Amilotx urdinaren lumen distira moteldu da

EHUko ikerketa

Klima-aldaketak taxon askoren gaitasunarekin lotutako ezaugarrietan eragiten du. Esaterako, tenperaturen igoerak landare eta animalia espezie askoren ziklo biologikoak aldatu ditu. Hau da, aldaketa fenologikoak sortarazi ditu. Baina klima-aldaketak bigarren mailako ezaugarrietan ere ondorioak izan ditzake. Esaterako, lumen ezaugarrietan.

Amilotx urdina (Cyanistes caeruleus) kolore deigarriko hegazti txikia da. Koroa urdina du eta bularra horia, baina ikerketa baten emaitzen arabera distira galdu du bietan. 2005etik 2019ra hegazti honen bi azpiespezien 5.800 behaketa baino gehiago egin ondoren, ikertzaileek ikusi dute lumen kolorea moteldu egin dela. Izan ere, amilotxen koroa urdina eta bular horia ez dira 2005ean bezain koloretsuak.

amilotx urdina
Irudia: Txori txikia eta deigarria da amilotx urdina. Koloreez gain txorrotxio berezia du eta erraz identifikatu daiteke. (Argazkia: Wim De graaf – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

15 urtez (2005-2019) aritu dira elkarlanean UPV/EHU Landareen Biologia eta Ekologia Saileko eta Montpellierreko Centre d’Ecologie Fonctionnelle et Évolutive-eko (CEFE-CNRS) zientzialariak, Frantziako hegoaldeko amilotx urdinen bi populazio aztertzen. Montpellierren eta Korsikako ipar-mendebaldean bizi diren amilotx urdinei jarraipena egin diote eta ikusi ditu koroa urdinaren eta bularreko orban horiaren kolorazioa aldatu egin dela. Beste era batera esanda, gaur egun, bi populazio horien koroa urdina eta bular horia ez dira ikerketa hasi zenean bezain koloretsuak. Ikertzaileen esanetan klima-aldaketa izan daiteke ezaugarri fisikoak aldatzeko arrazoi nagusia, zehatzago, koloreen distira eta intentsitatea.

Azterlanak erakusten duenez, lumajearen kolore aldaketa tenperaturaren igoeraren eta prezipitazioen murrizketaren konbinazioaren emaitza izan daiteke; beraz, klima-aldaketa izan liteke honen azken zergatia.

Lumen koloreen mudantza aldaketa estetiko hutsa iruditu arren, justu kontrakoa da ikertzaileen ustetan. Lumajearen aldaketak eraginak izan baititzake espeziaren parekatze patroietan. “Hegazti horiek kolorazioa erabiltzen dute beste banakoei adierazteko espezimen gisa duten kalitatea, eta hori erabakigarria da, adibidez, ugaltzeko”, azaldu du David López ikertzaileak.

Lurraldean aldaketa bat gertatzen denean, animalia-populazioek 4 aukera dituzte: lehena, aldaketa genetiko bat jasatea; bigarrena, aldaketa plastiko bat izatea (ezaugarri fisikoak aldatzea, baina aldaketa genetikorik gabe); hirugarrena, emigratzea; eta, azkenik, desagertzea. Amilotx urdinen kasuan ikertzaileek azpimarratu dute ez dela aldaketa genetikoa, plastikoa bizik eta ingurumen berrira egokitzeko modu bat dela.

David López ikertzailearen ustez, “Kontuan hartuta gure ingurunea nahiko antzekoa dela, ez hain beroa, baliteke gure hegaztiek aldaketa bera jasan izana”. Hala ere, munduan mota horretako lau ikerketa baino ez daudela azpimarratu du, horietako bat bera ere ez Euskal Herrian. Ondorioz, gure inguruan gaia aztertzea eta baita epe luzerako ikerketak gauzatzea ere garrantzitsua da, klima-aldaketak gure ekosistemetan dituen ondorioak ezagutu eta ulertzeko.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ikerketa baten arabera, hegaztien kolorazioaren aldaketa klima aldaketagatik izan liteke

Erreferentzia bibliografikoa:

López-Idiáquez, David; Teplitsky, Céline; Amélie Fargevieille, Arnaud Grégoire; Christophe de Franceschi, María del Rey; Charmantier, Anne eta Doutrelant, Claire (2022). Long-Term Decrease in Coloration: A Consequence of Climate Change? Frontiers in Ecology and Evolution, 200(1), 32-47. DOI: https://doi.org/10.3389/fevo.2022.857317

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.