garai bat hasi zuen.

1940ko hamarkadaren amaieran, Sobietar Batasuneko taldeak Tarbosaurus bataar tiranosauro erraldoia aurkitu zuen. Hirurogeiko hamarkadan, Zofia Kielan-Jaworowska poloniar paleontologoak Gobi basamortura egindako poloniar espedizioak zuzendu zituen, baita emaitza ikusgarriak izan ere; hain zuzen, hainbat fosil garrantzitsu aurkitu zituen, besteak beste, Deinocheirus handia (1965) eta dinosauro borrokalariak, hots, borrokan ari ziren Velociraptor baten eta Protozeratops baten hondakinak (1971).

Gure protagonista, Bolortsetseg Minjin mongoliar paleontologoa, Ulan Batorren jaio zen, Mongoliako hiriburuan, baina ez dakigu noiz. Haren ama maistra zen eta aita, unibertsitateko irakaslea. Aita, Minjin Chulum, paleontologoa zen, eta hori erabakigarria izan zen Bolor gazteak –hala deitzen diote paleontologiaren munduan– diziplina horrekiko interesa izateko. Haurra zenean, Mongolia Sobietar Batasunaren eragin politiko eta kulturalaren pean zegoen, ikusi dugun moduan; horregatik, eskuratu zitzakeen testuak, baita bere aitak idatzitakoak ere, errusieraz zeuden. Dinosauroei buruzko liburuak irakurtzeko ikasi zuen hizkuntza hori. Eta geologiako ikasketak egin zituen Mongoliako Zientzia eta Teknologiako Unibertsitatean; han, Geologiako gradua eta Ornogabeen Paleontologiako master bat egin zituen. Haren aita unibertsitateko paleontologo bakarra zenez, hark zuzendu zuen alabaren prestakuntza lehen urteetan.

Ustekabeko aurkikuntza bat Gobi basamortuan

Gerra Hotzaren amaierak AMNH Mongoliara itzultzea erraztu zuen. 1996an, Gobi basamorturako espedizio batean parte hartzeko gonbita egin zioten Minjin Chulum irakasleari. AMNH erakundeko kide Mike Novacek eta Mark Norell ikertzaileak ziren espedizioaren buru. Ez zen lan erraza izan, baina Minjinek bere alaba Bolortsetseg espedizioko sukaldari gisa onar zezaten konbentzitu zituen espedizioko mongoliar langileak.

Alabaina, gainerako espedizionarioentzat janaria prestatzen igarotzea ez zitzaion etorkizun oso erakargarria iruditu eta, seguruenik, fosilak bilatzen aritzea askoz ere probetxugarriagoa izango zela pentsatuko zuen, eta ardura eta abilezia handiz egin zuen lan hori. Begi bikaina eta trebetasun handia zituen, izan ere. Espedizioaren taldeko buru ziren mongoliarrei ez zitzaien batere gustatu Bolorren jarrera eta adierazi zuten ez zutela beste ezein espedizioetan sartuko. Baina Novaceken eta Norellen errespetua eta babesa irabazi zuen, eta doktoregoa AMNH erakundearen eta New Yorkeko City Universityren baterako programa baten esparruan egin zezan iradoki zioten. Michael Novacek izan zuen doktoregoko zuzendari. 2008an defendatu zuen Bolorrek bere doktorego tesia: «Description of three new specimens of cimolodontans and a phylogenetic study of the postcranial anatomy of Multituberculata (Mammalia, Synapsida)».

Bolortsetseg Minjin
2. irudia: Bolortsetseg Minjin mongoliar paleontologoa. (Iturria: Wikimedia Commons – CC BY SA 4.0 lizentziapean)

Bolortsetsegek duela 145 milioi urtetik 65 milioi urtera bitartean bizi izandako dinosauroen eta ugaztunen hainbat fosil aurkitu ditu Gobi basamortuan, eta inguru hartara egindako bi espediziotako buru izan da, bietan Mendi Harritsuen museoarekin (Montana, AEB) lankidetzan. Tesia amaitu ondoren, ikertzen jarraitu zuen, museoko ikertzaile Jack Hornerren zuzendaritzapean, Kretazeoko Psittacosaurus dinosauroaren paleobiologiari buruz.

Hala ere, doktorego tesia defendatu aurretik, ezagutza paleontologikoa zabaltzearekin, ezagutza hori bere herrialdeko prestakuntza programetan sartzearekin eta legez kanpo esportatutako fosilak Mongoliarako berreskuratzearekin lotutako beste jarduera batzuetan hartu zuen parte.

New Yorkera iritsi eta Amerikako Historia Naturaleko Museoa ezagutu zuenean, erabaki zuen Mongolian museo bat sortzen saiatu behar zuela, denboran zehar bere herrialdean aurkituko ziren fosilak hartan biltzeko. Berehala konturatu zen halako proiektu handi bat gauzatzea ez zela erraza izango; izan ere, han bertan egiaztatu ahal izan zuen hainbat arlotan espezializatutako langileek lan handia egin behar dutela jasotzen dituzten fosilekin.

