UPV/EHUko ikerketa baten arabera, nerabeen dietaren gantz-portzentajea eta sabelaldean gantz gehiegi izatea elkarrekin erlazionatu daude, egiten duten ariketa fisikoa egiten dutela
Gehiegizko pisuaren eta obesitatearen prebalentzia nabarmen handitu da azken urteotan nerabeen artean, eta, horren ondorioz, horrek sortzen dituen arazoak ere. UPV/EHUko azterketa baten arabera, kontsumitutako kaloria-kopurua eta egindako jarduera fisikoa edozein direlarik ere, dietan gantz gehiegi hartzeak sabelaldean gantz gehiago metatzea eragiten du. Azterlana Clinical Nutrition zientzia-aldizkarian argitaratu da, eta Europako Batzordeak finantzatzen duen HELENA azterketaren parte da.
“Orain arte uste zuten ariketa asko egiteak nolabait konpentsatu egiten zuela dieta desorekatua. Azterketa honen bidez frogatu dugu ez dela hala”, azaldu du Idoia Labayenek. Ikertzailea Biologian doktorea da, eta Nutrizio eta Bromatologiako irakaslea, UPV/EHUko Farmazia Fakultatean.
Ikerketaren bidez aztertu nahi izan da zer eragin duen osagai lipidikoak -hau da, dietaren gantz edukiak- sabelaldean gantza metatzearekin. Sabelaldean gertatzen den gantz-metaketa da arriskutsuena osasunerako, arazo kardiobaskularrak, diabetes mellitusa, hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia eta abar izateko arriskua handitzen baititu. Hala ere, ez zegoen aurretiazko lanik dietaren osaera eta sabelaldean gantz gehiegi izatea elkarrekin erlazionatzen zituztenik nerabezaroa bezalako garapen-aldi kritikoan. “Nerabeak arrisku-talde bat dira bizitzeko moduari dagokionez, sasoi horretan beren erabakiak hartzen hasten direlako jan nahi duten eta jan nahi ez dutenari buruz, eta, era berean, askok kirola egiteari uzten diotelako”, esan du Labayenek.
Gantza, faktore garrantzitsua
Helburu horiek ikertzeko, HELENA azterketan parte hartu zuten 224 nerabez osaturiko azpilagin bat aztertu zuten -3.500 baino gehiago ziren guztira-. Gazteen sabelaldeko gantza neurtu zuten, X izpien bidezko absortziometria duala baliatuz, eta ohitura dietetikoak eta jarduera fisikoa ere aintzat hartu zituzten.
Ikertzaile zenbaitek esana zuten gantz ugariko dietak obesitate-arriskua handitu zezakeela, baita kaloria-kantitate osoa handitu gabe ere. Hau da, kontsumitutako kaloria-kantitate totala aintzat hartu gabe ere, dietan gantz-portzentaje handiegia hartzeak gorputzeko gantz-portzentajea handitzea eragin zezakeela.
Azterketa honen emaitzek hipotesi hori berretsi dute, eta frogatu dute dietaren gantz-portzentajea estuki lotuta dagoela sabelaldeko gizentasuna handitzearekin, eta, gainera, harreman hori ez dagoela nerabeek egiten duten jarduera fisikoaren azpian. “Normalean jarduera fisikoa prebentzio-faktorea den arren, kasu partikular honetan ez du lortzen haren eragina indargabetzea”, adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak. Horrenbestez, “emaitza hauek iradokitzen dute dietan hartzen den gantza dela sabelaldeko gizentasunaren arrisku-faktore nagusia nerabeetan, eta ez dagoela jarduera fisikoaren mende”, azpimarratu du Labayenek.
Europako nerabeen osasun kardiobaskularrari eta egiten duten dietari eta ariketa fisikoari buruzko informazioa lortzea da HELENA (HEalthy Lifestyle in Europe by Nutrition in Adolescence) azterketaren helburu nagusia. 2011n, Europako proiektu baten emaitzen zabalkunde onenaren saria jaso zuen Europako Batzordearen eskutik.
Iturria:
UPV/EHU prentsa bulegoa: Gantz-eduki txikiagoa eta ariketa nerabeen dietarako