Asteon zientzia begi-bistan #429

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

emisio

Argitalpenak

Erreinu periodikoa liburua Peter William Atkins kimikalariak idatzi zuen 1995 urtean, eta elementuen Taula Periodikoaren mapan murgiltzen gaitu. Alegiazko erreinu horrek antolaera ordenatua da, hots, bere legeak eta bere administrazioa. Bestalde, mundu honetan orok bezala, badu laugarren dimentsioa ere: denbora. Arkinsek lortu nahi zuena zera zen, irakurlea irudimenaz baliatzea analogia geografikoak entitate konkretu gisa interpretatzeko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran aurki daiteke, ZIO bildumarekin elkarlanean eginiko atalean.

Osasuna

UPV/EHUri atxikitako Tim Riffe Ikerbasqueko ikertzailea partaide izan duen nazioarteko ikerketa berri batek indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak behatu ditu. 162 herrialdetako 2008tik 2017ra bitarteko hilkortasun-datuetatik eta Barne Bakearen Indizetik abiatuta, ikerketak argi utzi du indarkeriarik handieneko herrialdeak direla bizi-ziurgabetasunik handiena dutenak. Gainera, argitaratu duten txostenaren arabera, zenbat eta handiagoa izan bizi-ziurgabetasuna, orduan eta baxuagoa izan ohi da bizi-itxaropena. Azalpenak Zientzia Kaieran: Indarkeriak herritarren osasunean dituen ondorioak.

Lan jardunaldi luzeek osasunean duten eragina ikertu zuten 2016an Osasunaren Mundu Erakundeak eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak. 194 herrialdetako eta 2000 eta 2016 bitarteko datuak alderatu zituzten ikerketarako, eta argitaratu zuten txostenaren arabera, 745.000 lagun hil ziren astean 55 ordutik gora lan egiteagatik. Emaitza hauek erakusten dute astean ordu horiek lan egiteak %35 areagotu dezakeela apoplexia bat izateko arriskua, eta %17 kardiopatia iskemiko bat izatekoa. Gai honen harira, Berriak Frank Pega Osasunaren Mundu Erakundeko teknikaria eta epidemiologoa da elkarrizketatu du. Bere esanetan, lan jardunaldi luzeengatik iktusaz edo bihotzekoaz hiltzen direnak icebergaren punta baino ez dira. Lanaldi luzeek beste gaixotasun edo osasun arazo batzuk ere eragin ditzakete, bestak beste, estres psikologikoa eta fisikoa, eta lan istripuak izateko aukerak areagotu ditzake.

Iñigo Lorenzok erizaintzako ikasketak egin zituen UPV/EHUn eta ikertzailea eta irakaslea da gaur egun unibertsitate berean. Bere tesian erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzearen aukeraren inguruan ikertu du. Izan ere, bihotzeko gailurik eskuratzeko aukerarik ez duten milioi bat pertsona hiltzen dira urtero, baina herrialde aberatsetan, berriz, bihotzeko gailuen eramaileak hiltzean, bota egiten dira gailu horiek. Lorenzok bere tesiaren emaitzekin ondorioztatu ahal izan duenez, jaso ziren gailuetatik 100ek (%46,7) bete zituzten berrerabilpen irizpideak. Datu guztiak unibertsitatea.net webgunean: Iñigo Lorenzo: “Erabilitako bihotzeko gailuak berrerabiltzea aukera bideragarria izan daiteke”.

