Botanika britainiarra edertzen (II): Stella Ross-Craig

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Londres hego-mendebaldean dagoen Kew Gardens edo Kew Errege Lorategi Botanikoa munduko lorategi botaniko garrantzitsu eta ederrenetako bat da. Lorategiak, halaber, izen handiko aldizkari bat du, Curtis’s Botanical Magazine, 1787an sortutakoa. Bertan jasotzen dira espezie asko eta asko, irudi ederrez lagunduta; irudi horien xedea da testua osatzea eta hari bizitza ematea.

Aurreko artikulu batean, Matilda Smith (1854-1926) ilustratzaile handia aipatu genuen. Hura izan zen aldizkarian lan egin zuen lehen emakumezko artista ofiziala, eta bidea ireki zien beste emakumezko marrazkilari handi batzuei. Besteak beste, artea eta zientzia uztartzeko gaitasun zail hori zuten bi zientzialari bikain gogorarazi nahi ditugu artikulu sorta honetan: Lilian Snelling (1879–1972) eta Stella Ross-Craig (1906-2006).

Ross Craig
1. irudia: Stella Ross-Craigek ospe handia lortu zuen artista botaniko gisa bere garaiko adituen artean eta publikoaren aurrean. (Iturria: Mujeres con ciencia)

Baina, jarraitu aurretik, adierazi behar dugu ilustrazio botanikoa mendetako historia duen tradizio zientifikoa dela. Marraztu nahi den objektua xehe-xehe behatu behar da, eta organismoa zehaztasun eta doitasun handiz marraztu, lamina batean islatzeko. Hau da, estetika xede hutsekin loreak marrazteaz oso bestelako jarduera da. Alice R. Tangerini Estatu Batuetako ilustratzaile botaniko ezagunak hainbat aldiz argitu duenez, «jarduera horren helburu nagusia da landare bat marraztea doitasun eta zehaztasun maila handiarekin, gutxienez generoa eta are espeziea ezagutzeko adinakoarekin».

Stella Ross-Craig (1906-2006)

Stella Ross-Craig Londresen jaio zen 1906ko otsailaren 6an. Gurasoak Eskoziakoak zituen, eta bere aita botanika maite zuen kimikari bat zen. Txikia zenetik, aitaren eskutik ikasi zuen inguruko loreei buruz; ibilaldi luzeak egiten zituzten elkarrekin, bizi izan ziren lekuen inguruneetan. Nebak marrazten irakatsi zion, Peter Marren idazle, kazetari eta naturalistak adierazi duenaren arabera, eta lau urte zituela egin zituen loreen lehendabiziko marrazkiak.

Stella gaztearen landareekiko interesak hazten jarraitu zuen, eta 18 urterekin beka bat eman zioten Chelseako arte eskolan (Londres) ikasteko (Chelsea College of Arts). Prestakuntza bikaina jaso zuen artearen zein botanikaren esparruetan. Ezagutza handiak zituen, bai eta marrazteko aparteko gaitasuna ere, eta horri guztiari esker, 1929an, 23 urte besterik ez zituela, ilustratzaile botaniko eta taxonomo gisa hasi zen lanean Kew Errege Lorategi Botanikoan. Eta han aritu zen lanean 30 urtez baino gehiagoz, 1960an erretiratu zen arte.

Marrazten zituen laminak kalitate handikoak zirenez, laster hasi zen kolaboratzaile gisa Curtis’s Botanical Magazine aldizkari ospetsuan. Han ezagutu zuen Lilian Snelling, eta Female Botanists webgunearen arabera, elkarrekin oso balorazio ona jaso zuten lan ugari egin zituzten. Garai hartan ezagutu zuen, halaber, bere senarra izango zena, Robert Sealy. Bikotea Kew Errege Lorategi Botanikotik oso gertu bizi zen. Ahal zuten asteburu guztietan landa eremuetara joaten ziren basoko loreak biltzera, askotan beste botanikari batzuekin batera. Txango horietan, zientzialari eta artistak ale ugari bildu zituen, gerora sailkatu eta zehaztasun handiz marrazten zituenak.

Ross Craig
2. irudia: Landare britainiarren marrazkiak serieetako baten azala. (Ilustrazioa: Stella Ross-Craig. Iturria: Mujeres con ciencia)

Ross-Craigek aintzatespen handia jaso zuen bere marrazki bikainengatik eta Britainia Handiko tokiko florari buruz eginiko xehetasun handiko azterlanengatik. Eta material hori guztia Drawings of British Plants izeneko liburuan argitaratu zuen 1948an. Catherine Haines artean espezializatutako idazle zientifikoaren arabera, egileak bildutako aleak oinarri hartuta eginiko ilustrazioak eta Kewko herbariotik hartu eta disekatutako beste zenbait ale jasotzen zituen liburuak. Gerraosteko joera demokratikoari jarraikiz, liburuaren lehen aleak kostu txikiko sakelako formatuan argitaratu ziren, publiko zabalak eskuratu ahal izateko. Eta, aldi berean, antzeko liburuen edizio bat argitaratu zen, baina luxu handiagokoa, profesionalei eta zale aberatsei zuzenduta.

