Pazientearen segurtasunak arreta berezia eskatzen du osasunaren arloan, oro har, eta, batez ere, pediatrian. Pediatriako larrialdi-zerbitzu bateko arriskuak mapa batean ezarriz gero, errazago identifika daitezke arriskuak, eta asistentziaren kalitatea hobetzen lagundu dezake. Larrialdi-zerbitzuetako pazienteen segurtasuna era batera edo bestera arriskuan jar dezaketen egoerak aztertu ditu Elisa Mojica Muñoz UPV/EHUko Medikuntza Fakultateko Biologia Zelularra eta Histologia Saileko ikertzaileak, betiere arriskutzat hartuta pazienteari ezbehar bat gertatzeko edo kalteren bat eragiteko aukera edo egoera.
Elisa Mojica ikertzaileak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko pediatriako larrialdi-zerbitzuetako arriskuen mapa bat diseinatu du. Horretarako, asistentzia-prozesuko urrats guztiak aztertu ditu, profesional-talde guztiak eta familiak inplikatuz, eta hori guztia kalitate-kudeaketako esparru batean integratu du.
Mapa egiteko, bi ikuspegi izan ditu kontuan: batetik, 2004-2013 bitartean Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko larrialdi-zerbitzuan profesional-taldeek zein erabiltzaileek jakinaraziko gorabehera guztiak aztertu ditu; bestetik, asistentzia-prozesuko fase bakoitza aztertu du urratsez urrats, eta fase bakoitzean gerta litezkeen arriskuak hauteman ditu, bai eta haiek eragin litzaketen ondorio eta efektuak ere. Hala, ikertzaileak bi mapa-mota egin ditu: bata, egiturazkoa, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko larrialdi-zerbitzuetarako besterik balio ez duena; bestea, mapa funtzionala, beste ospitale batzuetara estrapola daitekeena, asistentzia-prozesuaren faseak antzekoak baitira leku guztietan.
Pediatriako larrialdi-zerbitzuetako arrisku garrantzitsuenak identifikatzen eta kokatzen ditu arriskuen mapak. Asistentzia-prozesuko urrats guztietan hobetu beharreko arlo orokorrak eta espezifikoak identifikatzen ditu, prozesuan esku hartzen duten eragile guztiei (profesional-taldeak eta familiak), asistentzia emateko eremuari eta erabilitako prozedurei dagokienez. Mojicaren iritziz, “zerbitzuko profesional-taldeen eta erabiltzaileen parte-hartzeari esker, arriskuen mapak behar bezala islatzen du zerbitzuaren errealitatea”.
Proiektu aitzindaria da pediatriako larrialdietarako, bai diseinuaren ikuspegitik, bai duen aplikagarritasunagatik. Pediatriako larrialdien arloko arrisku-mapa egitea lehen urratsa da Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zerbitzua hobetzeko bidean, bai eta antzeko beste zerbitzu batzuetarako ere; izan ere, hobetu diren eta hobetu behar diren arloak eta alderdiak identifikatzeko aukera ematen du. “Hurrengo urratsa -azaldu du ikertzaileak- maparen aplikagarritasuna beste ospitale batzuetara zabaltzea litzateke, eta, datu horietan oinarrituta, kalitate-gomendio eta kalitate-baldintza batzuk sortzea”.
Ikertzaileari buruz
Elisa Mojica Muñoz (Barranquilla, Kolonbia, 1978) Medikuntzan lizentziaduna da, pediatrian eta haren arlo espezifikoetan espezialista. Doktore-tesia Santiago Mintegi Rasoren zuzendaritzapean egin du, zeina Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pediatriako Larrialdietako Zerbitzuko kalitate-arduraduna baita.
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Pediatriako larrialdi-zerbitzuetako arriskuak, mapa batean.