María Fernanda Campa Uranga, geologo iraultzailea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

María Fernanda Campa Uranga geologoaren bizitza Mexikok markatu zuen, bere jaioterriak. Bere ikerketekin ezagutzera eman zuen Amerikako lurralde horren bilakaera geologikoa, eta bereziki Zenozoiko garaikoa, gaur egungo petrolio hobietako asko sortu ziren garaia, orain 65 milioi urte.

Horretaz gain, Campa Urangaren bizitza “gerra zikina” deritzonak markatu zuen, botereak mugimendu sozial eta politikoen kontra jokatutakoak, Campa Uranga oso aktibista ezaguna izan baitzen mugimendu horietan. María Fernanda bere herrialdeko emakumezko lehen ingeniari geologikoa izan zen, eta, berarentzat, zientzia eta iraultza eskutik hartuta joan ziren beti.

María Fernanda Campa Uranga
1. irudia: Campa Urangak hamahiru urterekin Bigarren Mundu Gerrako heroien nobela errusiarrak irakurtzen zituen, eta haren ama Consuelorekin joaten zen langileen mitinetara. (Irudia: Amelia Rivaud Morayta. Iturria: Antropología)

María Fernanda Campa, La Chata ezizenez, 1940ko martxoaren 22an jaio zen, baliabide urriko familia oso berezi batean: haren aita, Valentín, trenbidean lan egiten zuen lider sindikal bat zen, eta hamaika aldiz espetxeratu zuten horregatik; ama, Consuelo, feminista, sufragista eta komunista nabarmena zen, eta horren ondorioz, bera ere egon zen preso, zehazki Belengo kartzela izugarrian. Borroka giro horrek txikitatik markatu zuen María Fernanda neskatoa. Hamahiru urterekin, Bigarren Mundu Gerrako heroien nobela errusiarrak irakurtzen zituen, eta Consuelorekin joaten zen langileen mitinetara.

Hamasei urte zituela, Mexiko Hiriko 1. Eskola Bokazionalean matrikulatu zen (IPN-Institutu Politekniko Nazionalari atxikia), doako prestakuntza hartzeko. Berak gerora aitortu zuenez, ez zuen gehiegi pentsatu geologia aukeratu aurretik. Elkarrizketa batzuetan esan zuen bere asmoa arkitektura egitea zela, baina azken momentuan ez zuela bere burua ikusi mahai baten aurrean planoak marrazten, eta erabaki zuela inork nahi ez zuen beste gai horrekin saiatzea. “Neuk aukeratu nuen geologia. Baina gure lehen irakasleak lortu zuen denok jarraitzea, oso ona baitzen”.

Urte gatazkatsuak ziren, ordea. Mugimendu sozialak bor-bor zebiltzan borrokan alderdi bakarraren –Alderdi Iraultzaile Instituzionala, PRI– boterearen kontra. 1956an Mexikoko armadak IPN hartu zuen, eta La Chata izan zen ezkerreko ikasleen suhartasuna hauspotu zuen gazteetako bat; hain zuzen ere, beste ikaskide batzuekin batera, ikasleen kazeta bat sortu zuen, behin baino gehiagotan kartzelara eraman zuena, geroago oroituko zuenez. Aita preso politikoa izanik, nerabeak oso garbi zeukan bere klase-kontzientzia, eta horrek ikasteko denbora kentzen zion. 1957an lurrikara batek campusa suntsitu zuen, eta horren ondorioz, aktibismo politikorako denbora gehiago izaten hasi zen. Hamazazpi urte zituenerako Mexikoko Alderdi Komunistako kidea zen, eta buruzagi gazte nagusietako bat izatera ere heldu zen. Hori dela eta, Kubara joan zen 1960an. Haren oroitzapen kutunenetako bat zen bidaia hartan Che Guevara eta Fidel Castro ezagutu izana.

Lehen ingeniari geologoa

Hamaika zereginetan sartuta ibili arren, María Fernandak 1958 eta 1962 urteen artean amaitu zuen karrera, aginduta zegoen bezala, eta kalifikazio onekin, gainera. IPN-en ingeniaritza geologikoko titulazioa lortu zuen lehen andrea izan zen. Horren ostean Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan (UNAM) matrikulatu zen masterra egiteko. Hantxe bertan doktoratu zen, zientzietan, 1977an. Handik urte askotara bere arloko irakasle bihurtu zen erakunde horretan bertan, eta horretan jardun zuen erretiroa hartu arte.