Catharine Hainesek, beste egile batzuen artean, adierazi du Stella Ross-Craigek lan handia egin zuela Drawings of British Plants proiektuan 1973ra arte. Amaitutakoan, obra handi hori 31 bolumenek eta 1300 lamina baino gehiagok osatzen zuten. Zientzialariak britainiar uharteetako landare loredun guztiak jaso zituen bertan, gramineoak izan ezik. Bere garaian, egileak adierazi zuen lana dibertigarria izan zela, baina nahiko gogorra. Marrazkiak zuri-beltzezkoak ziren, xehetasun handikoak, eta doitasun zientifiko handikoak. Baina, horrez gain, hain ederrak ziren, non egun ere benetako altxor botanikotzat hartzen ditugun. Obra aspaldi agortu zen; bildumagileen eskuetan besterik ez dago.

Stella Ross-Craigek ospe handia lortu zuen artista botaniko gisa bere garaiko adituen artean eta publikoaren aurrean. Wilfrid Blunt (1901-1987) idazle entzutetsu eta arte botanikoko autoritate nagusiak, Art of Botanical Illustration bere obra handia idatzi zuenean, berariaz agindu zizkion laminak Ross-Craigi. Obrak barne hartuko zituen marrazki guztiak artistak egiteko eskatu zuen. Eta, horren ondorio gisa, 1950ean (lehen edizioa) liburu ilustratu zoragarria argitaratu zuten. Peter Marrenen arabera, Bluntek honako hau utzi zuen idatzita artistari buruz: «Stella Ross-Craigek zuri-beltzean eginiko ilustrazio zientifikoek ez dute parekorik, jakintza eta doitasuna erabiliz ezagutza botanikoak eta marrazki teknikorako gaitasun handia konbinatzen baititu».

Bizi osoan zehar, Ross-Craigek 3000 landare espezie inguru marraztu zituen; guztiak ziren akuarelak, olio pintura ez baitzitzaion gustatzen. Koloretako 333 lamina egin zituen Curtis’s Botanical Magazine aldizkarirako eta Royal Horticultural Societyren aldizkarirako, bai eta beste 400 ilustrazio inguru ere Hooker’s Icones Plantarumerako. Horrez gain, The Flora of Tropical East Africa (1963) ere ilustratu zuen, gaiari buruzko obrarik zabalenetako bat. Eta orkideen 60 aleko sail bat ere egin zuen, egun Kewko bildumetan dagoena.

Adierazi beharra dago artista botanikoak askotariko sariak eta aintzatespenak jaso zituela. Horren adibide dira honako hauek: 1948 eta 1974 artean Linnean Society ospetsuko kide izan zen; 1999an, Kew International Medal domina baliotsua eman zioten, eta ohore handi hori jaso duen seigarren pertsona izan zen; aurrerago, 2003an, 95 urte zituela, Royal Botanic Garden Edinburgh lorategi botanikoan artistaren berrogeita hamabost jatorrizko ilustrazio jarri ziren ikusgai erakusketa batean (arrakasta handiko erakusketa izan zen; Kew Gardensen jarri zuten aurrerago, eta han ere arrakasta handia izan zuen).

Stella Ross-Craig 2006an zendu zen, 100 urte bete baino bi aste lehenago. Egun, Britainiako ilustrazio zientifikoaren erreferente handienetako bat da. Ekarpen handiak egin zituen, eta bere lanak inspirazio izan dira hura bezala landareen edertasunarekin maiteminduta dauden pertsona askorentzat.

Iturriak:

Egileaz:

Carolina Martínez Pulido Biologian doktorea da eta La Lagunako Unibertsitateko Landare Biologiako Departamentuko irakasle titularra. Bere jarduera nagusia dibulgazio zientifikoa da eta emakumeari eta zientziari buruzko hainbat liburu idatzi ditu.


Botanika britainiarra edertzen artikulu-sorta:

  1. Botanika britainiarra edertzen (I): Lilian Snelling
  2. Botanika britainiarra edertzen (II): Stella Ross-Craig

Mujeres con Ciencia blogean 2024ko uztailaren 31an argitaratu zen artikulua: Lilian Snelling y Stella Ross-Craig: embelleciendo la botánica británica.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.