Asteon zientzia begi-bistan #479

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Elikagaien inflazioa

Ingurumena

Hondakin elektronikoen hazkundeaz ohartarazi du NBEk. Azaldu dutenez, hondakin elektronikoen sorkuntza bost aldiz azkarragoa da birziklapena baino, eta horren ondorioz, hainbat arazo sortzen dira mundu mailan. Kalkulatzen da berreskuratu gabe geratzen diren materialek 57 mila milioi euro balio dutela. Aurreikuspenen arabera, gainera, datozen urteetan hondakin gehiago sortuko dira eta gutxiago birziklatuko dira. Egoera horrek kalte ikaragarria egiten dio ingurumenari. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Dirudunak garestiegiak dira Lurrarentzat. Hala adierazi dute Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Ebidentzia zientifikoetan oinarritutako datuak plazaratu dituzte, eta adierazi dute 2020-2022 bitartean, munduko pertsonarik dirudunen %1ek 2019an gizateriaren bi heren pobreenak isuri zuen karbono dioxidoa adina isuri zutela. Gainera, aipatzekoa da %1 horrek munduan sortutako aberastasunaren ia bikoitza bereganatu zuela. Horrenbestez, egileek argudiatu dute jendeak diru asko pilatzea ekitatea ezinbestekoa dela jasangarritasunerako. Datuak Berrian.

Klima-larrialdia

Ikerketa berri batek ondorioztatu du klima-larrialdiaren ondorioz, urtean 3,2 puntu handitu daitekeela elikagaien inflazioa. Ikertzaileek 1991tik 2020ra bitarteko 121 herrialdetako prezioen hileko indizeak eta datu meteorologikoak aztertu dituzte, eta datu horiek erabiliz, etorkizuneko iragarpenak kalkulatu dituzte. Gainera, emaitzek erakutsi dute, inflazioa mundu osoan izango den arren, gehiago eragingo diela hegoalde globaleko herrialdeei, batez ere Afrikakoei eta Hego Amerikakoei. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Klima-larrialdiak ardoaren geografia aldatuko duela ohartarazi dute. Eremu bakoitzak jasango duen beroketa-mailaren arabera, ekoizpen lurralde asko ez dira ekonomikoki bideragarriak izango mendearen amaierarako. Arabako Errioxa adibidez, arrisku maila “arin” edo “ertainean” egon daiteke. Iberiar penintsularen kasuan, Mediterraneo aldeko eta penintsularen erdialdeko lurraldeak izango dira arrisku gehien izango dutenak. Datuak Alea aldizkarian.

Antropologia

Balkanetako penintsulako lehen milurtekoaren historia genomikoaren lehenengo berreraikuntzan hartu du parte UPV/EHUk. Lan horren ondorioetako bat izan da Balkanak Erromatar Inperioaren muga izan zirela, eta erori baino askoz lehenago hartu zituela Inperioak herri barbaroak. Gainera, emaitzek erakutsi dute VI. mendetik aurrerako herri eslaviarren migrazioa Europa osoko aldaketa demografiko iraunkor handienetako bat izan zela. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran: Balkanetako historia genomikoa.

Argitalpenak

Intsektuen inbentarioa liburua Virginie Aladjidik idatzi zuen eta Oihan Plak euskarara itzuli zuen 2023an. Intsektuei buruz ikasteko liburu aparta da, ez bakarrik irudikapen grafiko ikusgarriak dituelako, baita anatomia, elikadura eta ekologia bezalako hainbat gai tekniko ulerterrazak egiten dituelako ere. Bertan, 65 intsektu espezie biltzen ditu, bai Europakoak, eta baita mundu osokoak ere. Liburu honi buruzko informazio gehiago Zientzia Kaieran: Intsektuen inbentarioa.

Osasuna

Basauriko eskoletako nitrogeno dioxido kantitate handiak aurkitu ditu Sagarrak ekologista taldeak. Ikerketan hiru parametro izan dituzte kontuan airearen kalitatea nolakoa den zehazteko: egungo muga legala, Europako agintariek etorkizunean ezarri nahi duten muga, eta OMEk gomendatu duena. Ikerketaren emaitzek erakutsi dute Basauriko hezkuntza zentro guztietako nitrogeno dioxido kantitateak OMEk gomendatutako maximoa gainditzen duela. Hori ikusita, trafikoa murrizteko neurriak eskatu dizkiote udalari. Datuak Berrian: Arnasketa arazoen eragile.

Medikuntza

EHUren parte-hartzea izan duen ikerketa batek frogatu du odoleko lipidoak COVID iraunkorraren biomarkatzaileak izan daitezkeela. Lipidomikako teknikak eta adimen artifiziala erabilita, plasmako ia 400 lipido desberdinetatik batzuk COVID iraunkorraren ezaugarriekin lotu dituzte. Ikertzaileek gogorarazi dute gaitz horren inguruko ikerketa gehienak fase akutuaren ingurukoak direla, eta COVID iraunkorra nahiko ezezaguna dela oraindik. Emaitza hauek, beraz, ekarpen garrantzitsua dira. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Kimika

Musketa-usaina lurringintzan mendeetan zehar erabili da. Ohikoena, orein musketadun (Moschus moschiferus L.) arraren guruin usain-sortzailearen jariakinetik lortzea zen, baina beste zenbait animaliatan eta landare batzuetan ere auki zitekeen. Orein musketaduna desagertzeko arriskuan egon zen, eta gaur egun, debekatuta eta kontrolatuta dago musketa naturalaren merkataritza. Josu Lopez-Gazpiok azaldu ditu Zientzia Kaieran konposatu horren nondik norakoak, artikulu-sorta baten lehen alean: Musketa-usaina lurringintzan (1): musketa naturala.

Astrogeologia

InSight misioa Marteko jarduera sismikoaren informazio eskaini digun lehenengo izan da. Haren sismometroak 1.300 lurrikara baino gehiago detektatu zituen, eta horietan handiena 2022ko maiatzaren 4an izan zen; 4.7 magnitudekoa. Ikertzaileek zalantza zuten ea lurrikararen jatorria kanpoko gorputz batekin izandako talka bat izan zen, edo planetaren beraren aktibitatea. Azken ikerketen arabera, lurrikararen jatorria tektonikoa izan zen. Datu guztiak Zientzia Kaieran: Marteko lurrikaren zergatia.

Matematika

Judit Muñoz matematikariak emaitza zehaztu gabe duten ekuazioen soluzio posibleak simulatzen ditu ordenagailuz, algoritmo matematikoen bidez. Muñoz BCAMeko doktoretza ondoko ikerlaria da, eta Texasko Unibertsitatean dago orain. Uhin optikoen programazioak lantzen ditu, zuntz optikoak diseinatzeko. Adierazi du bere lanbidean logikak ez ezik, sormenak ere baduela garrantzia, eta inspirazioa behar dela problemen konponbidea lortzeko. Azalpenak Berrian.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.