Hastapenetako urteetara itzulita, ikasketak amaitu eta gutxira, Pemex petrolio enpresa nazionalak kontratatu zuen geologo aitzindaria. Pemex 1938an sortua zen, Mexikoko presidente Luis Cardenasek agindutako desjabetzearen ostean. Campa Urangak hamarkada batzuk eman zituen enpresa horretan, eta bertan deskubritu zuen, politikarekiko grinaz gain, harriekikoa ere bazuela. Esan izan da La Chatak, bere printzipioen arabera, zentzu ideologiko bat eman ziola lanbideari, beti azpimarratzen baitzuen estatuaren erakunde batentzat egiten zuela lan, eta beti egon baitzen haren pribatizazioaren kontra.

1960ko hamarkadaren amaieran, 1968ko mugimenduetan inplikatzen ari zenean, beste iraultza bat etorri zen, baina kasu horretan planetaren zientzia-geologikora. Lehendabizi, plaken tektonikaren teoria eta kontinenteen jitoarena ezagutu ziren, eta, handik gutxira, eremu estratigrafikoen teoria, Ipar Amerikaren eta beste lurralde batzuen sorrera azaltzen zuena. Horrek liluratu egin zuen María Fernanda, eta buru-belarri sartu zen Mexikoren hegoaldeko eremuak ikertzen. Mesozoikoaren (duela 250 eta 66 milioi arteko garaiaren) eta hurrengo aroaren, Zenozoikoaren, egituraz eta bilakabideaz egindako lanek izen handia eman zioten. Haren ikerketei esker, Mexiko hegoaldeko goiko geruza bost eremu estratigrafikotan banatu zen: Oaxaka, Mixteka, Guerrero, Xolapa eta Juarez. Eredu horrek indarrean jarraitzen du gaur egun ere. Campas Uranga zientzialari emankorra izan zen inondik ere, 200 artikulutik gora argitaratu izanak erakusten duenez.

“Emakumea eta komunista izan behar”

Mexikoko Petrolioaren Erakundea izeneko fundazioarekin kolaboratu zuen, eta haren ekarpena erabakigarria izan zen bertan Hobi Geologiaren Laborategia sortzeko. Hala ere, ez zen libratu jarrera matxistekin lehiatu behar izatetik. Eguneroko ogia izaten zen bere nagusien ahotik “emakumea eta komunista izan behar” bezalakoak entzutea.

María Fernanda Campa Uranga
2. irudia: Campa Uranga IPN-en ingeniaritza geologikoko titulazioa lortu zuen lehen andrea izan zen, eta petrolio enpresa batentzat egin zuen lan. (Irudia: Alfredo Domínguez. Iturria: Proceso)

Urteekin, Mexikoko lurpeko aberastasunen, bereziki petrolioaren, defendatzaile amorratua egin zen, eta giltzarria izan zen Lurraren Zientzien Ikerketarako Mexikoko Erakundea sortzeko. Aldi berean, geologiako lizentziatura Mexikoko bi unibertsitatetan ezartzearen alde aritu zen, 1985ean sortu ziren arte. 2008an Mexikoko Kongresu Legegilera gonbidatu zuten La Chata, babestu beharreko lurpeko aberastasunez hitz egiteko. Bere hitzaldian planetaren ezagutza handia plazaratu zuen eta mexikarren ondarearen defentsa sutsua egin zuen. Gerora, auzitara eraman zuten, adierazpen batzuetan bere unibertsitateko errektore ohiari interes-gatazkak leporatzeagatik. Beste batean Moskura gonbidatu zuten, geologoen nazioarteko kongresu batera, eta berari eta Valentina Tereshkova kosmonauta sobietarrari enkargatu zieten kongresuari hasiera ematea. Valentinak, espaziotik, eta María Fernandak, lurretik.

María Fernanda Campa Uranga 2019ko urtarrilaren 17an hil zen, 78 urte zituela. Mexikoko LXXV. legegintzaldiko diputatuek omenaldia egin zioten eta Mexikoko hedabide askok eman zuten albistea. Hil-oharretan askok esan zuten “historiarekin eta bere garaiarekin konprometitutako emakume bat” izan zela.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia- eta ingurumen-dibulgazioan espezializatutako kazetaria da.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko apirilaren 2an: María Fernanda Campa Uranga, la geóloga revolucionaria.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

1 iruzkina

  • […] María Fernanda Campa Uranga geologo ikertzailea izateaz gain, aktibista ezaguna izan zen Mexikon. IPN-en ingeniaritza geologikoko titulazioa lortu zuen lehen andrea izan zen, eta Mexikoko lurpeko aberastasunen, bereziki petrolioaren, defendatzaile amorratua izan zen. Bere lurraldeko geologiari buruzko 200 artikulutik […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.