Ekuadorreko petrolioaren irabaziak ipar globalera doaz hein handi batean

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

UPV/EHUko Life Cycle Thinking ikerketa-taldeak Ekuadorreko bi bloketatik ateratako petrolioaren eraginak aztertu ditu, eta ondorioztatu du diru-sarreren % 21 geratzen dela bertan. Ikerketak azalarazi duenez, onura ekonomikoen gehiengoa kanpora joan arren, batez beste, ingurumen inpaktuen % 19,6 Amazoniak sufritzen du. Bestalde, erauzketen ondorioz indigena-komunitateetan kultura-eraldaketak gertatu direla antzeman du azterketak.

Egindako ikerketak erakutsi du Yasuni Parke Nazionaleko 16. eta 67. blokeetako petroliotik sortutako diruaren % 79 herrialde aberastuetara doala: % 20 erauzketa-enpresek irabazten dute; % 21 findegiek zein banaketa-bitartekariek; eta % 38 Espainiako Gobernuak, zergen bidez. “Baliabidearen jatorrizko herrialdean, Ekuadorren, diru-sarreren % 21 soilik geratzeak agerian uzten du onuren eta kalteen banaketa ez dela ekitatiboa. Gure ikerketak zenbakitara ekarri du petrolioaren ustiapenak ipar eta hego globalean dituen ekonomia- eta ingurumen-inpaktuen banaketa desorekatua”, azaldu du Ortzi Akizuk, lanaren ikertzaileetako bat.

petrolioaren
Irudia: 16. eta 67. blokeetako petrolio gordina erauzteko eta garraiatzeko prozesuak eta lekuak. (Iturria: Eugenio, C. et. al.)

Izan ere, ez diote irabazi ekonomikoei bakarrik erreparatu. Ekuadorreko bi putzu horien 24 urteko ustiapenaren aztarna ekologikoa ere neurtu dute, eta ondorioztatu dute, batez beste, produkzioak eta kontsumoak eragiten dituzten ingurumen-inpaktuen % 19,6 zuzenean Amazoniak berak pairatzen dituela.

Emaitza horiek lortzeko, petrolioaren bizi-zikloaren analisia erabili dute UPV/EHUko ikertzaileek. Bereziki, ibilgailu pribatuetako erregai modura erabiltzen dugunean sortzen den karbono-aztarna neurtu dute. Hau da, Yasuni Parke Nazionaleko bi bloke horietatik petrolioa erauzten den unetik, findegietara garraiatu, bertan tratatu, gasolindegietara banatu eta autoetako ihes-hoditik irten arte sortzen diren CO2-emisioak kuantifikatu dituzte. Emaitzen arabera, isurien % 38,7 zuzenean ibilgailuek motorra martxan mantentzearen ondorioz eragiten dira; % 37,1 ibilgailua eta azpiegiturak eraikitzerakoan; eta % 24,3 erauzketa-, fintze- eta banaketa-lanetan.

Akizuk, datu hauen bidez, azken kontsumitzaileen kontzientzia piztea nahiko luke: “Agerian geratzen da gidarien erantzukizuna handia dela. Askotan ihes-hoditik irteten den CO2-ari bakarrik begiratzen diogu, baina ohartu behar dugu gidatzeko ekintzaren ingurumen-aztarna luzeagoa dela eta beste herrialde batzuetan ere sortzen direla kalteak. Ez gara enpresa pribatuek eta gobernuek sortutako eredu energetikoen arduradunak, baina aldaketarako agente izan gaitezke”.

Inpaktu soziala indigena-komunitateetan

Ingurumenean izandako eraginaz gain, Yasuni Parke Nazionaleko erauzketek tokiko talde indigenengan duten inpaktu soziala ere aztertu du UPV/EHUko ikerketak. Waorani etniako taldeen buruzagiekin elkartu dira eta zenbait kultura-eraldaketa antzeman dituzte. Besteak beste, menpekotasun ekonomikoa eta zenbait ohituren galera. Bestalde, ondorioztatu dute Amazonian petrolioa ustiatzeak alkoholismoaren agerpena eta genero-biolentziaren gorakada ekarri duela. “Baina azterketa egiterakoan ikusi dugunez, enpresek eta gobernuek, ez dituzte kuantifikatzen kalte sozial horiek. Ezta ingurumenari dagozkionak ere. Apropos egiten dute, eraginak ez neurtzeak inpaktuak egiten jarraitzeko aukera ematen duelako eta kuantifikatu gabeko kalteen konpentsazio arbitrarioa ahalbidetzen duelako”, argitu du Akizuk.

Ikerketak ekarpena egin du eraginak ezagutzeko lehen urrats horretan, baina egileak azpimarratu du pauso gehiago eman behar direla. Esaterako, proposatzen du gasolindegietan petrolioaren jatorria jartzen hastea: “Erosten dugun fruta nongoa den galdetzera ohitu garen bezala eta bertako sagarrengatik bikoitza ordaintzeko prest gauden bezala, begira dezagun ibilgailuei botatzen diegun erregaia nondik datorren eta zer modutan produzitzen den. Euskal gizarteak badauka egungo eredu energetikoan aldaketak sortzeko potentziala”.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Ekuadorreko petrolioaren irabaziak ipar globalera doaz hein handi batean.

Erreferentzia bibliografikoa:

Eugenio, Cinta; Montoya-Torres, Jacid; Akizu-Gardoki, Ortzi; Urkidi, Leire; Villalba-Eguiluz, Unai; Larrea, Carlos; Pappuccio, Sylvia; Calle-Calderón, Angélica; Quirola, Dania. Environmental impacts of oil extraction in blocks 16 and 67 of the Yasuní Reserve in the Amazonian Forest: Combined qualitative and Life-Cycle Assessment. Science of The Total Environment, 950. DOI: 10.1016/j.scitotenv.2024.175189

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.