Otsailaren 12an Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Zirkulu Eszeptikoak Darwinen Egunaren edizio berri bat antolatu dute Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Saioak bi hitzaldi izango ditu, alde batetik, giza espezie desberdinen bizikidetza, eta bestetik, altruismo sozialaren jatorria jorratuko dira. Hitzaldien bidez, eboluzioa ardatz hartuta, gure espeziearen berezitasunaren gaineko begirada zabaltzea izango da helburua.
Darwinen Egunak Charles Darwin biologo eta geologo ingelesaren jaiotza gogoratzen du otsailaren 12an. 1809an jaio zen, eta ‘Espezieen jatorria’ liburua eta eboluzioari buruzko teoria 1859an argitaratu ondoren, historiari lotuta geratu da. Honi esker badakigu izaki bizidun guztiak arbaso komun batengandik gatozela, espezieak denboran zehar aldatzen direla, horri eboluzioa deitzen zaiola, eta hautespen naturala deitzen diogun mekanismo baten eraginez gertatzen dela.
Egitaraua
Darwinen eguneko programak bi hitzaldi izango ditu. Lehena, Conchi de la Rúa Euskal Herriko Unibertsitateko Antropologia Biologikoko katedradunak emango du, eta, bigarrena, Ignacio Martínez Alcalako Unibertsitateko Antropologia Fisikoko katedraduna eta Mercedes Velasco Alcalako Unibertsitateko Antropologia Fisikoko doktorea.
Conchi de la Rúak “La huella de especies humanas del pasado en nuestro genoma” (Iraganeko giza espezieen arrastoa gure genoman) hitzaldia emango du eta Ignacio Martínezek eta Mercedes Condek “Primate altruista” izenburua duen mintzaldia eskainiko dute. Mintzaldietan hizlariek gaur egun giza eboluzioaren esparruan egiten ari diren ikerketen emaitzak erakutsiko dituzte, horiei esker, gure espeziearen historia eta gizakien berezko ezaugarri batzuen sorrera ulertzeko aukera baitugu.
Edukia
“La huella de especies humanas del pasado en nuestro genoma” (Iraganeko giza espezieen arrastoa gure genoman) hitzaldian Conchi de la Rúa UPV/EHUko ikertzaileak azalduko du DNA fosilaren azterketari esker jakin ahal izan dela iraganean giza espezie ezberdinen arteko hartu-emanak egon zirela. Paleogenomikari esker, jakina da neandertalak eta denisovarrak duela 40 000 urte inguru, Afrikatik hainbat migrazio-boladaren ondoren Eurasiara iritsi ziren lehen sapiensekin bizi izan zirela.
“Primate altruista” hitzaldian Ignacio Martínezek eta Mercedes Condek, Alcalako Unibertsitateko ikertzaileek, biologia ebolutiboan gehien eztabaidatu den gaietako bati ekingo diote: altruismoaren jatorria. Altruismoa gizakion ezaugarri berezienetako bat da, eta haren eboluzio-historia ezagutzea garrantzitsua da gizateria ulertzeko. Altruismoaren jatorriak zerikusi zuzena du pertsona kalteberen edo zaurgarrien zaintzarekin. Alderdi hori erregistro fosilean aztertu daiteke, eta auzi horri buruzko argitasun gehien ematen duten giza fosilak Espainiako bi aztarnategitan agertu dira: Atapuercan (Burgos) eta Cova Negran (Valentzia).
Hizlariak
Concepción de la Rúa Vaca Medikuntzan eta Biologian lizentziatua da, eta Antropologia Biologikoan katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da, eta bertan, DNA zaharra ikergai duen laborategi bat sortzea sustatu zuen, arlo honen hastapena izanik. Euskal unibertsitate-sistemako UPV/EHUko Giza Biologia Ebolutiboa ikerketa-talde finkatuaren zuzendaria era bada. Bere ibilbide profesionalean diziplinarteko ikerketa-proiektuak garatu eta gidatu ditu, eta, besteak beste, antzinako gizakien ikerketa paleogenomikoetan nabarmendu da. Gaur egun, otsoaren etxekotzeari buruzko proiektu batean ari da lanean.
Ignacio Martínez Mendizabal Antropologia Fisikoko katedraduna da Alcalako Unibertsitatean. 1984tik Atapuerca mendilerroko Pleistozeno Aztarnategien ikerketa-taldeko kidea da. 1997an Asturiasko Printzesa Saria jaso zuen ikerketa zientifiko eta teknikoko arloan. Ibilbide luzeko profesionala da eta aditua da giza eboluzioaren arloan. Hainbat inpaktu-artikulu zientifikoren egilea eta nazioarteko proiekzioko hizlaria ere bada. Besteak beste, ‘El primate que quería volar’ liburuaren egilea da eta, Juan Luis Arsuagarekin batera, ‘La Especie Elegido’, ‘Amalur’ eta ‘Atapuerca y la Evolución Humana’ liburuak argitaratu ditu.
Mercedes Conde Valverde Antropologia Fisikoan doktorea da eta Alcalako Unibertsitateko Bizitza Zientzien Saileko irakaslea da. Otoakustika Ebolutiboa eta Paleantropologiako Ikerketa Katedra (HM Ospitaleak – Alcalako Unibertsitatea) zuzentzen du, Binghamton University-ko (SUNY-USA) Antropologia Saileko ikertzaile afiliatua da, eta Buenos Airesko Unibertsitateko irakasle gonbidatua ere. Atapuercako ikerketa-taldeko kidea da 2012tik, eta bere ikerlanaren ardatza entzumenaren eboluzioa eta hizkuntzaren jatorria aztertzea izan da. Besteak beste, ospe handiko aldizkarietan argitaratutako artikulu zientifikoetan parte hartu du eta ‘El lenguaje. En busca de las primeras palabras’ liburuaren egilea da.
Xehetasunak
2025eko Darwinen Egunak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eta ‘El Correo’ egunkariaren laguntza du, eta otsailaren 12an izango da, 18:30ean, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte, eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da KulturguneaTB kanalaren bidez.
Darwinen Egunean mintzagai gure espeziearen berezitasuna eboluzioaren bitartez
- Data
- Ordutegia
- 18:30etatik 20:30etara
- Tokia
- Bidebarrieta Liburutegia
- Helbidea
- Bidebarrieta, 4, Bilbo