Astrobiologia

Litekeena da orain Marten dauden tresnak ez izatea gai bizi-arrastoak detektatzeko. Espainiako Astrobiologia Zentroko eta Txileko Unibertsitateko autonomoko ikertzaile batzuek Atacamako basamortuan proba batzuk egin dituzte tresna horiekin, eta ondorioztatu dute ez dutela bizitza arrastoak detektatzeko behar adinako sentikortasuna. Ikertzaileen esanetan, Marten bizidunak egon baziren, oso zaila izango dela haien arrastoa detektatzea hango tresnekin. Horrenbestez, oso garrantzitsua deritzote laginak Lurrera ekartzea, hemen analizatu ahal izateko. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Astronomia

Unibertso goiztiarreko galaxia masiboak aurkitu ditu James Webb Teleskopioak. Big Bangaren ondorengo 500-700 milioi urtetan Eguzkiarena halako 10 mila milioitik gorako izar-masak dituzten sei galaxia aurkitu dituztelakoan daude. Unibertsoa hain gaztea zenean (egungo adinaren % 3), galaxiak ere gazteak eta txikiak izango zirela espero zen, baina askoz handiagoak eta helduagoak dira topatu dituztenak, lehen ikerketa honen arabera. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Eboluzioa

Zeziliak nahiko animalia bitxi eta bereziak dira, eta ez da beraien biologia oso ongi ezagutzen oraindik, ez eta haien historia ebolutiboa ere. Duela gutxira arte, hamar fosil besterik ez ziren ezagutzen; guztiak duela 183 milioi urte ingurukoak. Alabaina, Nature aldizkarian argitaratu denez, orain arte azaleratu den zezilia baten fosil zaharrena aurkitu berri dute Arizonako Baso Petrifikatuaren Parke Nazionalean. Duela 220 milioi urteko estratu batean aurkitu dituzte espezie berekoak diruditen 70 banakoren arrastoak, eta hortaz, zezilien historia ebolutiboan 35 milioi urte atzera joatea lortu dute ikertzaileek. Fosilaren ezaugarriengatik, egileek uste dute zeziliak gertuago daudela lehenengo igel eta arrabioetatik. Aurkikuntza honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Urlehortar bitxienaren jatorria argitu dute.

Teknologia

Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztu berri den tesi batean, hasierako urrats bat eman dute 5G, 6G eta Gauzen Internetaren (IoT) teknologien premiak asetzeko. Aplikazio horiek irabazi eta banda-zabalera handiko antenak eskatzen dituzte, eta Dayan Pérez Quintanaren tesian antena-sistemak, metagainazalak eta geometria klasikoetan oinarritutako metalenteak aztertu dituzte. Antena-sistema horiek guztiak banda-zabalera oso handiko polarizazio zirkularra sortzeko gai dira, eta frogatu dutenez, bai metalenteak eta bai GW antenak, emaitza bikainak lortzen dituzte konbinatzen direnean. Azalpenak Elhuyar aldizkarian: Irtenbide berriak, aplikazio berrietarako.

Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, motonormatiboak gara; alegia, normala iruditzen zaigu motordun ibilgailuek hainbesteko garrantzia izatea gure gizartean. 2.000 boluntario inguruk parte hartu zuten ikerketan, eta beste ezeri onartzen ez zizkieten pribilegioak, arriskuak eta kalteak onartzen zizkien motordun ibilgailuei, eta gehienbat autoei. Esaterako, zigarroen kea leku jendetsuetan debekatzea ongi ikusi zuten gehienek, ez ordea autoen kea debekatzea. Ikertzaileek azaldu dutenez, jarrera horrek ondorio politikoak ditu, eta jarrera diskriminatzaileak ere sustatzen ditu autoa ez duten pertsonekiko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Gizarte motonormatiboa gara.

Kimika

NAE AEBetako ingeniarien akademiak nazioarteko kide izendatu du Luis Liz Marzan doktorea. Gainera, Anberesko Unibertsitateak honoris causa doktore izendatuko du martxoan. CIC Biomaguneko Ikerbasque ikertzailea da bera, eta propietate plasmonikoak dituzten nanopartikula metalikoak aztertzen ditu, eta horiek eremu biomedikoan dituzten aplikazioak. Zehazki, haren ikerketa lerroak zientzia koloideari dagokio. Batik bat, urrez edo zilarrez egindako koloideekin egiten du lan, eta gauza askotan erabili daitezke, hala nola, COVID-19aren testetan, biomedikuntzan edota 3Dko tumore artifizialetan. Ikertzaile honen inguruko informazio gehiago Berrian: «Hainbat alorretatik aitortu digute maila handia».

