Endometriosia diagnostikatzeko oztopo lasterketa

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Endometriosia emakumeengan oso ohikoa den gaitz kronikoa da. Hamar emakumetik bati eragiten dio; hau da, Espainian 2 milioi kasu baino gehiago daude, eta mundu osoan 190 milioi bat emakumeri eragiten die. Hala ere, jatorria ezezaguna da: zergatik hasten da endometrioko ehuna, normalean umetokiaren azaleraren barrualdea estaltzen duena, maskuria, obarioa edo ondestea bezalako leku arraroetan hazten? Gaur egun, horren erantzuna misterioa da, eta gaitz horri buruz egin den ikerketa zientifiko urriak ez du lagundu erantzuna aurkitzen.

endometriosia
Irudia: endometrioa umetokia barrutik estaltzen duen ehuna da, eta endometriosia, bestalde, endometrioaren agerpena umetokitik kanpoko eremuetan. (Ilustrazioa: BruceBlaus- Creative Commons 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

8 urte diagnostikoa egiteko

Endometriosia oso ohikoa den arren, gaixotasun arraro bat diagnostikatzeko baino urte gehiago behar izaten dituzte. Endometriosia pairatzen duten pazienteek, batez beste, 7-8 urte itxaron behar izaten dituzte gaixotasuna identifikatzeko, Osasun Ministerioaren datuen arabera. Diagnostikorako atzerapen handi hori, baina, ez da gure herrialdeko fenomeno isolatua, mundu osoan gertatzen baita.

Hain luzez itxaron behar izate horrek ondorioak ekartzen ditu emakumeentzat, urtetan zehar ulertzen ez dituztela sentitu baitezakete, bai eta estigmatizazioa jaso ere, etiketa medikorik ez duen gaitz horrengatik. Denbora guzti horretan, tratamendurik jasotzen ez dutenek askotariko sintomak jasan behar izaten dituzte (batez ere mina, nekea eta haurdun geratzeko zailtasunak), eta kasurik larrienetan bizi kalitatean, lanean eta gizarte harremanetan ere eragiten die. Gainera, gaixotasunak okerrera egin dezake urte horietan. Diagnostikoa egiteko atzerapen horren atzean arrazoi asko daude, eta ez dago oso argi zer neurritan eragiten duen bakoitzak. Duela gutxi, Astoneko Unibertsitateko (Ingalaterra) zientzialariek Obstetrics & Gynaecology aldizkarian argitaratu dituzte endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten hainbat faktoreri buruzko ikerketa baten emaitzak.

Ikerketa gaiari buruzko berrikuspen sistematikoa eta analisi kualitatiboa da, zeinetan azken 20 urteetan herrialde aberatsetan (gehienek osasun arreta unibertsala dute) eginiko 13 artikulu zientifiko aztertu ziren. Endometriosia diagnostikatzeko atzerapena eragiten duten faktoreak osasun sistemaren eta endometriosiaren ezaugarriekin dute zerikusia; eta eragina dute, halaber, influentzia interpertsonalek eta trazu indibidualek. Egileek 4 taldetan sailkatu zituzten gaitzaren diagnostiko goiztiarra egitea eragozten duten oztopoak:

  1. Menstruazio arruntaren sintoma patologikoak bereizteko zailtasuna eta norbera zaintzeko tekniken erabilera.
  2. Menstruazioaren estigma eta min menstrualaren normalizazioa.
  3. Osasunaren profesionalen jarrera jakin batzuk eta ezagutza falta, atzerapena espezialistarenera bidaltzeko orduan, eta azalpen urriak diagnostikatzeko prozesuan ahotiko antisorgailuen erabilerari buruz.
  4. Aldakortasuna sintomen aurkezpenean, beste gaitz batzuekin estaltzen baitira, endometriosia diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzailerik ez egotea, eta diagnostikoaren garrantziari buruzko kezkak.

Endometriosiari buruzko ezagutza urriak

Aztertutako ikerketetan aurkikuntza nabarmena izan zen familia mediku askok aitortzen zutela oso gutxi zekitela endometriosiari buruz. Eta horri gehitzen badiogu gaitz horrengatik ager daitezkeen sintomak aldakorrak eta ez oso espezifikoak direla (beherakoa, idorreria, hileko biziak, neke kronikoa, mina sexu harremanetan, pixa egiteko premia…), oso zaila da diagnostikoa egitea. Beste alde batetik, endometriosia zuten emakume askok eta familia medikuen ehuneko handi batek gaixotasun horrengatiko mina normalizatzen zuten, mina hilekoari egotziz, eta ez osasun arazo bati. Horrek ere gaitzaren jatorria sakon aztertzea eragozten zuen. Horren ordez, emakumeek norbera zaintzeko neurriak aplikatzen zituzten mina baretzeko, onartuta sufrimendu hori hilekoaren ondoriozkoa zela, eta, beraz, jasan behar zuten zerbait.

Endometriosiaren diagnostikoaren atzerapenean eragina duten faktoreak identifikatzea neurriak hartzeko lehen pauso bat da. Horrez gain, endometriosiari buruzko informazioa zabaltzeak, mitoak eraitsiz, atzerapen hori murrizten lagun dezake, arazoa hobeto ulertuko baitugu. Zentzu horretan, Sophie Davenportek, ikerketaren arduradun nagusiak, azaldu du «gizarteak tradizioz normalizatu egin duela menstruazioko mina; eta, beraz, menstruazio anormalak zer diren birpentsatu behar dugu. Sintomek eguneroko bizitzan eragina badute eta emakumea lanera edo eskolara ez badoa edo bere bizitza sozialarekin jarraitzeko gai ez bada, argi dago esku hartze medikoa behar duela». Adituak espero du artikulu zientifikoak «pazienteak anima ditzala laguntza eskatzera beren hilekoak anormalak badira edo min edo sufrimendu nabarnena eragiten badiete; eta klinikoak anima ditzala pazienteen kezkak serio hartzen eta espezialistenera goiz bidaltzen».


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2023ko abenduaren 4an: La carrera de obstáculos para el diagnóstico de la endometriosis.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.