Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak ekoitzitako eta José Antonio Pérez Ledok zuzendutako Naturaren Sekretua dokumentala Bizenta Mogel Bibliotekarekin batera antolatutako Zientziaren Ertzetik hitzaldi zientifikoen zikloaren barnean ikusi ahal izango da.
Ikus-entzunezko lan horrek Pedro Miguel Etxenike Euskal Herriko Unibertsitateko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedradunaren, Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidentearen eta Jakiundeko (Euskal Herriko Zientzien, Arteen eta Letren Akademia) ohorezko presidentearen bizitza eta lana ezagutzeko aukera da.
Dokumentala zientziaren garrantziaz hitz egiteko ariketa bat da. Izan ere, Etxenikeren hitzetan, zientzia “etorkizun justuago eta gizatiarrago baten itxaropena ematen digun hazi eraldatzailea da. Kulturalki garrantzitsua, ekonomikoki erabakigarria eta estetikoki ederra da”.
Horrela, 55 minutuko iraupena duen lanean, Etxenikek zientziaren inguruan egindako hausnarketak azaltzen dizkio ikusleari, zientzia zer den eta zertan datzan hausnartuz.
José Antonio Pérez Ledo dokumentalaren zuzendariaren ustetan, Etxenikeren komunikatzeko modua oso garrantzitsua da dokumentalean. “Lilura, harridura eta umorea ideiak transmititzeko tresna bikaina direla dakien zientzialariaren tonua da. Emozioak arrazoi gorenaren edukitzailerik onena direla dakienarena. Horregatik elkarrizketan Etxenikek hamarkadetan zehar landutako teoriak modu liluragarrian eta pasioz garatzen ditu”, azpimarratzen du Pérez Ledok.
Naturaren Sekretua dokumentalaren proiekzioa Jone Guenetxea Anboto astekariko zuzendariak gidatutako solasaldirako abiapuntu izango da. Bertan, bertaratutakoek Etxenikerekin hitz egin ahal izango dute eta planteatutako hausnarketetan lagundu.
Proiekzioa eta solasaldia azaroaren 15ean, ostirala, egingo dira 18:30ean Durangoko San Agustin Kulturgunean.
Zientziaren Ertzetik: Naturaren Sekretua dokumentalaren emanaldia eta Pedro Miguel Etxenikerekin solasaldia
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:00etara
- Tokia
- San Agustin Kulturgunea
- Helbidea
- Sanagustinale kalea, 12, Durango