Ingurumena

Hainbat hiritan emisio gutxiko eremuak ezartzeko apustua egin da azkenaldian, eta gai horren harira, Berriak Marius Navazo geografoa elkarrizketatu du, lurraldearen antolaketan eta hirien plangintzan espezializatua. Bere iritziz, emisio gutxiko eremuak hirietako emisio mota batzuk gutxitzeko eraginkorrak izan daitezke, baina automobil parkearen berriztatzean soilik zentratzen dira neurri horiek. Navazoren esanetan, emisioak gutxitzeko modu eraginkorrena automobil kopurua gutxitzea da, eta auto elektrikoak ez dira irtenbidea. Auto elektrikoek auto arrunten leku bera hartzen dute, eta bizikletan dabilen jendearentzat arrisku bera dakarte. Ondorioz, emisio gutxiko eremuak gaur egun ez dira eraginkorrak bere Navazoren iritziz. Azalpenak Berrian: «Elektrikoak izanda ere, autoak ez datoz bat mugikortasun jasangarriarekin».

Basabizitzatik desagertutako espezieak desagertzeko arrisku handiena dutenen kategorian daude Espezie Mehatxatuen Zerrenda Gorrian. Baina espezie horiek ez dira naturan daudenak bezala ebaluatzen, eta ez dira oso kontuan hartzen. Ikertzaile-talde batek ex situ animalia eta landareen datuak berrikusi ditu, eta ondorioztatu dute benetan egoera arriskutsuan daudela. Ondorio horretara iristeko Basabizitzatik desagertuta dauden 84 espezie aztertu dituzte, 40 animalia eta 44 landare, eta emaitzek erakutsi dute populazio gehienak oso txikiak direla, txikiegiak, segurtasun demografikoa bermatzeko. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian: Basabizitzatik desagertutako espezieak, ahaztuak eta arriskuan.

Nerea Osinalde EHUko Biokimika Saileko irakasleak X eta Y kromosomen tamainaren eboluzioaz idatzi du Berrian. Izan ere, gaur egun, Y kromosoma X kromosoma baino askoz txikiagoa da. Gizakion kasuan, adibidez, X kromosomak 900 gene inguru ditu, eta Y kromosomak, 55 besterik ez. Baina, antza, hori ez da beti horrela izan. Adituen arabera, duela 160 milioi urte inguru bizi ziren ugaztunen sexu kromosoma biek antzeko tamaina zuten, baina eboluzioaren poderioz, Y kromosoma atrofiatuz joan da. Dirudienez, arrazoia zera da: Y kromosomak ez direlako inoiz beste Y kromosoma batekin kontaktuan egon. Horrela, Y kromosomek ez dute birkonbinazio homologorik pairatu, eta beren jatorritik mutazioak besterik ez dituzte metatu. Horrek geneak galtzea ekarri du, eta tamaina txikitzea. Azalpenak Berrian: Y kromosomaren atzera kontua?

Soziologia

Nazionalitateak eta erlijio sinesmenek jendearen balio kulturalean zer nolako eragina duten aztertu dute. Azterketa hori egiteko 88 herrialdetako 243.118 pertsonak Balioen Munduko Inkestan (2005etik 2019ra) emandako erantzunak hartu dituzte abiapuntutzat. Ondorioa zera izan da: erlijio desberdinetako kideen arteko distantziak handiagoak dira erlijio balioak edo horiekin zuzenean lotutako balioak kontutan hartzean, baina, hala ere, horiek ez dira desagertzen moralarekin edo erlijio sinesmenekin loturarik ez duten balio kulturalak bakarrik kontuan hartzen direnean. Horrek esan nahi du gizataldeen arteko desberdintasun kultural eta sozial gehienek erlijio sinesmenetan dute jatorria. Ikerketa honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Erlijioek balio kulturalak baldintzatzen dituzte.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta Plentziako Itsas Estazioan (PiE-UPV/EHU) tesia egiten dabil, euskal kostaldeko zetazeoen inguruan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.