Erreinu periodikoa

Argitalpenak · Dibulgazioa

Erreinu periodikoa (1995) liburuak Elementuen Taula Periodikoaren mapan murgiltzen gaitu. Mapa arruntek lurralde bat irudikatzen dutenez, nolakoa da Mendeleiev-en mapa horrek biltzen duena?

Horri erantzutera dator Arkins-ek liburu xume honetan. Airetik inguratuko gara lehenik, eta oinezko bidaian gero. Aurrena, eskualdeen ikuspegi orokorra izango dugu. Azaletik sakonerantz, barrenduz joango gara lurraldearen osaeran eragina duten kontuetan. Zer ezaugarri aukeratzen dugun, horren arabera aldatuko da maparen itxura. Eskualde bakoitzean zer ekoizten den eta produktuok nola baliatzen diren ere ikusiko dugu.

Irudia: Erreinu periodikoa liburuaren azala. (Iturria: UPV/EHU argitalpenak)

Alegiazko erreinu horrek antolaera ordenatua da, hots, bere legeak eta bere administrazioa. Bestalde, mundu honetan orok bezala, badu laugarren dimentsioa ere: denbora. Bi denbora, zehazkiago. Batetik, eskualdeak “ez izatearen itsasotik” agertzeko bide luzeraren historia, materiaren jatorritik hasita. Eta, bestetik, eskualdeok irabazi -aurkitu, esploratu, izendatu, eta, azkenean, mapa txukun horretan egokitu- zituzten gizakien abenturari dagokiona. Kimikaren bi historiak, alegia: elementuena eta jakintza-arloarena.Bide-erakusle izango dugunak honela zabaltzen digu atea: “Ez dut jakintzat jo aurretiazko inolako kimika-ezagutzarik. Zera baino ez diot eskatzen irakurleari: irudimenaz baliatzea analogia geografikoak entitate konkretu gisa interpretatzeko”.

Hor goaz bidaian.

Peter William Atkins (Amersham 1940) kimikalaria da eta Kimikako irakasle ohia Oxfordeko Unibertsitatean. Idazle trebe bezain oparoa dugu, bai ikasliburuei dagokienez (Physical Chemistry du ezagunena) eta bai dibulgazioaren arloan ere.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Erreinu periodikoa
  • Egilea: Peter William Atkins
  • Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia
  • ISBN: 978-84-9860-554-9
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2011
  • Orrialdeak: 198 or.

Iturria:

Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoretza, UPV/EHU argitalpenak, ZIO bilduma: Erreinu periodikoa

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.