Bestalde, Bolortsetseg Minjinek uste zuen ez zuela zentzurik paleontologiak ia presentziarik ez izatea munduko fosil aberastasunik handieneko herrialdeetako batean. Era berean, ez zen logikoa Mongoliako gaztetxoek ondare hori ez ezagutzea eta, are zentzugabeagoa, arlo horretan karrera zientifiko bat egiteko aukera planteatu ere ezin izatea. Bi helburu horiek betetze aldera, 2007an, Mongoliar Dinosauroak Ikertzeko Institutua (ISMD, ingeleseko siglen arabera) sortu zuen Mongolian, Jack Hornerren laguntzarekin; gobernuz kanpoko erakunde horren helburua zen paleontologia hezkuntzan sartu eta diziplina horretan karrera bat egiteko interesa zuten gazteei prestakuntza ematea. Orduz geroztik, ISMD lankidetzan aritzen da aipatutako Mendi Harritsuen museoarekin eta AMNH erakundearekin, zenbait programa garatzeko, hala AEBn, jatorri mongoliarreko neska-mutilentzat, nola Mongolian. 2016an, ISMDk irabazi asmorik gabeko erakunde gisa onartu zuten AEBn.

Tarbosaurus bataar, mongoliar heroi bat

Mongoliara egindako espedizio paleontologikoei esker, herrialde hartako ondare paleontologiko aberatsa aurkitu eta zabaldu zen. Baina, aldi berean, dirutza handiak ordaintzeko prest zeuden bildumagileek fosilak erosteko merkatu bat sortu zen. Kontuan hartu behar da Gobi basamortuan kontserbatutako hondakinetako asko aparteko kalitatekoak direla. Mongolian, legez debekatuta dago fosilak esportatzea eta baimen ofizial berezi batzuk behar dira induskatzeko, baina, hala ere, legez kanpoko trafikoa egiten da.

“Mongoliako heroirik moderno eta zaharrena”, halaxe izendatu du Xurxo Mariñok, bere Tierra liburuan, herrialde hartako dinosaurorik mediatikoena. Halaxe izan da, hain zuzen ere, Estatu Batuetan legezko prozesu bat egin ondoren, jatorrizko herrialdera itzuli ahal izan dutelako. Bolortsetsegen esku hartzea funtsezkoa izan zen fosila aberriratzeko. Gaur egun, aipatutako heroia Mongoliako Dinosauroen Museo Nagusian dago, eta duela 70 milioi urte inguruko Tarbosaurus bataar baten fosila da. Tyrannosaurus rex ezagunaren ahaide hurbil bat da, eta haren oso antzekoa, gainera.

Bolortsetseg Minjin
3. irudia: Bolortsetseg Minjinek lortu zuen aberriratzea Tarbosaurus eta Saurolophusen eskeletoak Estatu Batuetatik Mongoliara. (Iturria: Wikimedia Commons – CC0 lizentziapean)

Mongoliako heroia legez kanpo esportatu zuten eta, trafikatzaileak, Floridan zuen garajean muntatu ondoren, 2012ko maiatzean New Yorken enkantean jarriko zuela iragarri zuen. Eta orduan esku hartu zuen Bolortsetsegek. Enkantean jartzekoak zirela jakin zuenean, Mongoliako Gobernuari jakinarazi zion eta hark berehala hartu zituen zegozkion legezko neurriak, fosila berreskuratzeko. Fosila milioi bat dolar baino gehixeagoren truke saldu zuten, baina Bolortsetsegen eta Mongoliako gobernuaren jokaera arduratsuari esker, alea zaintzapean zegoen auzia argitu arte. 2014an hartu zen azken erabakia, eta Mongoliari eman zioten arrazoia; beraz, azkenean, dinosauroa aberriratu ahal izan zuten. Prozesuari “United States vs. One Tyrannosaurus Bataar Skeleton” deitu zioten, oihartzun handia izan zuen hedabideetan eta, besteak beste, iritzi publikoari jakinarazi zitzaion fosilen legez kanpoko trafikoa egiten zela eta aurkitu eta identifikatzen ziren fosilak aberriratu behar zirela.

Bolortsetsegek denbora asko igaro eta ahalegin handia egin du fosilak berreskuratzen eta aberriratzen. Hau da haren leloa: “Fosil bat herrialdetik ateratzen denean, ezagutzak ere alde egiten du”. New Yorkera doktorego tesia egitera iritsi zenetik bizi da AEBn, eta herrialde horretako hondakinak soilik kontuan hartuta, Mongoliatik legez kanpo ateratako 30 fosil baino gehiago aberriratzea lortu du. Litekeena da Tarbosaurus bataar dinosauroa Mongoliako heroirik zahar eta modernoena izatea, baina, zalantzarik gabe, badakigu zein den gure emakumezko heroia.


Egileaz:

Juan Ignacio Pérez Iglesias (@JIPerezIglesias) UPV/EHUko Fisiologiako katedraduna da eta Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko maiatzaren 8an: Bolortstseg Minjin, la paleontóloga que repatrió el Tarbosaurus

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.