Harri-jausiak oso fenomeno ohikoak dira euskal itsaslabarretan, bai eta benetako arriskua ere labar horien azpiko hondartzetara joaten den jendearentzat. UPV/EHUko Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldeak egindako azterlan batean, Bizkaiko Barinatxe hondartzan berezkoak diren dunen hesi-efektua aztertu da. Emaitzek erakutsi dute dunek erabateko babesa ematen dutela eta, gainera, balio ekologikoa eransten diotela kostaldeko ekosistemari.
Hondartzak jende ugari ibiltzen den aisialdirako guneak direnez, lehentasunezkoa da itsaslabarren azpiko hareatzetan dagoen jendea babestea, harriak erori ohi baitira bertara. Harriei eusteko, dikeak, sareak eta hesiak eraiki izan dira tradizionalki, baina haiek eraikitzea eta mantentzea garestia da, eta, gainera, inpaktu bisual eta ingurumen-inpaktu handia eragiten dute eremuan. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldeko (HGI) ikertzaile Jon Ander Clementek azaldu duenez, “babes-neurri horiek ahal den neurrian naturalizatzea da gure ikertaldearen xedea”. Gainera, balio ekologiko eta/edo geomorfologiko handiko eremu babestuetan, hala nola euskal kostaldeko Geoparkean, ezin da mota horretako esku-hartze tradizionalik egin.
Droneak edo laser eskanerra erabiliz, eremu horien 3Dko ereduak sortu dira; horrela, ikertaldeak azterketa-eremuetara erortzen diren harrien ibilbideen, tamainaren, aitzinamenduaren eta beste zenbait parametroren jarraipena eta monitorizazioa egiten du. Horri esker, “hondartzek inguruko itsaslabarretatik erortzen diren harriekiko duten zaurgarritasuna ebalua daiteke, eta naturarekin bateragarriagoak diren neurriak eta jarduketak proposa daitezke hondartzak babesteko eta, aldi berean, ingurune naturala errespetatzeko”, zehaztu du ikertzaileak.
Bizkaiko Barinatxe hondartzaren kasuan (Sopela eta Getxo artean dago), azterlanetik ondorioztatu zuten ezen itsaslabarraren oinean dagoen berezko duna-sistemak babesten duela hondartza harri-jausietatik. Horrela azaldu du Clementek: “Beren ezaugarriak direla eta, duna horiek areka natural bat eratzen dute, eta hark, hesi-lana eginez, harriak atxikitzen ditu. Gure 3Dko ereduak erakusten digunez, hesi natural hori narriatu eta desagertuko balitz, harriak jendea joaten den hondartzaraino iritsiko lirateke, eta arrisku-egoera handia sortuko litzateke. Une honetan, duna-sistemak % 100eko babesa ematen du. Horrez gain, ingurune hori biodibertsitatearen ikuspegitik aztertu da, eta ikusi da bertan hazten diren espezieak garrantzitsuak direla eta, gainera, landarediak tinko eusten diela dunei. Emaitza horiek naturan oinarritutako soluzioen (nature-based solutions ingelesez) eraginkortasuna erakusten dute”.
Ikertzaileak argitu duenez, dunen eraginkortasuna egiaztatu izanak ez du esan nahi duna-sistemen ezarpena sustatuko dutenik Barinatxeko hondartzaren pareko arriskua duten hondartza guztietan. “Konponbideak leku bakoitzaren berezko morfologiara egokitu behar dira. Baliteke hondartza batzuetan duna-sistemak sortzeko aukera egotea, baina beste batzuetan inpaktu handiagoko esku-hartzeak egin beharko dira. Kasu horietan, gure 3Dko ereduak aukera ematen du leku bakoitzaren behar zehatzak definitzeko; esate baterako, eraiki behar den hesiaren altuera zehazteko balio dezake”.
Komunitate zientifikoaren arreta erakartzen ari den 3Dko eredua
Clemente pozik dago garatutako metodologiak izan duen harrerarekin: “Tokian-tokian garatu genuen, finantziazio oso apalarekin, baina oso pozik gaude komunitate zientifikoan izaten ari den inpaktuarekin: zenbait ikerketatan aipatu dute, eta beste leku batzuetan ere probatzen ari dira. Esate baterako, Portofinoko parke naturalean —Italiako garrantzitsuenetako bat da—, gure metodologia baliatzen ari gara kaletan”.
Gaur egun metodologia hau hondartzetako harri-jausiak gelditzeko erabiltzen ari dira, baina ikertzaileak uste du harri-jausiak pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen ingurune orotan erabil daitekeela. Dunen efektuaren kasu zehatzean, “antzeko azterketak egin litezke basamortu-sistemetan. Metodologia honetan, oso interesgarria da arazoa konpontzeko egiten den planteamendua; izan ere, ikusi da naturara gehiago hurbiltzeak eta jarduketa jasangarriagoak gauzatzeak emaitza onak ematen dituela”, ondorioztatu du.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Hondartzetako harri-jausietarako irtenbide naturalak bilatzen dituen metodologia garatu dute
Erreferentzia bibliografikoa:
Clemente, Jon Ander; Uriarte, Jesus A.; Spizzichino, Daniele; Faccini, Francesco; Morales, Tomás (2023). Rockfall hazard mitigation in coastal environments using dune protection: A nature-based solution case on Barinatxe beach (Basque Coast, northern Spain). Engineering Geology, 314. DOI: 10.1016/j.enggeo.2023.107014
2 iruzkinak
[…] UPV/EHUko ikerketa batek Bizkaiko Barinatxe hondartzan berezkoak diren dunen hesi-efektua aztertu du. Prozesu Hidrikoen eta Ingurumenekoen ikertaldea izan da azterlan honen egilea, eta dunek harri-jausietan duten eragina aztertu dute. Fenomeno horren aurka, ohikoa da dikeak, sareak eta hesiak eraikitzea […]
[…] erlazionatuta egon ohi dira. Hala ere, eskala txikiagoan ere azter daitezke fenomenoak, hala nola duna eremuen oreka egoera aldatu dezaketen sistema trumoitsu handiak, bestelako duna morfologiak sortzen […]